O-23 eko irudi bat |
Lehenengo aldiz entzun nuenean gehiegikeriatzat hartu nuen. Prentsa artikulu batean, Javier Cercas idazleak honela zioen: «Jende asko konbentzituta dago telebistan ikusi zuela Tejero, Madrilgo diputatuen kongresuan O23an sartzen». Berriki 'Wyoming Handiari' irakurri diot berriro '¡De rodillas, Monzón!' izeneko bere biografian. Eta bai.
Bi autore hauen baieztapenak bultzaturik neu neure inguruan froga egitera animatu naiz. Emaitzak harrigarriak izan dira oso. Bi lagun-talde ezberdinetan halako lekukotzaren aldekoak aurkitu ditut. Horietako batzuk arrisku handiko apustuak egitera ausartzen dira. Zutabe honen irakurle batek baino gehiagok -susmoa dut- egun hartan, bere etxean edo taberna batean, huts egindako kolpearen gorabeherak denbora errealean ikusi zituela.
Ez da oso gertaera eztabaidagarria. Leopoldo Calvo Sotelo Espainiako presidentea izendatzeko egiten ari zen bozketa ez zen zuzenean eman. Izan ere, horrelako botazioak gutxitan ematen dira. Egun hartako telebista gidaren bat berrikustea besterik ez da behar baieztatzeko.
Hasieran bitxikeriatzat har daiteke hau, besterik gabe, baina gure oroitzapenen inguruko irakurketa sakona egitera eraman gaitzake.
Gure gogorapenen artean, zenbat dira fidagarriak? Zenbat dira gure buruek egindako berreraiketak -edo birmoldaketak-?
1980ko hamarkadaren bukaeran eta 1990eko hamarkadan, oihartzun handia izan zuen mundu osoko hedabideetan SRA (Satanic Ritual Abuse) deiturikoak. 360ren bat umek abusuak jasan eta ikaragarrizko krimenak ikusi zituztela deklaratu zuten. Deklarazioak Lawrence Pazder izeneko psikiatrarekin jasandako hipnosi saioen ostean egin zituzten.
Azkenean ez zen inongo zigorrik izan. Sasi-oroitzapen horiek, frogaturik geratu zenez, ez ziren egiazkoak, Pazderrek eraginak baizik. Alejandro Amenabarren azken filma, 'Regresión', horrelako esperimentuen inguruan oinarrituta dago.
Kaliforniako Unibertsitatean, Elizabeth Loftus izeneko psikologoak gai honen inguruan oso ikasketa adierazgarria zuzendu zuen: senide batzuen laguntzaz, esperimentu batean boluntarioen %29k txikitan merkataritza-gune batean galdu egin zirela «gogoratu» zuen.
Jakina da askotan memoriak traizionatzen gaituela, baina O-23 bezalako kasuek -zuen lagunen artean inkesta egitera animatzen zaituztet- batzuetan ez gaudela hori onartzeko prest frogatzen du.
Eta bakoitzaren memoriak horrela funtzionatzen badu, memoria kolektiboaz zer esan. Elkarrizketa batean Willy Wilderrek esan zuen legez: “bigarren mundu gerra amaitu ostean, arraroa zen bere etxean judu bat ezkutaturik izan ez zuen alemaniarrik aurkitzea”.
«Garaileek idazten dute historia». George Orwellen esaldia Winston Churchillen ahoan zabaldu zen. Mende batzuk lehenago, Marko Tulio Zizeronek maiz errepikatzen den beste hau betikotu zuen: «Historia kontuan hartzen ez duen herria, hura errepikatzera kondenaturik dago». Orain, 'memoria' hitza egunero hedabideetan dagoenean, ondo legoke irakurgai horiek kontuan izatea.
Memoria sortu, asmatu, manipulatu, gure interesetara moldatu, ikuspuntu bakar batetik kontatu, edota literaturara edo zinera aldrebestua eraman daiteke -asmo ezberdinekin-.
Baina Ruben Bladesek abesten duen legez: «Burua erabiltzen ez baduzu/ beste batek egingo du zure ordez /Ahaztea debekaturik!».
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina