Irudia: Niko Vazquez |
Irratian Irunera bidali ninduten 1985. urtean
San Martzialeko alardea zuzenean transmititzeko. Aurreko egunetan horren
inguruan ahal nuen guztia irakurri banuen ere, bertan ikusteko aukera izan
nuenak harritu ninduela aitortu behar dut. Goizean goiz milaka gizon, denak
traje eta gorbatadun, txapel gorria buruan, txilibituak batera joka eta eskopetaz
armaturik. Konpainia bakoitzaren aurrean neska poxpolin bat, beti irribarretsu
eta abaniko bat eskuan. Gudarienak ez
zuen inolako zerikusirik ordura arte beste hainbat euskal jaietan nik ikusitakoarekin.
Donostiako eta beste herrietako danborradak desfileak dira baita ere, baina Bidasoa aldean ikus daitezkeenekin
konparatuz, inauteriak ematen dute. Argi geratzen zen hasieratik herrian oso
finkaturik zegoen tradizio baten aurrean nengoela. Kantinerena aldiz askoz ezagunagoa
egin zitzaidan. Nolabait herri askotan -nirea barne- aspaldian izaten ziren
“ohorezko damen” antza sumatu nien.
Urte hartan ez zegoen soldaduz jantzita
ateratzen zen neskarik, baina nik, egiatan diotsuet, bat ikusi nuen. Alardea
amaitu eta gero irratirako elkarrizketatu nuen. Emakume horrek kontatu zidanez
bere koadrila barnean egin zioten erronka eta berak, bitan pentsatu gabe,
mozorrotu eta alardearekin bat egin zuen, inork kontrako iritzirik edota
irainik bota gabe horregatik. Neska horrek naturaltasunez esan zidanez
“multzoan sartuta eta honela jantzita zeinek asmatuko zuen espaloitik neska ala
mutila naizen?”.
Urtero, Bidasoaldeko desfileak eta eztabaidak
datozenean, bitxikeria honekin
gogoratzen naiz. Horrez geroztik gertatu izan dena ikusita, batzuetan ametsa
besterik ez ote zen galdetzen diot nire buruari. Baina ez. Jakin izan dudanez
aldarrikapena sortu baino lehenago baziren beste aurrelari batzuk.
Aurten ere erakunde
publikoen ordezkariek ez diote harrerarik egin alarde mistoari, “bere
presentziak tentsioa areagotuko zuelako”. Emakunderen eskuetan uzten da
presentzia instituzionala, emakumeen
arteko arazoa bakarrik bailitzan.
“Zu ez zara bertokoa, ezin duzu iritzia eman”
entzun behar izan dut noizbait. Horren arabera, agian, Manganesos de la Polvorosakoa ez
bazara ezin izango duzu ezer esan ahuntza kanpandorretik botatzeari buruz.
Burkina Faso edo inguruko herrialdetakoa ez bazara ablazioa ez da zure kontua izango,
eta holokaustoari buruzko iritzia emateko alemaniarra edota judua zarela ziurtatu
beharko duzu.
Ba bai. Badaukat iritzia eta hura agertzeko
eskubidea. Bere garaian ere izugarrizko iskanbilak izan ziren zezenketetan
zaldiek babesturik atera behar zutela erabaki zelako. Jende askori gustatzen
omen zitzaion zaldien tripak zezenek ateratzea. Gaur egun guztioi basakeria
hutsa irudiko litzaiguke horrelako ikuskizuna. Agian egunen batean zezenak
jasaten dituzten torturak ere, iragan basati eta jasanezinaren lekukotza
besterik ez dira izango. Agian egunen batean “tomatinan” edo “ardo batailan”
jaiaren izenean alferrik galtzen den
elikagai hori guztia lotsagarritzat hartuko dugu, minuturo bost ume
gosez hiltzen den mundu honetan eta bi gizakien arteko ukabilka aritzea,
horietako batek konortea galdu arte, ez da erakundeek babestutako kiroltzat
hartuko. Roberto Carlosek abesten zuenez: “Zibilizatua izan nahi nuke,
animalien antzera”.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina