2015(e)ko azaroaren 22(a), igandea

AUTODETERMINAZIOAK



Bertin Osborne eta Cesar Cadaval (Los Morancos)
Vaya Semanita saioko joan den asteko emanaldian ikusia: “ETB berriro Nafarroan”. Ustezko bikote nafar bat telebista aurrean poz-pozik kokatzen da. Zortzi urte pasa ondoren ETBko emisioa euren etxean ikusi ahal izateko.  Laster hasiko da desengainua: “Baina... Felix Linaresek hor jarraitzen al du?”, “eta bakeroek ere bai?” , “eta Vaya Semanitako tematiek ere bai?”... Esketxari ginga ipintzeko, offean dagoen ahotsak honela dio: “Baina badago zerbait telebista ikusterakoan euskaldun guztiok elkartzen gaituena”: bikote nafarra eta beste bat “Euskadikoa” are alaitsuago jesartzen dira pantaila aurrean honako hau oihukatuz: “Bertin Osborne Los Morancosen etxean, hau bai emanaldi bikaina!” .
Ez dakit oso “barne-kontsumorako” txistea ez ote zen izango. Ziur aski  telebistako audientzien zifrak ez dira gure gizabanakoen kezkarik larrienetakoen artean egongo eta gehienek ez dute jakingo  zeintzuk diren gehien ikusten diren saioak eta zeintzuk gutxien. Neuk ere ez nuen sinisten egunero -garai hartan nire lanaren zeregin bat zela eta-, ikertu behar izan nituen arte. Are gehiago. Salvame; Gran Hermano; edo Mujeres, Hombres y Viceversa-ren tankerako telesaioak Euskadin beste komunitateetan baino gehiago ikusten direla baieztatzen dudanean,  mesfidantza nagusitzen da. “Baina, nola egiten dira ikerketa horiek?”, “Fidagarriak al dira?”. Bai, hala dira. Batzuek ez dute sinistu nahi Tele 5 aspaldiko partez eta hilero-hilero euskal hiritarren -eta euskaldunen, bide batez esanda- katerik ikusiena dela. Izan ere, Vaya Semanitako aipatutako aleak nekez gainditu zuen audientziaren % 5a , Gran Hermanok % 22a eskuratzen zuen bitartean eta Ocho Apellidos Vascos filmak -askotan Vaya Semanitako umorearen semea dela esan denak- % 40tik gorako kuota lortzen zuen bitartean, Tele 5 eta Cuatro kateek batera emandako emisioan.
Nahiz eta jende askok ez sinistu, SOFRESek eskainitako audientzia datuak nahiko fidagarriak dira. Frogarik sendoena: publizitate inbertsioak egiten dituztenak neurketa horietan oinarritzen direla dirua (diru asko) hemen edo han gastatzeko. Eta jakina da: “Ezer ez da milioi bat dolar baino koldarrago”.
Gure etxeetatik kate bat edo bestea aukeratzen dugunean zer motatako telebista nahi dugun esaten ari gara eta arrakastatsu suertatzen diren telesaioek etorkizuneko programazioa baldintzatuko dute. Nolabait, autodeterminazio txiki bat izango litzateke. Gauza bera gertatzen da aukeratzen diren liburuekin, elikagaiekin, pelikulekin, diskoekin, kirolekin eta abar. Liburu-dendak ixten ari direlako negar egin baino lehenago komenigarria litzateke gure buruari galdetzea noiz erosi genuen azken liburua. Disko-dendak desagertzen ari direlako kexatu baino lehenago, beharbada piratak izatera jolastea gustuko izan dugula aitortu behar genuke.
Joan den larunbatean, Parisko sarraskiak zirela eta, foro askotan hitz gordinak irakur zitezkeen telebistako kate gehienek “telezaborra” emanez jarraitzen zutelako gauean zehar. Berriro ere dena zen politikarien errua, kulturarik ezaren errua, heziketaren errua eta ez dakit zenbat konspirazioren errua. Arrazoi zati bat ez diet kenduko batzuei. Baina norberaren erantzukizuna ere hor dago. Herri bakoitzak -esaten da maiz- merezi duen gobernua dauka. Ba hori neurri batean egia bada, gauza bera esan dezakegu daukagun telebistaz, literaturaz, eta oro har, denbora pasatzeko eraz -onerako eta txarrerako-.    

2 iruzkin:

  1. Bueno, egia da.Baina beti dago aukera bat: Markatutako bideak saihesteko aukera dago. Nik ez dut jendearen joera kritikatzen, eta ez naiz telezaborra ikusten dutenen baino hobea sentizen. Baina artaldeak ikusten duena ez bazaizu gustatzen erabaki interneten bidez ikusi nahi duzuna, edo entzun edo irakurri nahi duzuna. "Ande yo caliente.." Ezagutzen dudan pertsona maite maite batek "Salvame" ikustea erabakintzen du. Zein gara gu kulturaren bide "ona" markatzen omen dituzten esparruak erabakitzeko, edo, jendearen "gustu txarraz hitzegiteko"; bakoitzak egin dezala nahi duena. Gero zuk edo nik "kulturalki" artaldeak erabakitzen duenaren ezberdina bada ez daukagu kulpa ez meritorik. Gauza batzuk inposatzen dizkigute, baina arlo horretan guk daukagu erabakia geure eskuetan..Sobre gustos.....

    ErantzunEzabatu
  2. Bueno, egia da.Baina beti dago aukera bat: Markatutako bideak saihesteko aukera dago. Nik ez dut jendearen joera kritikatzen, eta ez naiz telezaborra ikusten dutenen baino hobea sentizen. Baina artaldeak ikusten duena ez bazaizu gustatzen erabaki interneten bidez ikusi nahi duzuna, edo entzun edo irakurri nahi duzuna. "Ande yo caliente.." Ezagutzen dudan pertsona maite maite batek "Salvame" ikustea erabakintzen du. Zein gara gu kulturaren bide "ona" markatzen omen dituzten esparruak erabakitzeko, edo, jendearen "gustu txarraz hitzegiteko"; bakoitzak egin dezala nahi duena. Gero zuk edo nik "kulturalki" artaldeak erabakitzen duenaren ezberdina bada ez daukagu kulpa ez meritorik. Gauza batzuk inposatzen dizkigute, baina arlo horretan guk daukagu erabakia geure eskuetan..Sobre gustos.....

    ErantzunEzabatu