Denok ados omen daude. Aho batez esaten ari dira
egunotan: politikariak dira errudunak. Txat ezberdinetan. Irratietara deitzen
duten entzule haserretuen ahotsetan. Sasi telesaio progreetan.
Prentsa-zutaberik porrokatuenetan. Milaka txioetan... "Ez dute lotsarik",
"Hautatu ditugu gu ordezkatzeko eta elkar jo besterik ez dakite
egiten". "Lapurtzeko besterik ez dute balio". Mantra berriaren
arabera, guk, garen hiritar zentzudunok ez dugu inolako zerikusirik daukagun
politikariekin. Urrutiko planeta batetik etorri dira gu izorratzeko helburuaz.
Izan ere politikarien artean ohikoa da horrelako mesprezua: "La
Casta" izendapena erabiltzen dutenak; inongo alderdian militatzen ez duen
"presidente teknokrata bat" proposatzen dutenak edota "euskal
bozka" horrelako ganorabakoentzat ez emateko proposatzen dutenak... hauek
guztiak politikaren mundutik at hitz egingo balute bezala jarduten dira.
Gehiengo sendo bat gauzatzeko izan duten porrota ez omen da, inola ere, emaitza
baten ondorioa, politikarien kudeaketa okerraren isla baizik. Egunotan egiten
ari diren azterketen artean badago beste bat askotan errepikatzen ari dena:
Rajoy oso ondo aritu da krisi honetan, denborak arrazoia ematen dio nonbait eta
azkenean indartsu atera da, edo beste hitzetan esanda: bere proposamena
"koalizio handia" osatzeko, indartua aterako da eta ezinbesteko
bihurtuko
da.
"Es
lo que se lleva en Europa", esan zuen gure presidente "trendi"
horrek. Akaso oraindik ez daki zergatik bere alderdiak horrenbeste zailtasun
dituen aliantzak lortzeko. Agian uste du benetan gainontzeko alderdietan
ustelkeria maila antzekoa dela. Beharbada hori guztia jakin arren, soberan
badaki Pedro Sanchezek bere aurrean belaunikatzea baino aukera gehiagorik ez
duela izango (hori edo Podemoseko boltxebikeekin elkartzea) . Bestalde, Europan
indarrean dauden joeren zerrenda, ez da suziriak botatzekoa, hain zuzen:
ultraeskuindarren gorakada, errefuxiatuen kontrako harresiak, Europako
Batasuna uzteko britainiar erreferenduma... Barack Obamak berak animatzen
zituen britainiarrak Batasunaren barruan jarraitzeko, ez litzateke oso
gomendagarria izango, orain, merkataritza hitzarmena ezkutuan negoziatzen ari
denean.
Botere judiziala baliabiderik gabe utzita eta botere politikoaren ospea
lurraren erdirako bidaian, hor daude egiazko botereak egunez egun nagusitzen: Panamako
paperekin zer gertatu den ikusi besterik ez dugu egin behar: Politikariak
dira nonbait gaizki egina ordaindu behar izan duten bakarrak. Gainerakoak dena
"legala" dela esanez lasai asko geratu dira. Berdin omen die
euren aberkide asko gorriak eta bi pasatzen egotea. Haiei bost axola dagokien
zergak neurri handi batean ekiditea (guztiona izan beharko lukeena
lapurtzea, beste era batean esanda).
Baina ez, politikariak dira umorezko programa guztiak
betetzen dutenak. Horietaz gaizki hitz egitea guztiz ondo ikusita dago.
Horren erraza da! Ez dut esango ez, merezi ez dutenik. Baina ez, ez dut uste
denak neurri berean errudun direnik eta ez dut uste gaitzespen hau inozoa
denik. Demokraziaren ahulezia guztion ahulezia da. Barkatu: ia guztion
ahulezia. Poliziaren ikerketan bezala, galdetu besterik ez dugu egin behar:
Nori egiten dio mesede? Ba horixe bera.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina