Mery Cuesta Crapulesque taldearekin jotzen. |
“Buruaren zibilizazioa sortuko dugu ziberespazioan. Zuen
gobernuek inoiz sortu dutena baino bihozberagoa eta ederragoa izango dena”.
Hunkigarriak benetan Perry Barlowek idatzitako hitzak
1996. urtean. Hunkigarriak, gehienbat, internet hogei urte geroago zer bihurtu
den ikustean. Askatasuna baino zaintza baitugu, eta independentzia baino kapitalismoaren
saturazio garai berria.
Honelako burutazioak “La Rue del Percebe de La Cultura y la Niebla de la Cultura Digital” izeneko liburuan aurki
daitezke, Mery Cuestak, Consonni argitaletxearekin argitaratu berri duen
saiakeran. Lan honetan, kreatzaile, komikigile eta musikari bilbotarrak,
aspaldian Bartzelonan bizi denak, komikia eta arte-kritika batzen ditu, garai
digitalean kultura nola bizitzen ari den aztertzeko.
Meryren ikuspuntutik antzinako etxebizitza, zeinetan
“maila handiko kultura”, “kultura ofiziala” eta “herri kultura” solairu
ezberdinetan kokatzen ziren, orain “laino digital” batean nahasten ari dira.
Laino itxi honetan aldaketa ugari gertatzen ari dira, askotan norantz eramaten
gaituzten oso argi jakin ezinik.
Laino artean sumatzen diren gertakarien artean “tribu”
berrien sortzearena dugu. Joan den mendeko azken hamarkadetan horrenbestetan
aipatzen ziren hiri-tribuak -mod,
rocker, gotiko, punk..- kaleko fenomenoak ziren. Haien inguruko erreportaje bat
egiteko bazenekien, aldez aurretik, zer itxura zeukaten eta nondik mugitzen
ziren. Egungo tribu berriek, berriz, mundu osoan dute esparrua. Edozein gutxiengoren
zaletasunak urrutiko herrialdetan bizi diren kideak bil ditzake. “Underground”
izpiritua, Meryren iritziz, galdu egiten da, sarean horren “ikusgai”
bihurtzerakoan.
Ba al da orduan, gaur egun, disidentziarako esparrurik?
Zein litzateke garaiko “underground” mugimenduak bilatu beharko lukeen
testuingurua?
Galdera honi erantzuteko orduan, Mery Cuestak adibide
bitxi baten berri ematen digu: “Porno-Pogo-Punk” izeneko jaiak. Orain dela bi
urte inguru, Bartzelona inguruan
antolatzen ari diren ekitaldiak dira hauek. Antolatzaileek ez dute ez
interneten ez inon fitsik argitaratzen. Partaideen artean konpromiso tinkoa
dago ezer ez zabaltzearren eta ez dute zuzeneko musikarik sekula ere
erabiltzen. Horrelako antolakuntza ez da “snobismo” baten ondorioa, bizirik
irauteko era bakarra baizik.
2016. urte honetan, askorentzat internet lan tresna edo
denbora pasa hutsa bihurtu denean, sarearen etorkizunari buruzko eztabaidak
daude nonahi. Predikatzen zen askatasunaren aberria mehatxuz beterik agertzen
zaigu, bai, baina egunero erabiltzen dugunok, nekez imajina genezake erreminta
hau gabeko bizitza.
Hala ere, Mery Cuesta eta beste askoren azterketetan
nabaria da, azken bolada honetan, mezu berri bat: funtsezko bihurtzen ari da
saretik at mugitzen diren esparruak bizirik mantentzea. Eztabaida interesgarri
honetan parte hartu nahi izanez gero, ekainaren 1an, 18.00etan Bilboko San Frantzisko
kaleko ANTI liburu-dendan izango da liburuaren aurkezpena.
Bukatzeko, aitortu behar dut: arlo askotan interesgarri
iruditu zait saiakera-komiki hau. Baina burutik kendu ezinik zer edo zer nire
baitan gelditu bada honako hau da: Nolakoak izango dira ditxosozko Porno-Pogo-Punk-Party
horiek?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina