Porno pelikula baten grabazioa |
Gaztelaniazko CNNren webgunean irakur daitekeenez,
“porno” da interneten gehien bilatzen den hitza, eta “prono” -agian urduri
bilatzean klikatzen dena- bigarren postuan dago. Aurtengo ekainaren 28an,
adibidez, “Brexit” hitzak estatistika hori apurtu zuen. Honelako aldaketak
unean-unean gertatzen dira, gizartean pil-pilean dagoen gairen batean interes
berezia adierazten duenean jendeak.
Orain dela hiru hamarkadatxo “kodifikatua”
zegoena, telebista kanal bakar batean, edo ezkutuan alokaturik bideoklubean,
orain libre eta edonoren esku dago, bi “kliketara” interneten.
Hori bai, modu irekian igortzen duten
telebista kateetan, orain debekatuta dago, baina ez da arraroa horietako
tele-paketeren batean atzerriko kate batetik emandako porno zintaren bat aurkitzea.
Klik-klik eta ipurdi bat behin eta berriz zaplatuta.
Klik-klik eta sartzea sinestezina ematen duena, nola sartzen den ikusi.
Klik-klik eta begiratu! Hor duzu Torbe, ekialdetik ekarritako azken fitxaketaren
bat dastatzen.
Amaigabeko menuak gustu eta bizio guztien
zerbitzura. Milaka partitura, mundu osoan zehar jotzen den eltzagor kontzertua
zuzentzeko.
Nire belaunaldiko txikiok “puta” hitza
bilatzen genuen hiztegian. Horren bilaketa morbosoa, subertsioaren gaindia zen
guretzat. Egungo umeek ez dute problema handirik sado-masoko pelikulak bi klik
horien bidez ikusteko. Ikerketa ezberdinek emaitza ezberdinak eskaintzen
dizkigute, baina joera batzuetan denak daude ados. Urtez urte porno orrialdeei
bisita egiten dieten gaztetxoen kopurua goraka doa. Gizonezkoen gauza da gehienbat, nahiz eta
emakumezkoen kopurua ere handituz joan. Onanismoa da helburua. Pelikula mota
hauek ez dira ia inoiz osorik ikusten.
Munduko bigarren porno-ataririk
garrantzitsuenak, PornHub izenekoak, orain dela gutxi argitara eman ditu bere
datuak. Horien arabera Espainia da hamargarren herrialdea kontsumitzaileen
zerrendan. 800.000 espainiar herritar sartzen dira egunero orrialde hauetan.
Lehenengo hiru postuetan Estatu Batuak, Britainia Handia eta Kanada daude.
Nolanahi ere, argi dago ohitura berri bat
dela. Sekula ez da pornografia horren eskura egon eta urteak pasa beharko dira
belaunaldi berrien sexualitatean zer eragin izan dezakeen jakiteko. Momentuz
argi dago modaren munduan erabat sarturik dagoela, eta, feminismoak berak ez du
jarrera bateratu bat erakusten horren aurrean.
Deigarria izan zen, adibidez, Chrissie Hynde-k,
Pretenders taldeko abeslariak, iaz sortutako iskanbila gai honen inguruan.
Elkarrizketa batean honako perla hau bota zuen: “Nire ustez pornografikoa da, kuleroak erakutsiz dantzan eta abesten
bazabiltza emanaldietan. Esan gura dudana da, sexua saltzen ari bazara, orduan
ezin duzula esan musikaren aldeko feminista zarenik, zeren nire iritzian, neska
koxkorrak asko nahastu baitaitezke horrekin”.
Miley Zyrus eta antzeko artistei buruz ari zen Chrissie eta mota askotako
erantzunak jaso zituen, ia guztiak (aldeko eta kontrakoak) oso era sutsuan botatakoak.
Alde batetik, eraso sexisten kontrako
kontzientzia geroz eta zabalduago dagoela ematen du, eta bestaldetik, inoiz ez
da horren erraza izan halakoak pantaila batean ikustea. Klik-klik: taldean
egindako bortxaketa. Klik-klik: “Lan bat lortzeko erarik errazena”. Klik-klik: “18+1
(nahiz askoz gazteagoak eman)”. Klik-klik: “Ikasleak diru truke kalean
txortan”...
Ez al du merezi tabakoak edo animalismoak izaten
duten eztabaida?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina