Errepelega auzoko kale bat |
Telefono dei bat jaso: “Roberto, Mena naiz,
Errepelegako Manifa taldekoa, badakizu. Iaz Markie Ramone jaietarako zelan
ekarri genuen gogoratzen? Ba aurten ere zerbait aparta egitekotan gaude,Pako-Eskorbuto berriro taula gainera ateratzea. Zer, berarekin kantatzera
animatuko?”. Animatu, nola ez. Nire agenda entseguak sartzeko antolatu: alde
batetik Pako lagunduko duen bandarekin -musika munduko lagun zaharrez osatuta-
eta bestaldetik A Morir auzoko
taldearekin -daukaten txokoan txuletak eta rock & rolla alaitasunez
nahasten dira-. Hamaika aldiz damutu baietz esateagatik eta hamaika aldiz
damutzeaz damutu. Horrelakoetan gertatzen den bezala data
azkarregi hurbildu eta entseguak azken egunetarako utzi. Uztailaren 3a.
Ostirala. Alea iacta est. Errepelegarekin berriro topo egin. Hor goian, Sestao eta
Portugalete artean. Hirurogeiko hamarkadako bloke erraldoiak eta
industrializazio garaiko etxe-ilara dotoreak. Ikusgarri dantza talde mitikoa eta beste inon aurkituko ez
dituzun “old-style” taberna rockeroak. Nire lagun -eta bertoko auzotar- Agustin Benitorekin bertaratu. Heldu bezain
laster topaketak, besarkadak, berraurkitzeak. Gau eder horretan plaza jendez
gainezka aurkitu eta antzinako giro kilikagarria berriro sumatu. Lehenengo
talde gazteen emanaldiak ikusi eta berriro ere Eskorbutoren hitzek zein bizirik
dirauten harriturik egiaztatu: “El
Partido que gobierna este país / Y toda su oposición parlamentaria/ Las
patronales, los sindicatos/ Todos contribuyen a nuestro fracaso”. Iosurekin
izaten genituen eztabaidak gogoratu: “Beti besteei zeure porrotak leporatzea
oso erraza da, ezta?” ,”berdin zait erraza ala zaila den, nik horrela sentitzen
dut eta kito”. Besteak beste Zarpazo a
Cicatriz taldearekin haluzinatu. Unai Etxebarrieta, bere anaiaren espiritua berpizten ikusi,
publikoa bere poltsikoan sartzen, Natxok bakarrik zekien bezalaxe.
Gaueko hamabiak. Taula gainera berriz igo, gau
honetan ekitaldi bakar baterako osatutako talde batekin: Gato, Garlopa, Urko,
Mamen, Ladys eta Pako. Gaueko emanaldirik desiratuena. Lehenengo segundotik
jendetzaren beroa sumatu. Beldur guztiak bat-batean nola desagertzen diren igarri.
Zuzeneko magian berriro desagertu: “Historia triste”, “Cerebros Destruidos”,
“Antes en las Guerras”, “Rogad a Dios por Los Muertos” eta “Ratas en Bizkaia”.
Azken abesti honekin goitik beherako zirrara antzematea: besoak gora, eztarriak
ozen, bustidura zenbait begietan: “Somos ratas/ En Bizkaia/Somos
ratas/Contaminadas/Y vivimos/En un pueblo que naufraga fraga fraga”. Gero A
Morir auzoko taldearekin “Soldados” aparteko kantua abestu, armada
guztien zentzugabekeria salatuz. Tango
ospetsuan bezalaxe “hogei urte ez direla ezer” barru-barrutik sentitu, batez
ere Acha tabernara sartzerakoan. Bertan biniloek, petakoek, futbolinak,
tubo-edalontziek eta mota ezberdinetako keek bizirik dirautela ohartu.
Aita-semeak elkarrekin ikusi, rockero zaharrak entzuten, eta zuzentasun
politikorik ez duten elkarrizketak aditu. Barre egin. Goizaldearekin -aspaldiko
partez- topo egin. Etxerako bidean Pello Sarasolarekin gogoratu, aurreko
egunean guregandik betiko alde egina.
Etxerako bidea hartu errepide hutsetik. Beste bat arte Errepelega. Beti
arte Iosu, Jualma, Pello. Batzutan Bizitzeak ez du preziorik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina