"Life of Brian" pelikuaren une bat |
Horixe bera zen
erronka: “Kontatuko al zenuke historia triste bat hiru hitz bakarrik erabiliz?” Nire lagun eta lankide Txani Rodriguezen
Facebooken irakurri nuen. Hark ere, beste baten esparrutik partekatzen zuen.
Hasieran ohiko tontakeria iruditu zitzaidan, baina erantzunak irakurtzen nituen
heinean, arreta hazten hasi zen nire baitan. Hitz gutxirekin asko kontatzeak,
zure hizkeraren zehaztasunaz asko esan dezake eta honi oso interesgarria
deritzot.
Laster ikusi
nuenez, ez nintzen ni bakarrik eskularrua jasotzen nuena. Egun bakar batean
proposamenak hirurehun erantzun baino gehiago jaso zituen. Umorezko -edo umore beltzeko- esaldiak ez
ziren falta, jakina: “Vivan los novios”, “Leo las noticias”, “ Mariano Rajoy
Brey”, “Alkoholik gabeko garagardoa”, “Ba... kondoirik gabe”, “Murió sin mojar”,
“¿Y yo cuando?”, “Begiratu nire hozkailua”, “Pedazo clavo, joder”, “Concierto
de Revolver”, “Barruan al dago?”, “Ramoncín berriro oholtzan”...
Idatzitako askok
aktualitatea zuten inspirazio iturburu: “Proceso de paz”, “Iñigo Cabacas
justizia”, “La Unión Europea ”, “Euskal Telebista Bat”, “Errefuxiatuak
Europako ateetan”. “No se Puede”...
Beste autore batzuek
eskaeraren zentzu zehatzari eutsi zioten, batzuetan benetako dramak islatuz:
“Betirako joan zen”, “ Hitz egin behar dugu”, “Ez dago zereginik”, “Eutanasia
debekatu diote” , “Afganistaneko emakumea da”, “Patuko berriak salgai” -gero
norbaitek Hemingwayrena zela esan zuen- “Europan gertatuko dena”... “Betirako joan
zen”, “Agur eta ohore” , “Ez daukat etxerik”, “No es benigno”, “Euskadi ta
Askatasuna”...
Jokoak bueltaka jarraitu
zuen nire buruan egun osoan zehar eta gauean “Pompas de Papel” irratsaioko
lagunekin neukan afarian, proposamenek jarraitu zuten. Baina oro har, eta giro
alaiak bultzaturik, barre egitekoak inposatzen ziren: “Lucía Etxebarriarentzat
Nobela”, “Sexu... zure esku”, “Euskadiko Partidu Komunista”...
Hiru hitzekin
historia triste bat asmatzeak ez du horren zaila ematen. Izan ere, drama bat
asmatzeak, oro har, nahiko erraza dirudi. Facebookeko ekimen hori asmatu zuenak,
ezbairik ez, bazekien arrakastaren giltza zein zen. Zorigaiztoko kontakizun bat
osatzeko hedabideetan ikusten ditugun amesgaiztoak besterik ez ditugu behar.
Berez, eta goiko zerrendan ikusten denez,
umore beltza edo sarkastikoa egiteko orduan, batzuk baliagarriak dira
baita ere. Baina... Zer gertatzen da buelta ematen badiogu? “Forocoches.com”en,
kontrako eskaintza egin zuten. Hasteko, bistan da lortutako jarraipena askoz
murritzagoa dela. Erantzun gutxi batzuen artean hauek azpimarratu ditut: “Loteria
tokatu zait”, “Baietz esan zidan”, “¡Viva el vino!”, “Nireek irabazi dute”, “Mañana
es fiesta”...
Bitxia bada ere,
badirudi historia tristeek hobe funtzionatzen dutela bai tristura sorrarazteko,
bai barreak eragiteko. Beharbada horregatik berri onek egunkari gutxiago
saltzen dute, berri txarrek baino.
Zinean, adibidez, arrakasta
gehien lortu dutenen komediak aipatzerakoan, garbi dago, kutsu mingotseko asko
daudela: “Life of Brian", “El Apartamento”, “Hight fidelity”, “El Guateque”, “En Bandeja de Plata” ... ez lirateke horren
dibertigarriak izango, ezkutuan nolabaiteko tragedia izango ez balute.
Hiru berbako
dramak. Eta egun hauetan, nire burutik kendu ezinik honako hau: “Gorroto egunak
datoz”.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina