Irailarekin
batera hemen ditugu berriro gurekin: gure haurtzaroarekin zerikusi zuzena duten
bildumak -sekula ez dut ulertuko zergatik diru gutxien dugun hilabetean
argitaratzen diren-, ikasturte berrirako aholku nekosoak eta mota guztietako
promozio kanpainak. Egun hauetan, besteak beste, Julieta Venegas kantari eta
konpositorea entzun eta ikusi dugu nonahi.
Aitortu behar dut: maite dut emakume hau. Alaba txikiak nituenean haren
musikak zerbait partekatzen lagundu zidan, pottoki makineroak eta antzeko
torturak ekiditeko lagungarri aparta izan zen. “Si” elepea argitaratu
zuenetik bere lan bakoitza opari eder eta desiratutzat hartu dut. Lau aldiz
izan dut hura ikusteko aukera eta laurak edertasunari egindako omenaldiak
iruditu zaizkit. Aurreiritziei aurre eginez Tijuanatik (Mexikon hilketa gehien
gertatzen den mugaldeko hirietako bat) datorkiguna ez da “tequila , sexo y marihuana” -Manu Chaok eta Amparanoiak iragartzen duten legez- maitasuna,
harmonia eta ongi jorratutako pop estiloa baizik. Hala ere, bere ibilbidea ez
da beti erraza izan. 2011. urtean, FIB jaialdiaren artisten zerrendan sartu
zutenean protestak ugaldu ziren sare sozialetan, batzuentzat ez zelako behar bezain
“cool”, “indien” tenplu sakratuetan sartzeko. “Ez dute barkatzen irrati-formuletan
programatua izatea, baina barkatzen dute ingelesez kantatzea”. Entzule gisa, Julietak askotariko musikak
entzun dituela erakutsi izan du beti. Berak dioskunez, bere umetxoak agertzen duen
aurreiritzi ezak, normalean entzungo ez lukeena aditzera animatu du. Bere
faboritoen zerrendan Bilboko “Chico y Chica” taldea agertzen zaigu.
Hori
harrigarritzat hartzen baduzu, zer esan Benicio del Toro aktoreak bota duen
harribitxiari buruz: bere azken pelikula egiten ari zela -A Perfect Day,
Fernando Leon de Aranoaren aginduetara- Eskorbuto taldea deskubritu omen du. Horrela
azaldu du elkarrizketa batean. Hitzez hitz: “Ellos son de Santurce, como yo,
aunque yo soy de Santurce-Puerto Rico”. Munduko “talderik onenaren” legenda ez
da gelditzen. Berriro ere istorio zaharra errepikatzen da. Bizirik zeudenean askotan
izaten ez zuten laguntza orain edonon agertzen da. Agian garai batean horren
alde ezberdinetatik jasandako zentsurak, lortu duten ospearekin nolabaiteko
lotura izango du.
Elgoibarren ere kontuz
ibili beharko lukete. Reggaetoi estiloaren kontrako kanpaina antolatu dute
udaletxetik “sexista eta matxista delako”. Debekatzea itsusia omen denez, “kantu
aholkatuen zerrenda” banatzeko asmoa dute, abestietan nolako hitzak erabili
behar diren zehazteko asmoz. Zuzentasun politikoaren babesleak berriro erasora.
Ez dakigu ba ondo, hori izan dela betidanik promoziorik egokiena! Esadazu zer
dagoen debekatuta edo estigmatizatuta eta esango dizut zer entzungo den.
Frankismoak ere drogaren gaia aipatzen zuten abesti guztiak diskoetatik
ezabatzea erabaki zuen (Rolling Stones edo Lou Reeden lanak erabat zapuztuz)
eta haien morboa -eta kotizazioa- igotzea besterik ez zuen lortu. Entzun edo ikusi
behar denaren jagoleak -azken finean besteen gustuen gainetik daudela uste
dutenak- jasanezinak egin zaizkit beti.
Edonondik datozela ere.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina