Lerro hauek irakurtzerako,
beharbada Katalunian izan diren hauteskundeen emaitzak jakinak izango dira. Portzentajeak
nola banatu diren jakin barik, banago asko eta asko direla, aldez aurretik
susmatu ditzakegun ondorioak.
Emaitza edozein
izanda ere adibidez, dagoeneko denok dakigu “nazionalitate” eta “nazio” hitzen
arteko ezberdintasuna. Hiztegiak dioenetik haratago “nazio” bat besterik ez
dago eta subiranotasuna bere baitan datza. Kitto. Egun batetik bestera “nazio”
hitza erabiltzea Kataluniaz edo Euskal Herriaz hitz egiteko -duela gutxi arte
inongo hautsik harrotu ez zuena- bekatu mortal bihurtu omen da. Gure ohorezko “loreontzi
txinatar” nagusiari, Felipe Gonzalezi -berak asmatu zuen definizio hori presidente
ohiak izendatzeko- hitz madarikatua aipatzea bururatu zitzaion. Hurrengo
egunean gezurtapena egitera behartu zuten, baina bere grabatutako adierazpenek
ez zuten berarekin bat egiten.
Emaitza edozein izanda ere, beste orrialde
batera pasatzea, Eskozian edo Quebecen gertatu zen bezala, ez da batere erraza
izango. “Hau ez da benetako erreferendum bat izan” guztion argudioa izan ahalko
da. Eta ez dira oker ibiliko. Zatiketaren eta elkar gorrotatzearen atea zabalik
dago.
Emaitza edozein
izanda ere, katalanen kopuru handiegi bat, berea sentitzen ez duen
herritartasun batekin biziko da, halabeharrez, eta beti izango du “benetako
kontsulta baten ondorioa ez dela izan” esateko eskubidea.
Jakin, jakin dugu
baita ere, konstituzioa ongi ezagutzen ez duen presidente bat daukagula Madrilgo
gobernuan, eta umorea ez dela gure buruzagien berezitasunik nabarmenena (lotsaz gorritzeko modukoa
benetan, “indiarrarena” egiten saiatu direnean).
Alde on bat
ateratzearren, orain badakigu -aldez aurretik ez bagenekien- federalismoaren
mugak non dauden. Badakigu baita ere, zer “ahal dugun” eta zer ez Podemos
boterera helduz gero, eta noraino ailegatu daitekeen gure monarkia, hauteskunde
kanpainan sartzea erabaki eta gero (ez dakiguna, eta ziur aski inoiz jakingo ez
duguna, hau da: zeren truke lortu diren halako laguntzak). Jakin dugu, baita
ere, aberriek -edozein izanda ere- ideologiek baino errazago lortzen dutela
aliantzak lotzea.
Emaitza edozein
izanda ere, ez dut uste zurrunbilo katalana egun batetik bestera bukatuko
denik. Gaizki itxitako zauriak, zauri izaten jarraituko du, eta hori ez da
inorentzat ona izango; besteak beste, horretaz mintzo garen bitartean, gai
larregi geratzen direlako ukitu barik edo bigarren mailan, eta bai, aberri
kontuak baino pisu handiagokoak direlako edo izan beharko luketelako hauek: langabezia,
pobreziaren etengabeko haztea, gelditu barik etorriko diren errefuxiatuak eta
etorkinak, ezkutuan negoziatzen ari den Europar Batasunaren eta Estatu Batuen
arteko hitzarmena, mundu-mailako beroketa...
Emaitza edozein
izanda ere, arazoa ez da erraz konponduko, zezenari adarretatik heltzen ez zaion bitartean. Mehatxuak eta beldur-pelikulak
baliagarriak izan daitezke epe laburrean, baina lehenago edo beranduago,
konponbideak demokratikoa izan beharko du ala ez da konponbide izango. Konstituzioa
aldatzeak, guztiak antzeko izaten segi dezan, ez du ezertarako balioko. Bakar-jokoan
trikimailurik ez dugu nahi, arren. Ez gehiago.
Istoria hasiberria. Orain gobernu osatu behar dute, seguruaski CUPekoekin. Nere ustez, azken finean, dena berdin dabil. Botoak polarizatu egin dute eskuin-eskuin geratu dira, zoritxarrez. Enpresarioek irabazi dute, azkenean. Lau urte gehiago murrizketekin. Bi hilaute barru betrze zirko bat izanen dugu eskuinak irabazteko :(
ErantzunEzabatuBai Juli. Hor dago koxka. Nola edo hala azkenean beti berberak irabazle.
ErantzunEzabatu