Phil Collins |
Audientziaren diktadurak, ezinezkoa ematen zuena lortu du. Gaur egun, “prime-timean” agertzen diren kantari bakarrak “talent-showetan” lehiatzen direnak dira. Batzuetan, hori bai, “El Hormiguero” eta antzeko programetan musikariren bat ikusten dugu, normalean barregarri geratzeko, musika izan ezik mota guztietako pitokeriak egiten, bere azken lana saltzeko ahaleginez. Oraindik ezin burutik kendu Jamie Cullumi egin zioten “elkarrizketa”. Imajina daitezkeen froga lotsagarri guztiak pasatu ondoren eta musikari apartaren pazientzia amaitzear ematen zuenean, azkenean piano aurrean jarri zen bere kantu bat ematearren. Eta egin, egin zuen, baina ez genuen entzun, une horretan hain justu ere publizitatea hasi zelako, Jamierentzat leiho txiki bat pantailan utziz non irudia ikus zitekeen, baina soinurik gabe. Non geratu ote dira orain dela hamarkada pare bat horren ohikoak ziren playbackeko emanaldiak? Non “Katu kale” edo “La Edad de Oro” estiloko saioak? Non larunbata gaueko ikuskizunak, Lazaroven “zoomez” betetakoak?
Jose Miguel Contreras eta Daniel Ecija, eragin handiko
tele-produktoreek, hitzaldi batean azaldu ziguten gertakariaren ustezko jatorria.
Kate pribatuak martxan jarri zirenean, hauek biek Tele 5ean egiten zuten lan,
Emilio Aragonek aurkezten zuen magazinean hain zuzen. Programaren audientzia
igo nahian Phil Collins musikaria kontratatu zuten, egun horietan Madrilen
zegoela aprobetxatuz. Hirutan agertu zen programa horretan Genesis taldeko
bateria ohia. Hurrengo egunean irrikan zeuden audientzien erregistroak begiratzeko
eta... hara non ezuste galanta hartu zuten. Phil Collins agertzen zen
bakoitzean ikusleek ospa egiten zuten izurria izango bailitzan. Handik aurrera
programatzaileen jargoian “Collins Efektua” izendapenarekin geratu zen bataiatua
fenomenoa betiko.
Hau ez da herrialde guztietan era berean gertatzen noski.
Britainia Handian, adibidez, oso argi daukate zein garrantzizkoa den musikagintza
euren ekonomian eta “Britain’s Got Talent” programekin batera BBCk eta
gainerako kateek ongi dakite sortzaile berrien eskaintzak zaintzen, programazio
zabala bezain oparoa eskainiz.
Gurean aldiz, artista berriak “Youtube” eta antzeko
erremintak erabiltzera behartuta daude. Ordu nagusietan “Operación Triunfo” eta
haren senideak dira toki duten bakarrak.
Ustezko jakintsuek osatutako epai-mahaiek goraipatzen eta
mespretxatzen dituzte ospearen atzetik aurkezten diren artistak. Horietatik,
ordea, oso gutxik lortzen dute ibilbide sendo bat osatzea. Urak dakarrena, urak
daroa.
“Learning The Blues” abestian, Frank Sinatrak oso ondo
azaltzen zuen: “Mahaiak hutsik daude/ dantza-pistan inor ez dago/ maitasun
kantu bera jotzen ari zara/ hamargarren aldiz/ hasiera da, beste froga bat,
besterik ez/ zure lehenengo ikasgaia/ “bluesa” zer den ikasteko.
Ba horixe bera.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina