2016(e)ko abuztuaren 17(a), asteazkena

AURP-EGIAK

Politikan ere, aurpegia arimaren isla izaten da.

Politikan ere, aurpegia arimaren isla izaten da. Stalin, Hitler, Trump edo Putinen argazkiak ikusi besterik ez dugu egin behar hori baieztatzeko.    
Trantsizio garaiko aurpegia, Adolfo Suarezena izan zen. Irudi serio eta ongi orraztua zen berea, baina haren seriotasunak ez zuen haserrea islatzen, lasaitasuna baizik. Irribarrea gutxitan erakusten zuen arren (garai gogorrak ziren), tolesgabea zirudien. Erregeak Suarez presidente izateko izendatu zuenean, erregimenaren historialariak, Ricardo de la Ciervak, esaldi handiuste hura bota zuen: “Zer akats, zer neurrigabeko akats!”, baina gaur egun erabat onartua ematen du erabaki ona izan zela, neurrigabeko erabaki ona. Agintari horren irudia, demokraziaren lehenengoa, garai berriek eskatzen zutena zen hain zuzen: gaztea, duina, elkarrizketazalea eta moderatua, nahiz, era berean, dena errotik eraldatzeko prest egon. Ducados erretzaile amorratua izatearena ez zen orduan gaizki ikusia, aitzitik, klase ertaineko herritar espainiar askorekin lotzen zuen. Garai hartan Euskadiko aurpegia Garaikoetxearena zen, zeinean batzen baitziren seriotasuna, harrotasuna eta mendeetako aldarrikapena.
Geroago Felipe Gonzalezena etorriko zen. Suarezen zurruntasuna aldera utzita, Feliperekin panazko jakak eta koadrodun alkandorak nagusituko ziren. Gainera denboraldi honen aurpegia bikoitza genuen: alde gazte eta ederra Feliperena eta beste bat itsusiagoa eta haserretua, AlfonsoGuerrarena, beti bere abizenari ohorea egiteko prest. Euskal-Powerren aurpegia zen orduan Jose Antonio Ardanzarena, aro berriaren ezaugarriak islatu behar zituena: Jaurlaritzan sozialistekin batera zeuden nazionalistak, eta, besteak beste, bi arazo handiei aurre egin behar zieten: krisiari eta berunezko urteetako hilketei.
Diru-janaren aroa ("pelotazo" izenarekin bataiatu zena),  Aznarren eskutik etorriko zen. Nahiz eta bibote baten bidez saiatu, ezinezkoa zen bere keinu horri benetako seriotasuna ematea. Jose Marirekin batera esperpentoa heldu zen Moncloara. Beharbada, hoberen definitu zuen irudia George Bushekin egindako argazki ospetsua izan zen: biak harroputz, euren botak mahai gainean jarrita.  
Zapateroren irudiak beste “jite” bat omen zeukan. Baina hasieran duintasuna erakusten zuena nahiko aurpegiera patetiko bilakatu zen, kimu berdeen motoa alferrik saltzen saiatu zenean. Bitartean gure lehendakariaren keinua berriro ere bena eta hantustetsua egiten zitzaigun. Lizarra-Garaziko akordioarekin batera Ibarretxeren plana zetorren. Broma gutxi horrekin.
Patxi Lopezen harridura aurpegia ziztu bizian Ajuria-Eneatik igaro ondoren, Urkullurena dugu: irudi gogorra, harrizkoa, Rushmore mendian izateko modukoa. Horrenbeste urte egunkari guztietako azaletan berri txarrak ematen agertu ostean, oraingo euskal irudia askoz instituzionalagoa da, beste batzuentzat uzten dira orain izualdiak eta bukaera ezustekoa duten abenturak.
Bitartean, Madrilen, Rajoyren ezinezko irudia ezinbestean betikotzeko arriskuan dago. Orain dela urte gutxi, inork ez zuen beraren aldeko apusturik egiten eta orain, ustelkeria independentismoa baino errazago barkatzen  den herrialdean, inor guztiz konbentzitzen ez duen irudi hau dugu. Aurpegi tragiko eta halere komikoa, sendo eta halere arina. Badaude batzuk oraindik ere jaietan egongo direnak beren garaipena ospatuz: Intermedio saioaren taldekoak.      











2 iruzkin:

  1. Eta ez ahaztu Riveraren aurpegi on, paketsu eta zuzena. Argazkietan ateratzeko txukun jartzen diren horietakoa beti. Edozer egingo zukeeena HOR egoteko, laguntzeko asmo zintzoz beti. Gobernuan egongo balitz, berehala kenduko zitzaion Venezuelan "gertatzen ari omen den izugarrikeriari"-ri buruzko larritasuna; terrorismoaren lagunek egingo zieketen kritiken aurrean bakarrik etorriko zitzaion herri hortan gertatzen denari buruzko larritasuna.

    ErantzunEzabatu
  2. Kontutan hartzeko aurpegia benetan. Agian zerrendan agertzeko gai... (eta ez ahaztu agintariak besterik ez direla agertu)

    ErantzunEzabatu