Juanma Bajo-Ulloa, aurtengo Serantes saria |
Zinemaldi handien distiraren atzean, horrenbeste zarata
sortzen ez duten beste batzuek bizirik diraute. Jaialdi hauen antolatzaileek
urtero ahalegindu behar dute aurrekontuak ixteko, eta desagertzeko arriskua
beti dago hor, etengabeko mehatxu. Dendaz denda, zinegotziz zinegotzi, tabernaz
taberna (“Iñakiak” bezala) diru eske ibiltzen dira, horrelako ekimenak eskatzen
dituen gastuei aurre egiteko.
Aurten Santurtziko herrian Blue Karramarro elkartekoek Santurzine
izeneko lehiaketaren hirugarren edizioa egin dute. Aurreko edizioetan bezala, film
laburraren irabazleak argitzen duen gala ospatu zen, Serantes Kultur Aretoan,
Oskar Terol aktore eta umoregilea -urtero legez- aurkezle izanik: “Urtez urte
hemen betikoa agertzean, nire hondatzearen lekukoak zarete, kabroi horiek.
‘Aurten potoloago dago’, ‘iaz baino zaharrago ematen du’ esango duzue... ba
nire burua zaintzeko asmoa daukat, izorratuko zaituztet, bai zera!”.
Aurtengo edizioan nabaria izan da antolatzaileek
ikuskizun erakargarria (eta orekatua) gauzatzeko egin duten ahalegina.
Hunkigarria benetan Miguel Angel Senner eta Feli Manzano adineko aktore
sarituen hitzak entzutea, horrelako ekimenak eskertuz, lau katuk ikusiko dituzten
lanak goraipatuz, Santurzine eta antzeko zinemaldi umilak defendatuz.
“Inor ez da guztiz gaiztoa eta inor ez da guztiz ona, eta
jakina, denok merezi dugu bigarren aukera bat” , Miguel Angel Senner aktorearen
hitzak izan dira (gehien bat Samuel J. Jacksonen ahotsa bikoizteagatik
ezaguna) “nazio mailako” aktorerik
hoberenaren sardina-trofeoa jasotzerakoan.
Nik ere hartu nuen parte ospakizunean. Aurrekoetan epaile
gisa izan ondoren, aurten sari-emailearen papera egokitu zait. Nire zeregina, Juanma Bajo-Ulloari Serantes
saria ematea. Gure etxe mailako “Donostia Saria”.
Aldez aurretik bertoko lagunekin geratu nintzen aretoko
inguruko tabernetan. Baina... nondik sortzen da horrenbeste jende? Ezkerraldera
itzultzea berriro jendetzarekin nahastea da. Agurrak, aspaldikoak, nahitaezko
topaketak. Galiziar zentroaren ondoan “Blue Karramarroak” daude JuanmaBajo-Ulloarekin. Azkeneko ikusi nuenean El Capitán Trueno y el Santo Grial
pelikularen prestaketan zebilen. Irratian elkarrizketatu nuen eta ilusio handia
zuen egitasmoarekin. Alferrik galdutako ahaleginak: “Oso esanguratsua izan zen.
Proiektu serio eta ongi jorratuari uko egin zioten eta gero lardaskeria bat
egin zen, gure haurtzaroaren ikonorik kuttunenari horren omenaldi ziztrina
eskainiz”.
Juanmak ere bere txanda aprobetxatu zuen ekimena
bultzatzeko: “Hemen dago gure zinearen etorkizuna eta ez Tele Cincon edo Antena
Tresen”.
Bat nator berarekin. Horren gustuko ditugun “loreak”
lortzeko, haziak erein behar dira eta horretarako, goitik, instituzioetatik
etorritako ekimenak garrantzizkoak dira, ezbairik ez, baina herriko
zaletuengandik sortutakoak ezinbestekoak dira, benetako harrobia finkatzeko.
Herriko antzerki eskolak eta jaialdiak, zine-klubetan antolatzen diren
proiekzioak, zinegile berriak ezagutarazteko lehiaketak... horiexek dira
zinemagintzaren “Lezamak” hain zuzen, gure zineman eta telebistan biharko berri
onak ekarriko dizkigutenak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina