Bobby Henderson "Pastafasismo" izeneko erlijioaren sortzailea |
Facebooken ikusitako burutazioa: “Erlijio
guztiek jainko estralurtarra dute eta beti dago oso kezkatuta larrua jotzeko gure
ohiturarekin”. Txantxa bai, baina irribarrea izozteko modukoa. Badaude beste
ezaugarri batzuk erlijio gehienetan errepikatzen direnak: frogatu ezinezko
zutabeetan oinarritzen dira; fede itsua dute ardatz; hil ondorengo sariak eta
zigorrak iragartzen dituzte, lurreko bizitzan portatu zaren eraren arabera;
emakumeek bigarren mailan jokatzen dute hierarkietan, baina lan gogorrak
egiteko orduan lehenengo ilaran egoten dira; eskoletan txiki-txikitandik
ikasten dira eta hainbat herrialdetako historian zehar gudak eta sarraskiak
izan dituzte aitzakiatzat. Hori bai, gizakion arteko maitasuna eta karitatea predikatzeko ohitura dute.
Estatu Batuetan -eta adi, gehiegitan ispilua
baitugu- aldiro kreazionismoa eta espezieen eboluzioa irakaskuntzan parekatzeko
saiakerak izaten dira. Horietako batean, George W. Bushen legealdian, umorezko
erantzun modura “pastafarismoa” izeneko erlijioa sortu zen. Sinismen guztientzat
errespetua eskatzen bada, eta zientziak egun frogatutzat ematen duenarekin
partekatzen badira, zergatik uko egin norbaitek asmatutako erlijio berri bati? Bobby Henderson izeneko fisikoak 2006. urtean idatzi zituen pastafarismoaren printzipioak, horietako ekimen bati
aurre egiteko. Hendersonek eskutitz bat idatzi zion Kansasko Hezkuntza
Kontseiluari. Idatzian errespetu osoa eskatzen zuen bere fedearentzat eta -jakina-
irakaskuntzan besteen parean sartzea. Bere ustez jainko sortzailea espageti
haragi-boladuna da (Espagetien Munstro Hegalaria), eta euren Elizan dogma bakarra da dogmarik ez izatea,
Espagetien Munstro Hegalari ikusezinak unibertsoa sortu zuen mozkor baten eraginez; horixe bera da munduak horrenbeste akats
izatearen zergatia.
Amorrualdia besterik ez zela zirudiena mundu
osoan zehar zabaldu zen, antzeko egoeratan argudio modura erabiltzeko, inposizioen
aurka. Zenbait “pastafari” iraztontzi bat buruan ezkondu dira Hego Korean
(horixe baita pastafarien janzkera) eta bai Austrian bai Txekian zenbait morroik
pasaporteko argazkietan horrela lortu zuten agertzea haien aldeko epai baten
ondorioz.
Egun,
sinestezina dirudien arren, Polonia eta Zeelanda Berrian, legez onartuta dago
beste sinesmenen artean eta sareari begirada bota eta gero, argi dago bola hau
(espageti-haragizko bola hau) geroz eta handiago egiteko bidean dagoela. Izan
ere, honen inguruan agertzen diren berriak begiak igurzteko modukoak izaten
dira. Hona hemen azkenetariko bat: Joan den otsailetik ‘pastafari’ errituaren araberako ezkontzek gainerakoen balio bera izango
dute Zeelanda Berrian. Egia da, baita ere, bertan legeak oso malguak direla
erritu ezberdinetako ezkontzak baimentzeko orduan eta erlijio berri honek hartu
duen errekonozimendua bazutela aurretik, besteak beste, druidismoak edo
zientziologiaren jarraitzaileek. Herrialde honetako “Ramen” (Abade) nagusiak
horrela zioen: “Tolerantzian eta pentsamendu arrazionalean sinesten dugu, eta
uste dugu aldaketa eragin daitekeela barretik eta umoretik, eta ez erlijio
indarkeriatik”.
Jaungoiko bat izango balitz, ezbairik ez,
gainerako erlijioak baino askoz atseginagoa izango litzateke hau. Konbentzitu
naute. Egin dezagun otoitz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina