2016(e)ko uztailaren 19(a), asteartea

NOT COOL


Paul McCartney bere Madrilgo ekitaldian
1967. urtean, munduan izan den talderik eraginkorrenak, The Beatlesek, “Seargent Peppers” diskoa argitaratu zuen. “When I’m Sixty Four”abestian, John Lennonek bere erretiroa nolakoa izango zen irudikatzen zuen: pozik biziko zen biloben zainketan eta udaro “cotagge” bat Wight uhartean alokatuz. Hirurogei urtekoen bizimodua, hirugarren adinekoa zen nolabait. Joan den hilean Paul McCartneyk Madrilgo Vicente Calderon estadioa mukuru bete zuen, musikariak hirurogeita hamalau urte betetzen zuen hilean hain zuzen. Lagun batek esan didanez, malko bat baino gehiago somatu zen tartean, berrogei mila eztarrik “Hey Jude” kantua aho batez jarraitzen zuten bitartean.
Ia konturatu barik 1960ko hamarkadako gazteria... zahartzarora heldu da. Bidean geratu dira asko, HIESA, heroina, minbizia, istripuak eta beste hainbat arrazoi direla medio, baina azken finean, askoz gehiago ziren aurreko belaunaldietan bidean geratzen zirenak. Ezinbesteko legea da, bai, gaztetasuna uste dugun baino azkarrago pasatzen da beti, baina hirurogeiko hamarkadan, lehenago inoiz ez bezala, gaztetasuna gurtua izan zen.
Hamarkada hartan, besteak beste, Erresuma Batua ezinbesteko erreferente bihurtu zen Europa osoan. Garaiko hogeitaka urtekoek ez zuten jada poeta tristerik ez kantautore existentzialistarik bilatzen. Lehenengo aldiz, belaunaldi askotan zehar, urte horietako gazteek bazuten gastatzeko sosik eta euren arbasoek ezagutu ez zuten zerbait: dibertitzeko eskubidea. Europa nekatu eta zaharkitu batean, modernotasun gosea zegoen: Beatles, Rolling Stones, Carnavy Street, minigonak, Wight irlako jaialdia, psikodelia, Mary Quant, Monthy Piton, Bobby Charlton... gerra osteko depresioa ahazteko irrikan zeuden eta munduko gazte askoren begiak pil-pilean zebilen Londres hiriari begira jarri ziren.
Besteak beste gai honetaz ari da Nick Hornbyren azken eleberria, “Funny Girl”. Nola kudeatu zahartzaroa zure belaunaldiko ikurra gaztetasuna izan ondoren. Honela dio liburu honen paragrafo batek:
“Zentzugabea zen zahar bihurtzea -pentsatu zuen Sophiek- zentzugabea eta okerrekoa. Agureen oroimenak zuri-beltzean ziren eta horietan gerrak, kabaretak, gaixotasun ikaragarriak eta kandelak agertzen ziren. Beraren oroimenak, ordea, koloretsuak ziren eta horietan ozenki entzundako musika zegoen, eta diskotekak eta Marlon Brando gurinarekin”...
Horietako artista asko hirurogeita hamar urtetik gorakoak dira dagoeneko: Mick Jagger, Keith Richards, bizirik dirauen Beatles taldekoak, Marian Faithfull, Ian Anderson... Pete Thousend, Roger Daltrey – “hil nahi dut zaharra izan baino lehenago” abesten jarraitzen duena-...
Orain, horrenbeste jenderentzat ispilu izan den herrialdeak gugandik urruntzea erabaki du. 1977. urtean amorrua sentitu nuen Londreseko aireportuan“gainerako herrialdeak” izeneko ilara luzean jarri behar izan nuelako. Orain mundu osoa egongo da sarturik bigarren izendapen horretan. Britainia Handian nagusi bihurtu dira atzerritarrarekiko mesfidantza eta inperio zaharraren oroitzapena. Bere musika taldeak ere nekosoagoak bilakatu dira. Ez dira horren “cool” jada.   The Clashek abesten zuen legez:  “All that phoneyBeatlemania has bitten the dust” (Beatlemania faltsu horrek lur jo du).
                    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina