Gidoilariak Greban. Los Angeles 2007 |
“Ocho Apellidos Vascos”
pelikularen gidoilariak, Borja Cobeaga eta Diego San José, ez zeuden Goya
sarien galarako gonbidatuen artean. Are gauza bitxiagoa: filma honengatik sarituak izan zirenek ez zuten hitz bakar bat
esan haien inguruan. Eta ez gaitezen engaina. Honetaz guztiaz jabetu ginen, ez
harritzekoa zelako, ez hurrengo egunean iritzi sortzaileek egunkariak sutan
jarri zituztelako, ezta haien miran izan ginelako ere. Horren berri izan genuen
bi gidoilariek sare sozialetan iruzkin negarti bat eskegi zutelako. Bide batez,
gremio horren kideak oso gutxitan daudela gonbidatuen artean jakin genuen,
izendatuen zerrendan daudenean bakarrik. Hau bizimodu petrala.
Beharbada norbaitek anekdota
besterik ez dela pentsa lezake. Baina ez da horrela. Berez nahiko pasadizo
esanguratsua dela deritzot honi. Oro har, ideiak mespretxatzen dituen gizarte
batean bizi garela islatzen du, eta ez da, hain zuzen, isla bakarra. “Gran Wyoming”-en
txalotutako ateraldien atzean guztiz ezezaguna den gidoilari talde bat dago.
“Vaya Semanita”, “Aqui No Hay Quien Viva” edo “Aida” telesaioen mamian ere,
behin eta berriz argumentuak eta elkarrizketak aldatu behar dituzten langile
hauek ditugu.
Beste era bateko saioetan ez
zaie behar besteko garrantzia ematen gidoiei. Adibidez, “En tu Casa o en la Mia ” izeneko saioan Bertin Osbornek egiten dituen elkarrizketak
aipatzerakoan, ohikoa da abeslariaren “naturaltasuna” edo “hurbiltasuna”
azpimarratzea programa horren gakoak bilatzerakoan, baina, ezbairik ez, solasaldi
horiek ez lirateke berdin izango ongi landutako gidoi horiek gabe. Norbaiti
bitxia irudituko bazaio ere “reallityetan” ere funtsezkoa da langile hauen
papera. Honelako produktuak arrakasta eskuratzen dutenean gidoigileen izenak ez
ditugu apenas inon ikusiko, baina porrotaren orduan -eta ez dezagun ahaztu pelikula eta telesaio
gehienek ez dutela aparteko arrakastarik lortzen- langile hauen kotizazioa beherantz
doa.
Euren irudia normalean ezaguna
ez den arren, adinak ere eragin handia dauka lanbide honetan. Gazteegiak
direnean ez dira oso estimatuak, istorioak irudikatzeko orduan “behar den
eskarmentua ez daukatelako”, eta helduak direnean gero eta zailago bihurtzen
zaie lana lortzea “publiko gaztearen kodeak” galdu omen dituztelako.
Gidoilari gehienek
behin-behinekotasunean egiten dute lan. Mugagabeko kontraturik duen langile bat
aurkitzea, Athletic zale ez den bilbotar bat aurkitzea baino zailagoa izango
litzateke.
Honelako arazoak ez dira
bertokoak bakarrik. Gogoratuko duzuenez
2007an izugarrizko greba bat izan zen Hollywooden, gremio honen
aldarrikapen historikoak bete zitzaten. Hamalau hilabete pasa eta gero, eta
izugarrizko galerak eragin ondoren, akordio batera heldu ziren. Grebalarien
eskarien artean, besteak beste, soldaten igoera eta produktuen salmentan parte
hartzea zeuden.
Garai batean gidoilari gisa
aritu nintzen, eta lanbide hau hurbiletik ezagutzeko aukera eskaini zidan.
Murrizteko orduan haiek dira lehengo ilaran izaten direnetakoak eta hori
nabaria da hainbat produkziotan. Haiek dira, bai, gidoitik kanpo geratzen
direnak. Gustuko ditugun pelikula eta telesailen artean erabatekoak izan dira,
dudarik gabe. Hala ere, zenbat gidoigile izendatzeko gai izango ginateke? Ba,
horixe bera.
Zoritxarrez, argazkietan bezala, inor ez da gogoratzen argazkilariaz, baizik eta "zer ondo atera naiz" Edo "zein gaizki ikusten naizen argazki horretan". Txirrindularitza profesionalean hornidura (avituallamiento) liderrari ematen dieten gregarioei bezala, nahiz eta beraien lana ezinbestekoa izan, inork ez da beraietaz gogoratzen. Badirudi, antzezleak, beraiek protagonista izateko, gidoilariaren lana ere guztiz beharrezkoa dela ahaztu egiten dute edo ez diete behar duten garrantzia ematen.
ErantzunEzabatuEgia esan nik ere ez dut argazkilariaren izena aipatu. Baina ez da bilatu ez dudalako baizik eta "Europa Press"eko argazki bat delako eta agentzietan ez dute inoiz argazkilarien izenak jartzen. Apunte ona bada.
ErantzunEzabatu