Athleticek Kopako finala galdu ondoren, sarean
hedatutako mezu batean honako hau irakur zitekeen: “gabarra gurasoak dira”. Eta
bai, gurasoon kontua bihurtu da behintzat -nahiz, sinistu nazazue, nik
ikusi azken gabarraren harrera eta irratirako eman beste lankide batzuekin
batera, ametsa ote zen askotan nire buruari galdetuz. Mezu horretatik abiatuta,
malenkoniak jota, gurasoen zerrenda galanta hasi nintzen eratzen. Udaletxeak
eta diputazioak osatzeko negoziazioetan jarritako ‘marra gorriak’ gurasoak
dira. Trantsizioa eta autonomia-estatuak
gurasoak dira -zaharkitutako gurasoak-. Energia alternatiboak gurasoak dira.
Kontrakultura gurasoak dira. Rock, punk, heavy, indie, folk… gurasoak dira.
Europar Batasuna gurasoak dira. Giza eskubideen aldarrikapen unibertsala
gurasoak dira. M-15 eta ‘espainiar iraultza’ gurasoak dira. Egile-eskubideak
gurasoak dira. Zibilizazioen aliantza gurasoak dira. Gure zergetatik % 0’7
hirugarren mundurako kanpaina, gurasoak dira. Euskal uda gurasoak dira. Zikoina
gurasoak dira. Birziklapena gurasoak dira. Marxismo-leninismoa gurasoak dira.
Eskubide zibilak gurasoak dira. Errepublika gurasoak dira. Kantautoreak
gurasoak dira. Rolling Stones gurasoak dira -eta aitonak ere bai-. Maitasun
librea gurasoak dira. Eskubideen eta aukeren berdintasuna gurasoak dira.
Hauteskundeak gurasoak dira. Prentsa librea gurasoak dira. Risto Mejide
gurasoak dira. Hirurogeiko, laurogeiko eta gainerako hamarkada miragarriak
gurasoak dira. Laranja erdia, etengabeko maitasuna gurasoak dira. Jimenez del Oso, Uri Geller, Iker Jimenez, gurasoak dira. OHEak, estralurtarrak,
parapsikologia gurasoak dira -eta gurasoak askotan estralurtarrak gara gure
seme-alaben begietara-. Aberria -aberri guztiak- gurasoak dira. Ongizate
Estatua gurasoak dira. Heziketa eta osasun publikoa gurasoak dira. Tourra,
giroa eta abar, gurasoak dira. Boxeoa
gurasoak dira. Eurobisioa gurasoak dira. Homeopatia gurasoak dira. Antipsikiatria
gurasoak dira. Atzerritarrik gabeko Athletic gurasoak dira. Nobel Sariak
gurasoak dira. Garapen jasangarria gurasoak dira. Espazioko konkista gurasoak
dira. Amazoniaren babeserako kanpainak gurasoak dira. Berreuskalduntze prozesua
gurasoak dira. Bake prozesua gurasoak dira. Bakerako atomoak gurasoak
dira. Milurtekoko Garapen Helburuak
gurasoak dira. Abiadura Handiko trena gurasoak dira -ez baita abiadura handikoa
izango-. Kristau-demokrazia eta liberalismoa gurasoak dira -eta neoliberalismoa
euren seme makarra-. Matias Pratsen deskontua gurasoak dira. Hitzarmen
kolektiboak gurasoak dira -batik bat azken lan-erreformaren ondorioz-. Ama
Birjinak gurasoak dira. Hipsterrak eta ‘gafapastak’ gurasoak dira. Botereen
banaketa gurasoak dira. Ordaindutako erretiroa gurasoak dira -edo hori da orain
saldu nahi digutena-. Europa eta Estatu Batuak negoziatzen ari diren
merkataritza librearen hitzarmena gurasoak dira -edo hobeto esanda AEB aita da
eta gu, baietz ‘lehengusu ttikiak’ izan-. Askapenaren eliza gurasoak dira, izan
ere erlijioak eta Jaungoikoa bera gurasoak dira
-Ala izan ezik, badaezpada ere- .
Baina, hara, erregeak dagoeneko ez dira gurasoak. Ederki gaude!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina