Lau egun Evoran. Horren
hurbil, horren urrun. Aurreko bi edizioak Bilbon izan ondoren, aurten, EXIB, Iberoamerikako
musiken azoka, Portugal aldera mugitu da. Alentejo aldera. Bi aurrekoetan
bertan lanean egon eta gero, aurten ere kazetarien artean gonbidaturik egon
naiz. Hegazkina Loiun hartu eta Lisboa aldera. Datorrena datorrela. Hango
aireportuan lehenengo topaketa. Joxean Martin Zarko, besteak beste Ganbara eta
Alboka taldeetan aritua. EXIBen zuzendari artistikoa zen. Inaugurazio gala
gauean zeukan eta musikari pilo bat arituko ziren eszenatokian. Kotxean
kontatzen zidan hori guztia, Lisboatik Evorarako bidaian. Bere emazte Jonek eta
Mexikotik etorritako artista batek lagundurik.
Berdea eta zuhaiztiak
nonahi. Etxe zuriko herrixka txukunak urrutian. Bihurgune gutxiko bidaia
atsegina. Jakinaren gainean aurretik egon arren, heltzean herriaren edertasunak
harritu gintuen. Historiaz beteriko herria, harresi batez babesturik.
Laster konturatuko ginenez, hemen EXIB, Bilbon baino askoz agerikoagoa izango
zen. Herri osoan zegoen ikusgai, afixetan, pankartetan, tabernetan...
Behin
hotelean kokaturik, osteratxo bat "museo-herritik" (horrela da
ezaguna). Katedrala, non pareta oso bat giza-hezurrekin eraikita dagoen. Don
Manuel Jauregia, prentsa eta lan-taldeentzat antolatuta. Giraldoko plaza,
terrazaz inguraturik, non prest zegoen oholtza nagusia... eta García de Rosendo
udal-antzokia, gaueko galaren zain. Ikuskizun ederra gauekoa. Hori bai, Bilbon
ez bezala, Evorakoa guztiz portugaldarra: Joao Afonso, Celina da Piedade, Ha
Lobos Sem Ser Na Serna eta Luis Peixoto joan ziren oholtza okupatzen, bata
bestearen ondotik, inolako aurkezpen barik. Bukatzeko denok, artistek eta
publikoak, elkarrekin abestu genuen. Orain gezurra dirudien arren, ondoko
harreran -bertoko ardoa guztiontzat- ez nuen apenas inor ezagutzen.
Egun gutxitan
Argentinatik, Mexikotik, Kurdistanetik, Estatu Batuetatik eta beste hainbat
lekutatik etorritako kazetari eta musikariekin erlazionatu nintzen. Azken
gauerako bazirudien denak aspaldiko lagun minak ginela. Badut -nola ez- beste
Whatsapp talde bat telefonoan.
EXIB ez da, oro har, artista ospetsuentzako azoka. Hor aritzen
direnak ehunka eskaera artean hautatutakoak dira. Publiko artean ohikoak dira
managerrak, antolatzaileak eta kazetariak. Nik gustukoen izan nituenen artean:
Venezuelako C4 Trio, Kubako Mel Semé kantautorea, Portugalgo Karina Gomes abeslari
aparta eta Manuel Luna, eskarmentu handiko folklorista gaztelarra, oholtza
gainean eta kanpoan jendea poltsikoan sartu zuena. Harrigarria baita ere Kalaka
taldearen ekitaldia. Ez dakit Madonna faktoreak zerikusirik izango ote zuen,
baina bat batean harrien azpitik sortutako gazteek plaza bete zuten eta dantza
egin zuten euren bizitzaren azken eguna izango bailitzan. Aho bete hortz
geratzeko modukoa benetan: Iberoamerikako musiken topaketa batean euskaldunak nagusi...
hamaika ikusteko jaioak. Egunak pasatu ziren kontzertu, solasaldi eta kronika
artean eta gauak... gauak musikaz eta barrez eta amaigabeko afariz bete ziren.
Aireporturako itzulerako autobusean, euriak dena “saudadez” betetzen zuen
bitartean Evora betirako nire bihotzean geratuko den izen eta oroitzapen ederra
izango zelakoan nengoen. Aitak askotan abesten zuen moduan “Ay Portugal por qué
te quiero tanto”...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina