Joseba Zulaikak jaso du aurten Saiakeraren Euskadi saria |
Joan den mendeko azken urteetariko batean izan
zen. Joseba Zulaikarekin hitzordua neukan irratian elkarrizketa bat egiteko.
Aitortu behar dut normalean baino urduriago nengoela. Atera berria zuen
Guggenheim museoaren inguruko liburua eta nahiko ikuspuntu kritikoa erakusten
zuen bertan. Horretaz gain, lan asko zeuzkan argitaraturik eta ordurako ospe
handiko antropologoa zen. Elkarrizketa aski prestatuta baneraman ere, bidean
galtzeko posibilitateak ez ziren gutxi, hain zuzen.
Agertu
bezain laster, eskua eskaintzen zidan bitartean, lehenengo ezuste galanta
gertatu zen:
_Nik
ezagutzen zaitut. Zu ez al zinen Zarama
taldeko abeslaria?
_ Bai... (kojonian!)
_ Ez zara gogoratuko, baina ni nintzen antolatzailea “Euskal Musika 80” lehiaketan parte hartu
zenutenean...
_ Ah, bai?
_ Bai, Mendiope diskotekaren bazkidea nintzen garai hartan, beste lagun
batzuekin batera. Kristoren ekitaldi ona egin zenuten. Asko disfrutatu
nuen...
Hori bai ustekabeko era, nire eskema guztiak bertan behera uzteko.
Laster konturatu nintzen aurrean neukana ez zela teoriko huts bat, bere
herrialdean mugitzen den gauza interesgarri guztiak barne-barnetik bizi nahi
zituen ikertzaile bat baizik. Harekin hitz-egitea oso erraza suertatu zen,
ia-ia aspaldian ikusten ez nuen lagun bat izango bailitzan. “ViejaLuna de Bilbao” (crónica de una generación) izeneko bere azken lanean ere
horrelako zerbait nabaria da. Bertold Bretchek eta Kurt Weillek konposatutako
“Bilbao Song” kantua hari modura erabiliz, Zulaika gerra osteko semeen mitoez,
bizipenez eta gertaerez mintzo da. Oteizaren espazioetatik Warholen
zopa-poteetara, ETAren sorreratik, Ybarra familiaren dramara, “Ez dok
Amairutik” “Euskal Rock Erradikalera”, HIESetik langabetuen
asanbladetara...
Joseba Zulaika, Gipuzkoako Itziar herrian jaio zen 1948.
urtean, Basque Studies Programe-ko
zuzendaria da eta Antropologia eta Euskal Kulturako eskolak ematen ditu
Nevadan, Renoko Unibertsitatean. Denboran atzera eta aurrera pausoak emanez
idatzi duen kontakizunean, odol, izerdi eta malkoen urteak deskribatzen dira,
anai arteko guda baten ondorioak nagusi. Belaunaldi oso bat diktadura triste
baten baitan haziko da, kanpotik heltzen ziren mugimendu erakargarrien
oihartzunak – Pariseko maiatza, hippyak, Kubako iraultza...- mito helezin bihurtzen zituzten
bitartean.
Bilbao
Song abestian gertatzen den legez, Zulaikak marrazten duen mundua, galdutako
gazteriaren herrialdean kokatzen da maiz. Esaera txinatar batek dioenez “garai
interesgarrietatik libra zaitez” . Zenbat eta gatazkatsuago hainbat eta
erakargarriago, horrelakoa izaten da historia. Zulaikaren garaiak, duda barik,
asko du kontatzeko. Onerako eta txarrerako, hamarkada bizi-biziak izan dira
horiek. Bizi biziak eta umorearentzako espazio gutxikoak. Hortxe dago,
beharbada, milurteko berriarekin etorri zaigun jauzirik nabariena.
Bajo-Ulloaren lehendakari beltza, “Vaya Semanitako” Sanchez familia -non
ertzaina eta kale-borrokalaria anaiak ziren- edota “Ocho Apellidos Vascos”
filmaren ezusteko arrakasta, horren finko ematen zuten ikonoak beste betaurreko
batzuekin begiratzeko lagungarri izan dira. Egunen batean -apustu egingo
nuke- umoreak eta umoristek gure gizartean
izan duten eragina, doktore-tesietan izango da, eta merezi duten pisua hartuko
dute historian. Baina hori, beste kontu bat izango da.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina