2017(e)ko abuztuaren 23(a), asteazkena

MILF BATEN AITORMENAK

Batzuek ez dute ezer ere kontatzeko eta liburuak idazten dituzte. Beste batzuek liburutegi oso bat betetzeko adina esperientzia izanik, giltzapean gordetzen dituzte.
Dudarik gabe, bizialdi batzuek liburu bat merezi dute. Nahiz autorearen liburu bakarra izan.
1950eko hamarkada erdian jaioa, Viv Albertine-k Londresko giro hippie eta psikodelikoa bizi zuen gertutik 1960ko hamarkadan. Kinks taldeko kideak eskolan ezagutu zituen. Beatlemania eta Rollingmaniaren giroetan murgildu zen. David Bowie zuzenean ikusi zuen horren ezaguna ez zenean; jendetza gainera jauzi egin ondoren Viv-en gorputza zapaldu zuen oholtzara berriro igotzeko («ez da horren findua», pentsatu zuen neskak).
1970eko hamarkada erdian The Clash taldeko Mick Jones-en neskalaguna izan zen, gorabeherako pasadizoak partekatu zituen Johnny Thunders eta Sid Vicious-ekin («bere ganorabako itxura atzean egundoko handinahia ezkutatzen zuen»). SEX izeneko denda mitikoaren giroan ibili zen, britainiar punk mugimenduaren iturburuan. Johnny Rotten, Steve Jones, Siouxsie, Malcolm McLaren edo Vivienne Westwood izan ziren garai hartako eguneroko kideak. 'The Slits' ('Arrailak') izeneko taldearen buru izan zen...
Horrelako ibilbide bat, nahikoa litzateke bere bizipenei buruzko liburu bat osatzearren. Izan ere, liburu honen berri izan nuenean, punk garaiko beste kronika bat izango zelakoan nengoen; beste bat, ezagutu ditugunen artean. Baina aurkitu dudana hori baino askoz gehiago da.
Esandakoaz aparte, Viv Albertinek, neskato bat izanik, bere aita etxetik hanka egiten ikusi zuen. Holandako okupen artean potrozorriak harrapatu zituen, abortatzeko trauma bizi izan zuen -gizartean batere onartua ez zegoen sasoian-. The Slits taldearekin amaitu ondoren eta apalaldi bat gainditu eta gero, zinemagintzaren munduan murgildu zen film labur sorta bat zuzenduz. Geroago ezkondu zen, alaba bat izan zuen eta luzaroan saiatu zen etxekoandre izaten.
Ama izateko bizi zuen prozesu luze eta zailak utero-minbizia ekarri zion, azkenean gainditu egin zuena.
Geroztik dibortziatu zen eta oholtzetara bueltatu zen. Pub ziztrinetako oholtzetara hain zuzen, zerotik hasteko, era askotako entzuleriaren aurrean.
Hau guztia gutxi balitz edo, tratu txarrak jaso zituen, ustezko tipo xarmagarri batez maitemindu ostean. Tamalez ohikoa denez, ikaraz eta mendekotasunaz bizi zuen esperientzia bortitz hau.
Bere itzulerako grabazioetan ez da nostalgia izpirik sumatzen. Bere adineko gorabeherak dira nagusi 'MILF baten aitormenak' tankerako abesti biribiletan.
Argitaletxe batek bizipen hauek guztiak kontatuko zituen liburu bat egitea proposatu zion. Horretarako 'beltz' batek idatzi zezan eskaini zion, baina berak nahiago izan zuen bere kabuz egitea. Emaitza arras eskertzekoa da.
'Clothes, Music, Boys' (Jantziak, Musika, Mutilak) ez da beste anekdota-bilduma bat. Giro horietan murgildutako emakume honen ikuspuntua, mito asko apurtzeko lagungarria da. Pink garaiko izen potoloen handitasunak agertzen dira, bai, baina kasu honetan, ahulak, anbizio handikoak, lizunak, eta batzuetan, nazkagarriak ere agertzen zaizkigu.
Arantxa Urretabizkaiak, gizonezkoak irakurle homosexualak garela esaten du (gizonezkoak bakarrik irakurtzen ditugulako) eta oro har ez zaio arrazoirik falta. Hau bezalako liburuak, irakurle bisexualago bihurtzera animatzen gaituztenekoak dira.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina