RT errusiar gobernutik hauspotutako katea da |
Etxean daukadan telebista-kate paketean deskubritu nuenetik,
noizbehinka bisita egiteko ohitura hartu dut. 'RussiaToday'(RT), Errusia handitik gazteleraz mintzo garen herrialdeontzat egiten den
katea. Russia Today, "Onak" eta "gaiztoak" betikoak izan
ohi ez diren lekua.
Antonio
Muñoz Molina idazleak duela gutxiko elkarrizketa batean honela zioen:
"Herrialde berri batera heltzen naizenean, egiten dudan lehena telebista
ikustea da. Nire
ustez, onerako eta txarrerako, telebistak asko esaten du dagokion
gizarteaz". Egia esan, ez dakit benetan kanpotik etorritako norbaitek gure
kateetan ikusten denarekin gure izaerari buruzko probetxuzko zerbait aterako
ote zuen, baina ezin ukatu: programazioari eusten dioten saioak gehiengoaren
gustukoenak izaten dira, nahi eta nahi ez.
RT errusiar gobernutik hauspotutako katea da.
Nolabait, mundua errusiar betaurrekoekin nola ikusten den jakiteko parada
eskaintzen digu (edo errusiar gobernuaren betaurrekoekin behintzat).
Antiojo hauek ipinita, euren albistegien
arabera, arabiar udaberria, adibidez, Estatu Batuek bultzatutako ekimen bat
izan zen. Helburua ez litzateke izango diktadoreak kaleratzea eta demokraziak
ezartzea, baizik eta yankien eragina zonalde hartan handitzea eta finkatzea.
Bizi dugun errefuxiatuen krisia eta Estatu Islamikoaren haztea, AEBk eta
Europar Batasunak izandako politikaren ondorioa litzateke. Era berean
Venezuelan ez dago preso politikorik, politiko presoak baizik –espetxeratuak
Maduroren kontrako konplota antolatzearren– eta Ukrainian botatako hegazkina,
betaurreko hauekin begiratuta, ukraniar armadari leporatu beharko genioke,
froga guztien arabera. Horrelako balorazioak ez datozkigu zuzenean aurkezleen
ahotik, horretarako laguntzaile zerrenda luze bat daukate, euren etxeetan
grabatutako balorazioak bidaltzen dituztenak. Horietako asko, bide batez
esanda, euskal hiritarrak dira.
Albistegietatik at gehien aurkitzen duguna,
erreportajeak eta elkarrizketak dira. Hauetan ere inon aurkituko ez dugunarekin
topo egin dezakegu erraz. Berriki errusiar armadaren maniobren inguruan saio
luze bat emititu dute, miliziaren baloreei ezohiko goraipamena eskainiz. Askoz
interesgarriagoa izan zen Kurdistanen Estatu Islamikoaren kontrako borrokan ari
diren emakumeekin egindakoa. Harritu ninduen, baita ere, Roberto Gañan, Ska-pe
taldeko abeslariarekin egin zuten elkarrizketa luze eta landuak. Rockero
batenganako erakusten zen errespetua ez da gainerako kateetan askotan ikusten,
eta egia esan, galdetzekoa da, era berean, zergatik horrenbeste jende mugitzen
duen norbaitek ez duen merezi izan elkarrizketa sakonik gainerako telebistetan.
Zalantzontzi bat eginda geratzen naiz errusiar katea ikusten
dudan bakoitzean. Alde batetik, entzuten diren iritzien arabera, batzuetan
badirudi Sobietar Batasunak bizirik dirauela, baina ez da horrela. Komunistek
zeramaten mezua, gustuko ala ez, erabat ulergarria zen euren ideologiaren
argira, baina gaur egun, zer da Errusiatik helarazi nahi digutena? Zein dira
eusteko balioak? Merezi al du Putinen Errusiaren ereduak ezertarako? Ba al da
zerbait gizarte-eredu horretan munduko beste potentzietatik bereizten duena?
Gaur egungo gudek, bai hotzek bai odoltsuek, ez dute, antza, utopiarik behar.
Garai atsekabetsuak dira.LO MÁS
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina