Fernando Trueba eta "El Gran Wyoming" "JA"-Bilbao jaialdian solasean |
Bi auzokide solasean, taula baten gainean,
Bilboko antzoki handi bat betetzeko gai izan litezke? Ba, bai. Auzokide horiek
Fernando Trueba eta “El Gran Wyoming” baldin badira, jakina. Campo antzokia
kolkoraino bete zuten eta berrehun lagun baino gehiago kanpoan geratu ziren,
sartu ezinik. Eta ikuskizuna, horretan zetzan hain zuzen. Haien hitzetan: “gure
etxeetako egongelan askotan egiten duguna, baina mila gonbidaturekin”.
Ekitaldia “Ja, Bilboko Barrea” jaialdiari bukaera
emateko antolatua zegoen. Wyoming bizitzen ari den ospe momentuari, Truebak
Donostian astindu zituen hautsak gehitu zitzaizkion. “Inoiz ez naiz espainiar sentitu” esateko ausardia izan zuen, sari bat jasotzerakoan. Horrez geroztik
kritikak eta aipu kentzeak etengabeak izan dira. Morboa bermaturik zegoen.
Goizean Radio Euskadin egindako
elkarrizketan, Truebak argi utzi zuen bere jarrera: “Batzuk beti dabiltza
nazionalismoa gorroto dutela esanez, baina, antza, besteen nazionalismoaz ari
dira. Ni nazionalismo guztien kontra nago eta horregatik etsenpluaren bidez
predikatu nahi dut”. Gaia hizketan agertu zen, noski, baina gainerako guztien
antzera, beti ironia-geruza batez margotua. “Serio demonio dabilen jendea ez da
batere fidagarria” ere esan zuen Truebak.
Bi lagunen arteko elkarrizketa bazen ere,
Fernando zen gaueko protagonista,“Ja” saria jasoko zuena. Wyomingen galderen
bitartez zinegilearen bizipenez ohartu ginen. Auzo umil batean bizitako
haurtzaroaz ez ditu oso oroitzapen ederrak: “Kolperen bat jasotzea eguneroko
gauza zen. Eskolatik irtetean bi ibilbide neuzkan etxera joateko eta bietan
auzoko ‘gaiztoak’ zeuden ni bezalako gizagaixoak jipoitzeko prest. Gainera,
larunbateko futbol partiduetan ohikoa zen korrika amaitzea, ijitoek ez zutelako
nahi guk ‘euren’ lurraldeetan jolastea”. Auzoko zineak, gustuko ez zuen
errealitatetik ihes egiteko tresnarik preziatuena bihurtu ziren. Gero
unibertsitatean “progre” giroan murgildu zen, “ez nuen ulertzen maiz erabiltzen
zen hitz magiko hori: ‘alienatu’. Suposatzen zen zinea eta telebista gure
etsaiak zirela, buruan izan behar genituen gaietatik atera nindutelako. Gustuko
nuen zinea ‘alienatzen’ ninduena zen, gorroto nuen bizimodu petraletik atera
ninduena hain zuzen. Horrexegatik komedia genero guztien gainetik maite nuen,
eta nolabait, nire salbamendua izan zen”.
Bere lehen film laburra, mailegatu zioten
kamara batekin egin zuen, “zine beltza” omen zen, pelikula errebelatzean den-dena
iluna agertu zelako. Inori ez zitzaion bururatu detaile txiki bat: argiak
erabili behar ziren.
Baina lehenengo filmarekin, “Opera Prima”izenekoa, lagun artean egina, Truebaren zortea erabat aldatu zuen. Publiko
zabal bat zegoen horrelako zerbait dastatzeko prest eta amestu ere egin gabeko
arrakasta eskuratu zuen, Hollywoodeko oscarretara eramango zuen ibilbide bat
hasiz.
Pelikula oso bat mereziko lukeen kontakizuna,
Fernandorena. Gozatu genuen ikuskizuna ez zen bakarra izan, barreari eskainitako
jaialdian. Berriro ere, zerbait kontatzeko gai diren bi solaskideren arteko
berriketa zein interesgarria eta dibertigarria izan daitekeen konturatu ginen.
“Dos tontos, muy tontos” –Bi ergel oso ergel– izango litzateke zinta honen
izenburua, Fernando Truebaren hitzetan. Ba, horrela bada, ez dugu bizkorrik
behar.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina