Egia
esan, askotan entzuten bada ere, ez dira ametsak zinemaren fabrikan gehien produzitzen dena, emozioak
baizik. Loreak filmean emozioak borborka dabiltza lehenengo eszenetatik; zirrara
unibertsalak ikuslearen bihotz bila: maitasuna -eta maitasun eza-, gaixotasuna,
heriotza... Hala
ere pelikula honekin Jon
Garañok, Jose Maria Goenagak eta lantaldeko gainerakoek lortu dutena, ametsik
gozoenetan ere ez lukete irudikatuko.
Euskaraz egindako
fikzioa kasik gure pantailetatik desagertu izan denean. Bikoizketa enpresak
hemen eta han ixten ari direnean -aktore askorentzako nolabait bizi-asegurua
izaten zena- eta printzipioz zazpirehun
mila ikusle duen merkatu potentzial batera
zuzentzen den filmea izanik, horrelako arrakasta lortzea ez da txakurraren
putza hain zuzen.
Kimuak bezalako
ekimenek eta nonahi antolatzen diren zine-jaialdiek -horietako asko
instituzioen babesarekin- zerikusiren bat izango dute honelako lorpenekin ere.
Baina guzti
honekin batera, badago azpimarratu nahi nuken zerbait, oso adierazgarritzat hartzen
dudalako: Loreak ez da “gure gatazkaren” inguruko filme bat, berez ez da inondik ere agertzen, ez eta “paisaia”
moduan ere. Izan ere ez da euskaldunen izaera edo euskal ohiturak ardatz dituen
pelikula. Argumentu honetan gertatzen den guztia – eta lantaldeko lan bikainari
ezker guztiz sinesgarria egiten zaiguna- munduko edozein hiri txiki batetan
gerta liteke. Euskaldunak izatea eta euskaraz egitea, normaltasunez gertatzen
den zerbait besterik ez da.
Pertsonaien
arazoak, sentimenduak, zalantzak eta erabakiak Tokion, Buenos Airesen edo
Toronton koka litezke. Hori ez da horren ohikoa euskaraz egiten den zinegintzan
eta guztiz berri ontzat hartu daiteke, besteak beste orain arte lortutako loreak,
mezu unibertsal hori dela eta, are eta oparoago izan litezkelako. Emakumeak
nagusi diren pelikula euskaldun bat zeinean euskal ohizko mitoak ez dira
inondik agertzen.
Ametsak egiteko
fabrika ez al zen ba zinea? Ba egin dezagun amets.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina