2015(e)ko uztailaren 20(a), astelehena

INTERNAZIONALA

Grezian gertatzen ari denak berriro ere hau egiaztatzen digu: Botere ekonomikoa sendo eta batu agertzen da, eta ezkerreko indarrek, ostera, gero eta bananduago eta ahulago ematen dute. "People Have The Power" oso lelo polita da abesti bat izendatzerakoan, baina kantuak berak baino gutxiago irauten du. "Internazionalismo proletarioa". Egun, horrelako zerbait entzuteak ere, hasperen sakona eragiten du. Lehen munduko iraultzaileek hirugarren munduko esklaboek egindako jantziak daramatzate soinean. "Proletarioek ez dute aberririk", zioten Marx eta Engels-ek, baina bai, antza badute, eta zalantzarik baldin badago, horra hor ezkerreko alderdiak nazio-banderak erakusten nonahi, botoen bila, antzinako bandera gorri-beltz nazioaz gaindikoak museoetara bidaltzen diren bitartean. Sozialismo eta klase borrokaren teorikoek euren liburukoteak idazten zihardutenean, teilatuetan ez zen telebista-antenarik ikusten eta "munduko proletarioak elkar gaitezen!" leloa asmatu zutenean, mundua ?buruan zuten mundua? herrialde industrializatuena zen, ez besterik. Errusia, Txina eta are gutxiago Kuba, ez ziren beren planetan sartzen. Gaur egungo munduko benetako "legio gosetia" Europara heldu zenean, hirietako auzo langileen botoa eskuz alda tzen hasi zen. Milaka txiro, lehen munduko txiroek mespretxatzen dituzten ogi-apurrak gustura jateko prest zeuden.
Ez da pelikula berri bat hain zuzen. "Mods" versus "rockers", "Sharks" versus "Jerks", anarkistak versus komunistak, nire auzokoak versus zurekoak? "esplotatuen artean gorroto gehiagorik ez" kantatzen zuten 1936. urtean FAI-CNTkoek. Banandu eta irabaziko duzu. Kontu zaharra bezain egiazkoa.
Non geratu ziren bigarren, hirugarren eta laugarren "internazionalak"? Euren burua sozialista izendatzen duten herrialdeak ez dira jada inorentzat eredu eta Txinaren kasuan, sarkasmoari omenaldirik onena bailitzan, kapitalismo perfektuaren ametsa osatzen ari da: sindikaturik gabe, partidurik gabe ?komunista izan ezik? eta botere banatzerik gabe. Eta Txinaren mamua, hain zuzen ere, aipatzen ari da, esate baterako, Europa eta Estatu Batuen arteko merkataritza hitzarmenaren beharra ?TTIP delakoa? justifika tzeko. Kapitalarentzat ez omen dago mugarik, eta geratzen direnak oztopo badira, ken daitezela! Zergatik bestela horrenbeste bilera ezkutuan? Zergatik ordezkari politikorik gabeko negoziazioak? Europan indarrean dugun legezko kontrolen bat aldatzeko asmoz izango al da? Susmoak piztu nahi izanez gero, ez lukete hobeto egingo.
Baina ezkerraren ezin elkar aditzea ez da bakarrik nazioartean gertatzen. Egun hauetan berriz, ongi ezaguna den tragikomedia honi so egiten diogu. "Bi troskista dauden lekuan hiru erakunde daude" ?esaten zen hirurogeiko hamarkadan?. "Ez dugu izan nahi inoren salbamendu-taula", esan zuen Pablo Iglesiasek joan den astean, hori bai, "umiltasunez". Goi mailan elkar-ulertze eta batasuna erraz jorratzen diren bitartean, erlijio eta ideologien gainetik, beheko solairuetan beti aurkitzen dira taxuzko arrazoiak elkar suntsitzeko. Eta helburuetan ez bada, ez estutu, haserrerako argudioak aurkituko dira erabiltzen diren ikurretan, artikulu batean ipinitako koma horretan edo ?nola ez? erabilitako nazio-banderetan. Ez, ez zarete inoren salbamendu-taula izango. Eta horrela jarraitzekotan, ezta zeuen buruarena ere.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina