Labrit abeslaria |
Urriak 4, igandea. Goizeko hamaikak aldea. Haize boladak,
euri mehatxua, “Tots els colors del verd sota un
cel de plom”, Raimonek abesten zuen moduan.
Neska baten ahotsa, gitarra batez lagundurik. Taula handi baten gainean, berdegune luze
baten aurrean ari da kantuka. Banaka batzuk kontzertua ikusteko bildu dira
talde txikietan, han eta hemen. Beste batzuk korroan jesarrita daude, edaten
eta erretzen, taulari so egin barik. Txosna luze batean txorizo-taloak eta
sagardoak etengabe doaz eskurik esku, ahorik aho.
Usurbilen ikastolen festa ospatzen ari da. Bost
kilometroko zirkuitu bat, adin guztietako ekimen eta ekitaldiz betea. Goizeko bederatzietarako heldu behar izan dut, irratian
lehenengo konexioa egiteko. Arnasestuka baina hor nago. Urbilen dagoen parking
batean kotxea utzi eta gero (“Urbilen” dago, baina urrun samar ) “lotura-garraio”
batek sarreraraino eraman nau. Gorantzako aldapa gainditu ondoren ikastolaraino
ailegatu naiz. Bertan irratiko soinu-teknikaria eta jaiaren arduradun bat zain ditut.
Uf. Dena kontrolpean.
Hamabiak eta erdietan daukat bigarren
hitzordua. Kale elkarrizketak bildu nahi ditut inguruetako giroa helarazteko.
Horrenbeste urtetan irratigintzan aritu naizen arren, oraindik ere jende artean
iritzi eske ibiltzea gogorra egiten zait. Hain goiz izanik, ikus daitezkeen
gehienak, goiztiarren bat salbu, petodun antolatzaileak edo saltzaileak dira.
Nire pausuek, euren kabuz, zirkuituaren zuzenbidea segitzeko erabakia hartu
dute. Usurbil ederra gogoratzen nuen; are ederragoa ikusten dut bere aitzineko
etxe dotoreak erabat berriztuta. Ibilbidean apaindutako zonaldetan zenbait
kirolari entrenatzen, soinu probak, artisauak eta eko-dendariak muntaketan... haizeak
txiringito baten teilatua irauli egiten du ziztu bizian, anabasa txiki bat sortuz.
Mutiko talde bat saskibaloian ari da. Munduko beste edozein antzeko taldek
bezala, barre egiten dute, elkarri bultza egiten diote eta bat-bateko haserreak
izaten dituzte, baina kasu honetan badago bereizten dituen zerbait:
gurpil-aulkietan jokatu behar dute. Zalantzaldi bat gainditu ostean,
elkarrizketa ezberdin baten bila noakie. Mutiko atseginak, irria ahoan
erantzuten dute, bizitzak emandako ezohiko heldutasuna erakutsiz.
Zirkuitua bukatu orduko ikastola
inguruan bildutako jendetza nabaria da. Familiak, lagun-taldeak, ume koxkorrak...
nik emandako pausuak errepikatzera doaz. Gutxien espero dudanean zortea nire
bila dator. Agurtzera datorkit, nor eta Josu Ergüin , “Kilometroak” festa
asmatu zuena hain zuzen, alaba eta bilobak lagun dituela. “Estatu Batuetan
nengoela ezagutu nuen nik, dirua ateratzeko ospatzen zen antzeko festa bat, hogeita
bost urte nituela. Beasaingo ikastolan proposatu nuen eta nire harridurako,
kasu egin zidaten. 1977. urtea zen eta orduan kapazuan eramaten nuen alaba”.
Tarte txiki baten buruan kontzertuaren
lehenengo notak entzun dira. Labrit eszenatokian. Soineko gorria, ahots ederra,
hitz intimistak, bera eta bere gitarra bakarrik elementuen kontra. Txaranga eta
zanpantzar guztien gainetik, bozgorailuetan behin eta berriz errepika dabilen
aurtengo ereserkiaren gainetik, jendetzaren zurrunbiloaren gainetik... Hasierako
lau katuak ugalduz doaz eta azken kantuetarako
berrehun bat lagunek txaloka eskertzen dugu musikariaren ausardia eta
ongi jorratutako ikuskizuna. Miraria berriz gertatu da.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina