Wyomig y Los Insolventes |
Arrakastaren aurpegia dugu hau. Jose Miguel
Monzón, “El Gran Wyoming”. Egunez egun bere audientzia markak apurtzen dituena.
Aspaldian lortu zuen bere mitoa indarrean jartzea, trantsizio garaian TVEko
agintariek haren lehenengo saioa tupustean programaziotik kendu zutenean.
Aurrerantzean zenbait eskaintzatan ikusi dugu, normalean publikoaren erantzun
ederra lortuz. Antza umorezko saioak egiten ditu, baina horrek ez du esan nahi
programa ‘arinak’ direnik. ‘Caiga Quien Caiga’ saioan zenbait politikari eta
artistari egiten zitzaizkien galderak ez ditugu beste inon erraz ikusi.
‘Umorezko’ espazio batean izateagatik hain zuzen ere, kazetariek beste formatu
batean egingo ez lituzketen galderak egitera ausartzen ziren. ManuelFragak bertan erantzun behar izan zion
erreportari bati Gasteizko hildakoei buruz -1976ko istiluak- eta EsperanzaAguirrek saio honi zor dio, onerako eta txarrerako, bere ospea, askotan onartu
duen legez. Aipagarria
benetan horien artean sortu den harremana. Politikari madrildarra ez litzateke
horren ezaguna izango Wyominen laguntzagatik izan ez balitz, baina ezbairik ez,
‘El Intermedio’ saioarentzat galera itzela izango da politikari hau lehen
lerrotik desagertzea. Izan ere azkeneko asteetan ikusi duguna bien arteko lehia
zuzena izan da. Wyoming politikariaren errenta-aitorpenari buruzko txantxak egiten
hasi zenean, Aguirrek bortitz erreakzionatu zuen: ‘nik ez dut nire aitormena
erakutsiko, horixe baino ez nuen behar, Wyomingek erakutsi dezala berea,
ausartzen bada’. Komikoaren erantzuna -gidoilarien laguntzaz agian- ezin
sarkastikoagoa izan zen: ‘Nik askoz gehiago irabazten dut eta egunero ordu bete
bat lan egin behar dut horretarako. Baina jendeak ez die komikoei gardentasuna
eskatzen, politikoei baizik. Esperanza, komikotzat hartzen ote duzu zure burua?’.
Hauteskundeen aurreko azken ostiralean ‘Wyoming
y los Insolventes’ taldea Bilboko Kafe Antzokian izan genuen. Aretoak egundoko
betekada erakutsi zuen rock-historiaren klasikoak entzuteko eta artistarekin
batera ahots batez kantatzeko. Aguirre ere, nola ez, aipatua izan zen jendetzak
akuilatuta eta bertan, giro beroak lagundurik, ‘abeslariak’ bere iritzia eman
zuen gordin: ‘Me cae mal’ -aitortu zuen- ‘Madrilen galdetuz gero, denek esango
dizute berdin. Inork ez dizu esango bozkatuko dionik, baina gero beti irabazten
du’. Oraingo honetan ez dago oso garbi irabazi edo galdu duen. Bakoitzak ikus
dezake botila erdi betea edo erdi hutsa, baina ezbairik gabe, boto galera
garbia izan du eta ez du ematen alkate izateko aukera izango duenik. Madrilgo
‘Puerta del Sol’en bildutako ‘Podemos-en’ kontrako manifestariek argi eta garbi
zuten erruduna zein zen. ‘La Sexta’ kateko kazetarien kontra zakar aritu ziren,
Wyominen aurkako irainak oihukatuz,
berriro ere komikoari omen dituen etxebizitzak aurpegiratuz. Bitxia
benetan zenbait umoregile hartzen ari den papera. ‘El Follonero’ izandako Jordi
Evolek elkarrizketatua izateak kartzela zigorra eragin dezake (Balear Erkidegoko
presidenteari, Jaume Matasi gertatu zitzaion bezala) eta Wyominen ikusmiran
egoteak boto galera itzela ekar dezake. Gure
Beppe Grillo sortzeko bidean ote?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina