Bikini atoloian botatako bonba atomikoa |
Egun
gutxitan bi aldiz gertatu zait. Nire tele-paketearen zerrendan miatu eta bonba
atomikoari buruzko dokumentalekin topo egin dut. Lehenengoa 1945.urtean Estatu
Batuek Hiroshima eta Nagasakin eragindako sarraskiaren gainean egindakoa eta bigarrena
nazio berberak Bikini atoloian 1946an egindako proben gainean egina.
Lehenengoa
‘National Geographic’ kanalean ikusi nuen. Benetako garaiko irudirik ezean,
dramatizazio ugari, eta eztanda egunetan umetxoak ziren hiritar batzuen
lekukotzak. Gogoeta etiko-moralen gainetik (japoniarren ahotan uzten dira) datu
zientifikoek eta hauek lortzeko erabili ziren metodoek, dokumentalaren denbora
gehiena hartzen dute. Hori bai, badago tarte txiki bat bizirik (edo) atera
ziren gizajoen egoera deskribatzeko. «Benetako zonbien antzera noraezean
ibiltzen ziren, haragi zatiak zintzilikaturik zeramatzatela, gehienak itsu eta
besoak aurrerantz luzaturik». Erreportajean baieztatzen zenez, halako irudi
ikaragarriak zenbait argazkitan islatu ziren, baina gehienak ongi gordeta
daude, «Pentagonoan, horrelako zerbait erakustea AEBren prestigiorako oso
mingarria izan zitekeela» uste baitzuten. Azaltzen ez zen arrazoiren
batengatik, ematen ziren hildakoen zenbakiak edozein entziklopediatan agertzen
direnak baino askoz txikiagoak ziren.
Gogora
dezagun: bonba atomikoek Hiroshiman 90.000-166.000 lagun eta Nagasakin
60.000-80.000 lagun hil zituzten, horietatik erdiak lehenengo egunean. Hurrengo
hilabeteetan zehar, hildakoak ugaldu ziren erredura, erradiazio eta minbiziak
jota. Hiri bietan ia hildako guztiak zibilak ziren. Sundance izeneko kanalean,
gaueko ordu txikietan hau ere, ‘Bikini’ deritzon dokumentala ikusi nuen. Kasu
honetan bere garaian erabilitako irudi ugariz jorraturik zegoen (antza,
Iparramerikako ‘NODO’etatik aterata) eta kutsu kritikoa askoz nabariagoa zen.
Atoloi oso
bat hustu egin zuten eta hango biztanleak erbestera bidali proba nuklearrak
egiteko. Milaka marinel hainbat guda-itsasontzitan hara igorri zituzten inolako
segurtasun neurririk gabe, laguntze lanak egitearren. Horietako batek, adinekoa
hau, egun horietako esperientzia kontatzen digu. Bere gorputz osoko irudia
kontakizunaren bukaeran bakarrik erakusten zaigu: erradiazioaren eraginez hanka
biak moztuta ditu. Lan honetan esaten denez, froga hauek bazuten kontrakorik
eta Etxe Zuriaren aurrean zenbait protesta antolatu ziren. Alferrik.
Deigarria da
benetan. Hirurogeita hamar urte beteko dira laster. Gizakiak egindako arma
batek inoiz eragindako masakrerik handiena 1945. urteko abuztuan gertatu zen.
Hollywooden ez da inolako pelikularik egin horren gainean (Hori bai, ‘Amerikak’
behin eta berriz izan ditu eraso nuklearrak zientzia-fikziozko filmetan).
Bigarren mundu gerran egin ziren beste basakeriak urtez urte gogoratzen diren
bitartean, Hiroshima eta Nagasaki badirudi erdi aroko gauza direla. Irudiaren
aroan, islarik ez duena ez omen da existitzen. Horregatik dorre birikien
kontrako erasoa denon buruetan dago eta aldiz, Pentagonoaren kontrakoa maiz
ahazten zaigu. Googlen klikatu besterik ez duzu egin behar, irudi gutxi eta
eskasak daudela ikusgai ohartzeko. Bonba atomikoaren erabilerak gizakiaren
lotsarik handienen artean egon beharko luke. Han bai, suntsipen handiko armak
izan ziren. Baita erabili ere.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina