Joseba Asirón, Iruñeko Alkatea, jaendetzari agure egiten |
A zer egun ederrak, pasatakoak, fikziozko argumentu
borobilak eratzeko. Gidoi on batek izan behar dituen ezaugarri guztiak biltzen
dira hemen: amodioa, mendekua, traizioa... Izenburu ugari datozkit burura:
“Alkate oheratu eta zinegotzi altxatu zen gizona”(edo alderantziz, nahi izanez
gero). “Boto Zuria, intentzio beltza”, “Zinegotzi txiki-handia”, “Boto
eskukada batengatik”... Bitxiak, baita ere, honelakoetan ematen diren
titularrak. Irabazi arren gehiengoa lortu ez duenak dio: “Eskua zabalik
daukat”. Alderdi askoren arteko paktu batengatik alkatetza galdu duenak: “Demokraziaren
kontrako atentatu bat da hau”. Arrazoi berdinagatik alkatetza irabazi duenak:
‘Batzuek ez dute ulertzen demokrazia akordioen jokoan oinarritzen dela’.
Ezusteko galant bategatik ezusteko alkate bihurtu denak: ‘Denon alkatea izan
nahi dut’... Beste hauteskunde batzuk baino askoz entretenigarriagoak izan dira
hauek eta batik bat politika-kuxkuxeroen gustukoenak dira. Gainera
badirudi batzuetan esaera zahar hori inoiz baino gehiago egikaritzen dela: ‘Kontuz
desiratzen duzunarekin, betetzea gerta daiteke eta’. Vaya Semanita telesaioan,
Donostiako alkate ohia poz-pozik antzeztu zuten ‘kriston marroia’
gainetik kendu zuelako, 2016ko Kultura-hiriburutza beste arduradun baten
eskutan izango baita. Eta zer esan hurrengo Sanferminez. Egongo al da ikurrina balkoian,
beste banderen parean?, Izango al da istilurik gabeko Riau-Riau bat? Baina
oparirik pozoitsuena Madrilen gertatu da: Polizia Podemosen eskuetan. Imajina
dezaket nola egongo diren pozez txoratzen zenbait hedabideren erredakzioetan.
Azken finean, jakina denez, mitinetan botatako bost ogerlekoko egiak,
erdira etortzen dira praktikan jartzeko orduan. Gauza bat predikatu, beste bat
praktikatu, esaera zaharrak dioen bezala.
Negoziazio prozesuan prentsan ikusi dudan islarik onenen artean
Forgesen txiste bat zegoen. Begi-zulo ederrak daramatzan tipo bat etxetik
irteten ari da, bere bikotea ematen duenak
honela dio: ‘boto gehien lortu duen hautagaia, hiru marra gorri dituzu
ipurmasailean’ eta berak; ‘Horrelakoak dira negoziazioak’. Lehenengo egunetan
marrazten diren marra gorri horiek, azken egunetarako intentzio-deklarazio
batean gera daitezke. Nire lankide Joserra Morejonek, larunbatero ekartzen
dizkigu iraganeko lekukotzak ‘Cinta Abierta’ Radio Euskadiko irratsaioan. Joan
den larunbateko saioan, orain dela hogeita bost urteko alkateen adierazpenak
aditzeko aukera eman zigun. Harrigarria. Ahotsengatik izan ezik, gaur egungoak
zirela ematen zuen. “Gure erronkarik handiena politika-jardunaren berrikuntza
da”. “Bermatu behar dugu herritarren benetako partaidetza”.
“Ustelkeriaren kontrako borroka da gure lehentasuna”. Garaiko euskal hirietako alkateen
intentzio-adierazpenak eta egunotan aditzen direnak, guztiz antzekoak dira. Orain baditugu batzuk “politika zaharra”
salatuz datozenak. Ez dakit nik hemendik hogeita hamabost urtera horren
‘berria’ ikusiko den, gaur iragartzen dutena. Niri behintzat “Politika Berria”
entzun eta Mein Kampf liburuaren ale bat agertzen zait sudur aurrean. Ezin
dut saihestu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina