Benito Lertxundi, Kafe Antzokiko 20. urteurrenaren kontzertuan |
Zenbat gera?/ Lau, bat, hiru, bost, zazpi? / Zer
egin degu? ezerrez/ Zer egiten degu? alkar jo/ Zer egingo degu? alkar hil /
Hori ez , hori ez...
Benito Lertxundik abesten zuen bere hasierako kantu
polit hori Bilboko Kafe Antzokiko hogeigarren urteurrenean. “Zenbat Gera”
elkarteak jarri zuen martxan, hain zuzen, eta urte askotan zehar hori izan zen itxiera
emateko jartzen zuten doinua. Josetxo Anitua zen horrelakoetan musika
aukeratzeko arduraduna eta bazeukan zentzurik aukera horrek. Agur esateko era
bat zen, lau katu besterik geratzen ez ginenean aretoan. Zoritxarrez aspaldian
ez dago Josetxo gure artean eta harrez geroztik, bere aparteko gustua, tokiko
giroa irakurtzeko eta musika egokiarekin laguntzeko, beti izan dugu faltan.
Egun batetik bestera: hogei urte. Benitok eta bere
bandak taula gainean ospatzen zuten bitartean, pareta hauen artean bizitakoak
zetozen gogora.
Martxan jarri zuen lantaldeak nekez asmatuko zuen antzokiak
hirian hartuko zuen garrantzia. Euskara
abiapuntu izanda, urte hauetan zehar hor izan ditugu nazioarteko ekitaldi
ahaztezinak eta umeentzako emanaldiak, disko eta liburuen aurkezpenak eta mota
guztietako ospakizunak. Bere arrakasta horren taxuzkoa izan da, “seme-alabak”
sortu zaizkio nonahi, kontzeptu eta ekimen antzekoak Euskal Herri osoan zehar zabalduz,
emaitzak batetik bestera desberdinak izan arren.
Nik bereziki gogoratzen ditudanen artean, Platero y
Tú taldeak eta geroago Fitok eratu
zituzten kristoren kontzertuak; Ruper Ordorikak bere zuzeneko diskoa grabatu zuen
gaua; The Dictators-ek, Wilko Johnson-ek edota John Spencer-ek aho bete hortz
utzi gintuztenekoa; Ray Fernandez eta Manolin “el médico de la salsa”rekin
dantza egitera ausartu ginenekoa, Maceo Parker-en gau magikoa, Maixa eta
Ixiarren “Uhinez Uhin” diskoaren aurkezpena; Berrones Asturiasko taldearen
emanaldi aparta eta argentinarrek sorturiko giro konparaezinak, Bersuit
Vergarabat edo Kevin Johansen bezalako artisten ekitaldi beroetan.
Egun
gogorrak ere bizi izan ditu egoitza honek. Segurtasun neurriak ez zirela
betetzen esanez, udaletxeak itxi egin zuen garai batean, eta berriro zabaltzeko
(laguntza-kanpaina baten ondoren) publikoaren kopurua erabat murriztu zen. Harrez
geroztik, hain zuzen, izan zen Zarama taldearen emanaldia, lehenengo aldiz
zuzenean Bilbon, desegin ginenetik hamabost urte pasa ondoren. Ez dizuet
ukatuko gorriak eta bi pasatu genituela. Entseguetan abestiak erabat landuta
egon arren, horrenbeste urte pasa eta gero, ez geneukan batere argi Antzokiko
azterketa gainditzeko gai ginenik. Eta bai ginen. Gure zorionerako oraindik
bazegoen gu jasotzeko behar beste jende eta sekula ahaztuko ez dugun gaua izan
zen hura.
Urteurrenaren gauean Benitok oso emanaldi bikaina eskaini
zigun. Hasieratik argi eta garbi utzi zuen bizirik dagoen artista bat izan nahi
duela eta bere azken lanetan oinarritutako abesti-zerrendaz osatu zuen bere
eskaintza, konplexurik gabe. Bere klasikoen banaka batzuk ez ziren falta: besteak
beste Baldorba, Jaun Baruak, Zenbat Gera eta Bizkaia
Maite. Azaldu zigunez, azken hau diskotik kanpo geratzear egon zen,
fabrikatik eskatu zietelako kantu bat kentzea -iraupena luzeegia ez izatearren-
eta lan-taldean erabaki zuten hori izango zela aukeratua. “Asmatuko duzue zer
gilipollas aurpegia geratu zitzaigun gero”.
Zorionak Kafe Antzokia. Zainduko dugu maite dugun
hori.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina