Lapurtutako artelananak 2012 urtean |
Andy Warhol, pop-arteko
artistarik ezagunenaren artelan batzuk lapurtu egin zituzten eta hiru urte pasa
dira norbait konturatu den arte. Bederatzi koadro horiek erakusgai zeuzkan
galerian konponketa lanak egin direla eta, agerian geratu da iruzurra.
Norbaitek ziria sartu die eta jatorrizko koadroak ez daude jada beren paretan,
ordezko kopia faltsuak baizik. Lanak egiterakoan zenbaki-saila falta zutela
ohartu dira. Zenbakirik ezean, auskalo zenbat denbora pasa zitekeen lapurreta
deskubritu barik.
Urteak pasa dira eta hortik
pasa diren aditu guztiek ez dute fitsik sumatu. Artelan batek sorrarazten duen
eragina ikuslearengan berdin berdina izan omen da, benetako koadroak izango
bailiran.
Berri honen ildotik,
orain urte batzuk argitaratu zen beste batekin akordatu naiz: bildumagile asko
kezkaturik omen zeuden, eurek zeuzkaten artista honen serigrafiak kotizazioa galtzen ari zirelako. Horrenbeste
kopia egin zirenez -autorearen baimenarekin- ezinezkoa omen zen balorazio
zehatza egitea. “Arte komertziala artea bera baino askoz hobea da” utzi zuen
esanda Andyk.
Beharbada Rolling Stones
eta Velvet Underground taldeekin izandako harremanagatik edo, pop estetika
probokatzaile horrek zerbait pizten du nire baitan. Nik beti izan dut gustuko
Warholen eskaintza. Bilboko Guggenheim museoan bere antologia erakusgai
zegoela, hara bertaratu nintzen horrenbestetan ikusiak nituen irudiekin berriro
topo egiteko. “Horrelako potoak baditut nik sukaldean… baina ba al da inor
koadro honengatik ordaintzen duenik?” bota zuen lotsa izpirik gabe neska gazte
batek. Gidariak ez zion erantzun Warhol eta bere belaunaldikoek artearen mundua
irauli zutela, ez eta egunerokotasuna eta kontsumo-gizartearen ikonoak galeria
eta museoetara bidaltzea lortu zuela ere. Ez zion argitu, ezta ere, “Campbell”
zopa-latak eta Marilyn Monroe edo Elvis Preyslerren irudi errepikatuak betirako
bere artearen ikur bihurtu zirela, ezta artea
ikusteko eta bizitzeko era berri bat finkatu zuela ere, supermerkatu eta
mass-medietan inspiratua, kate-produkzioko gizartearen isla izanik. Ez, nire
harridurarako, zuri-gorriz jantzitako langileak -hasieratik artistarenganako
pasio handirik erakusten ez zuenak- honako harribitxi hau erantzun zion: “Ba
begiratu… denetarako jendea dago”. Inoren lotsagatik ez nuen ezer esan hori
aditzean, baina ezin isilik geratu Velvet Underground taldeaz “arraroa” eta
“erabat ezezaguna” zela esan zuenean. Zaindu beharko lukete, zenbait kasutan,
zein gidari aukeratzen dituzten, alajaina.
“Estatu Batuetan
tradizio bat hasi da non kontsumitzaile aberatsenek eta pobreenek gauza
berberak erosten dituzten. Presidenteak koka-kola edaten du, Liz Taylorrek
koka-kola edaten du eta zuk ere edan dezakezu. Kola guztiak kola bera dira.
Presidenteak badaki, Liz Taylorrek badaki, txiroak badaki eta zuk badakizu”.
Warholen hitzak, ironikoki, bere artearekin egiaztatzen ari dira nonbait. Bere
lanak, lapurren eskuetan daudenak eta urte hauetan erakusgai izan direnak,
guztiz antzekoak dira. Berak zabaldutako irudiak gaur egun, edonoren egongelan
egon daitezke jatorrizkoen guztiz antzekoak izanik. Bitxia da gero nola
gertaera honek, nolabait, Warhol berari arrazoia ematen dion horrenbeste urte
pasa eta gero.
“Ideia ez da betiko
bizitzea -esan zuen baita ere- betiko biziko diren gauzak egitea baizik”.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina