Planet of the Apes pelikularen une bat |
Txikitan ezagutu nuen herrixka, handitan berriro bisitatzean... erabat txikiago sumatu nuen. Nire aitona-amonen herriko kaleak eta pasealekuak, bere garaian amaigabetzat nituenak, orain kantoi txikiak eta ibilera labur bihurturik zeuden. Halako fenomeno bitxiak urrun geratzen dira gure oroipenetan. Entzuten dugun musika, irakurtzen dugun literatura, gure munduari begiratzeko era ere, denboraren poderioz eraldatzera kondenaturik omen dago. Honen harira, telebista-kate pakete berri horietako bat etxean ezarri eta gero, behin baino gehiagotan, aspaldian gustuko izan nituen pelikulak berrikusteko aukera izan dut.
'Blade Runner' ikustean eta berriro ere zer pelikula aparta den baieztatu ondoren, etorkizuna zein 'antzinako' geratu den sumatu nuen. Pelikularen erakusleihoetan ikus zitezkeen telebistek, esate baterako, ipurdi galantak zituzten... Horrelako zerbait gertatu zitzaidan, baita ere, 'La naranja mecánica' filma mitikoarekin berriro topo egitean. Horren inguru futurista horietan idazteko makinek bizirik diraute (oso pop itxurakoak hori bai) eta ez da inondik ikusten ordenagailurik. Ez nuke esango nik, gaizki zahartu denik, eta gaur egun, horrenbeste urte igaro arren, nahiko itxura modernoari eusten dio. Beethovenen musikak denboratik at dagoen itxura ematen dio eta erakusten duen bortxakeria maila Tarantinok berak sinatuko luke.
Zeharo zaharkiturik geratu direnen artean, Charlton Heston izar zuten guztiak: 'Marco Antonio y Cleopatra', 'Julio Cesar', 'El Cid', 'Ben Hur', 'El planeta de los simios'... agian txikiegiak ginelako edo, orduan ez ginen ohartzen, baina gaur egun, gure pantailetan berriro agertzen direnean, ikaragarriak egiten zaizkigu orrazkera zurrunak, makillaje susmagarriak –pentsaezinak Erdi Aroan edo lurreko paradisuan– eta batez ere arraza hautaketak. Horrelako pelikula 'historikoen' arabera, arraza zuria bakarra izan da munduan mendeetan zehar. Beltzak edo ekialdekoak orain dela denbora gutxiko asmakizuna omen dira. Batzuetan, berriro bisitatzean, ez duzu inondik ere ezagutzen aspaldian ikusitako pelikula hori. Horrelako zerbait gertatu zitzaidan 'El planeta de los simios' zintarekin. Lehenengo eszenan Charlton Hestonek erre egiten du espazio-ontzi baten barruan, bere burutazioak kontatzen dizkigun bitartean. Planetara helduta, gizakumeak tximinoek zapalduta daudela ohartuko dira eta –sorpresa– gure gizakideen artean ez dago ez beltzik ez asiarrik, eta zapaltzaileak, aldiz, oso matxango beltzak dira.
Deitu nazazue konspiranoiko, baina bigarren bisita honetan nahiko kutsu arrazista sumatu diot. Garai batean normaltzat hartzen duguna erabat jokoz kanpo iruditu ahal zaigu denboraren poderioz. Horixe bera da 'Rebeca' filmarekin berriro topatzean gertatu zitzaidana. Hor gertatzen dena ez da benetako maite-kontu bat. Gizonezko protagonistak (heldua eta aberatsa) hasieratik neska (pobrea eta askoz gazteagoa) eskuratzea erabakitzen du. Hor ez dago inongo gorteiatzerik: jauntxoak nahi du, jauntxoak lortzen du. Egia esan, bere garaian oso gustuko izan nuen pelikula, bigarren buelta honetan nahiko amorragarria irudituzait. Nire literatura maisuak, batxilergoan, Julio Cermeñok, hala esan zidan: liburu hauek handitan irakurriz gero, beste liburu bat irudituko zaizue, zuek beste pertsona batzuk izango zarete eta.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina