Euskal uda-erdia hirian. Istripu bat teleberrian, beste oporretako argazki bat whatsappean. Eguzki gabeko beste egun goibel bat. Eztabaida bat etxeko patioan. Uda-erdian hirian. Ezusteko bisitak. Bakerik ez antiazidoentzat. Herriko jaien txanda. Txiza eta gonbitozko kiratsa nonahi. Gauean mutikoen deiadarrak. Gauerdiko burrunba urrunak. Atseginik gabeko biharamunak. Labezomorro bat sukaldean. Antzinako uda baten oroitzapenak. Ordezko ahotsak irratian.
Euskal uda-erdia hirian. Marilyn Monroe ez da goiko pisuan bizi,'The Seven Year Itch' pelikulan bezala. Regina Spektor ez dago nire ondoan manifestazioan, nolabaiteko berotasun bila,'Summer In The City' abestian bezala. Baina hori bai, Eddie Cochranek eta Roger Daltreyk oihukatu zuten bezala, udako tristurarentzat ez dago sendaketarik.'Summertime Blues' hori badago gurean, astero, egunero, orduro...
Euskal uda-erdia hirian. Ikusle bakarra zineman, bidaiari bakarra azken autobusean. Bikote bat musuka itzaletan. Eskale bat eske izkinan. Gosari bakarra auzoko kafetegian. Zurekin sekula hitz egiten ez duen zerbitzaria, gaur hiztun. «Nik egia esan, honelako udak nahiago ditut, ez dut batere gogoko eguzkia».
Euskal uda-erdia hirian. Udako sugeen denboraldia. Txiza eserita egitearen abantailak: liburuaren egilearekin elkarrizketa irratian. Jarraian berriak: turismoaren kontrako mobilizazioak, Cadizen? Saloun? Torreviejan? Ez, leku horietan eskerturik egon behar dute euskal hiritarrei esker aberastasuna sortzen delako, baina hemen... manifak eta pintadak: 'Turistak Alde Hemendik!', baina kontuz, ez dugu egiten turistak aldentzeko -Nork ulertuko luke hori?-, eztabaida sortzeko baizik -zertarako ote?-.
Euskal uda-erdia hirian. Donald Trump eta Kim Jong-un elkarri mehatxuka. Amaituko al da mundua bi alfa-arren arteko lehia bategatik? Zentzugabeko mundu baten amaiera logikoa ote?
Euskal uda-erdian hirian. Emakundek orientatzeko playlist bat landu du euren ustez sexistak eta matxistak ez diren kantuz osaturik. Eskerrak. Bilboko Aste Nagusian ez da horrenbeste reggetoi entzungo. Agian Mari Jaiaren ereserkia -zin egiten dizut, lehenengo bi mila alditan gustuko nuen- ez da bost minutuero entzungo eta aurreko jaietan behin eta berriz dantzatu izan den ditxosozko “Despacito” horrek ez du lekurik izango. Orain badakigu zer entzun behar dugun. Pinpilinpauxaren txosnan Mari Triniren 'Yo No Soy Esa' abestiarekin gozatuko dugu eta Txomin Barullon, Alaskaren 'A Quién Le Importa' izango da nagusi.
Espero izatekoa da, baita ere, plaza-taldeen eta DJen artean Emakunderen zerrenda kontuan hartzea eta “Pechito con Pechito” eta tankerako kanta sexistak betiko alboratuta izatea...
Era berean espero izatekoa da akaso, eraso sexistak egiteko prest daudenen artean bitan pentsatuko dutela Maixa eta Ixiarren 'Emakume Jaio Nintzen' abestiaren hitzak entzun ondoren...
Asmatzekoa da konpartsa eta barrakarien esker oneko agiria: “Eskerrik Asko, Emakunde. Zuei esker badakigu zer pintxatu behar dugun, galduta genbiltzan eta. Baina horretarako daude instituzioak, omen, gure portaera zuzentzeko beren nagusitasun moralaren bidez.
Uda-erdian hirian. Badago zerbait goizaldeko garbitzaileetan, garagardotegietako hizketetan, dendarien malenkonian, neska gazteen irribarrean, amets egitera gonbidatzen gaituena.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina