NIRE BORROKA
|
Adolf Hitler 1929.urtean |
|
Bai, nik
bai, argitaratuko nuke. Areago. Nire ustez beharrezko irakurketa izan behar
luke lehen hezkuntzan. Eta ez, ez da probokatzailearen plantak egiteagatik, ‘Mein Kampf’ lehenengoz irakurri
nuenetik jarrera honi eusten diot. Egunotan egundoko eztabaida sortu da
Alemanian nazismoaren idatzirik esanguratsuena poltsiko-edizioan argitaratu
nahi delako. Egia esan, ulertezina egiten zait halako iskanbila, gaur egun bi
kliketan liburu osoa interneten irakurgai baitago.
Madrilgo bigarren eskuko liburuen feria batean aurkitu nuen nik aspaldi.
Joan den mendeko hogeita hamarreko hamarkadako edizio argentinarra zen eta ez
zeukan azalik. Nazien ikurra nabaria zen lehen orrialdean. Egia esan, ez nuen
uste horren irakurterraza izango zenik. Garai hartan marxismo-leninismoaren
teorikoekin lehiatzeko ohitura nuen. Gogo biziz eta borondaterik onenarekin
digeritzen ahalegintzen banintzen ere, askotan galdu egiten nintzen ulertezin
egiten zitzaizkidan kontzeptu-baso
horietan. Beldur nintzen antzeko
zerbaitekin ez ote nuen topo egingo berriro, baina prezio merke-merkeak
liburuxka eskuratzera animatu ninduen. Idatziaren edukiak ez zuen inongo
zerikusirik izan espero nuenarekin. ‘Nire Borroka’ ez da zehatz-mehatz lan
teoriko bat eta dituen teoriek, sozialismoaren klasikoenek ez bezala, ez dute
ez zientifikoak ez filosofikoak izan nahi. Nire harridurarako, lehen pertsona
erabiltzen du, eta batik bat, bere gaztarotik aurrera izaten dituen bizipenek
eta gogoetek osatzen dute lanaren muina.
Helarazten diguna ez da teoria politiko hutsa. Zabaldu nahi duen gorroto
mezua sentimenduekin nahasturik dago
irakurlearen konplizitatearen bila. Bere gaztaroan Adolf margolaria da ‘bere
nagusitasuna galdu izan duen’ Austrian. Oraindik ez dago politikan sarturik, baina baditu zenbait iritzi sendo.
Hautatutako ordezkari politikoak ez ditu gustuko. Demokrazia parlamentarioa
ahula eta zentzunbakoa iruditzen zaio: ‘hor ez dira benetako agintariak
aurkitzen’ eta ‘parlamentuan banaka batzuk bakarrik daude benetan konpondu
behar diren arazoetan adituak’. Gainera jendetzak ‘berezkoa du jeinu
gorengoarekiko ezinikusia’. Gero Berlinera doa eta lehen mundu-gerra sortzen
da. Hitler Weimar Errepublikako armadan engaiatzen da eta larri zauritzen dute,
gas eraginagatik ikusmena galtzeko zorian egoteraino. Berlinera bueltan,
hiriburua ‘frontean ikusten ez ziren juduez beteta dagoela’ ikusiko du, ‘denak
euren negozioetan buru-belarri gu hiltzen ginen bitartean’… Aberriaz estimu
handia ez egitea ezinbestekoa da, bere iritziz, alemaniarren porrota ulertzeko
eta hortik abiatuko da bere mendekua. Abertzaletasun falta hori langile
marxistetan ere sumatzen du, haientzat ‘ez baitago aberririk’. Etorkizuneko
Alemania Handia arraza ariarren eskutik bakarrik etor daiteke.
Benetan
sinestezina da zein ondorio ikaragarriak izan zituen horren argudio zentzunbakoak Europako eta
munduko historian. Ez, ez du ematen asko ikasi dugunik. Oraindik ere badaude
euren burua berezitzat hartzen duten Estatuak, badaude nazioarteko
zuzenbidearen gainetik euren mugak armen indarrez handitzen dituztenak eta
badaude horren aurrean ezer ez egitea nahiago dutenak ere. Bai ironia ederra.
Badirudi Israelen inon baino hobeto ikasi dituztela nazien ikasgaiak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina