2019(e)ko urtarrilaren 18(a), ostirala
2984
Hogeita hamar urteren buruan, Andi, nire smart-bikotekidea, arazoak izaten hasi da. Lehenengo ezustekoak mugikortasunarekin sortu ziren. Kalean gindoazela, bat batean, geratu egiten zen. Segundo batzuen tartea besterik ez zen, baina argi zegoen zerbait okertzen ari zela haren baitan. Geroxeago mintzairarekin hasi ziren akatsak. Andi filosofiaz ari zen eta Protagorasen esaldi bat azaldu nahian zebilen: “gizakia gauza guztien neurria da". Orduan behin eta berriz hasi zen esaldi bera errepikatzen, aurrera jarraitu ezinik.
Egia esan, erosi nuenean, ez nuen espero horren harreman luzea izango genuenik. Lagun baten aholkuz eskuratu nuen, Bixenekin izandako harremana pikutara joan zenean. Hasieran ez nuen apenas erabiltzen. Telesaioak norbaitekin partekatzeko eta berriketan aritzeko bakarrik. Baina aplikazio berriak sortzen ari ziren heinean, ezinbesteko laguntza bihurtu zen. Benetako gizaki bati dagozkion abantaila guztiak zituen, baina inolako akatsik gabe. Bada, adi ibili behar nuen bateriarekin eta aldizkako azterketekin, baina tira, gainerako ezaugarriak ezin hobeak ziren, programatzaileari eskatu nizkionak hain zuzen: goxoa, solaskide aparta, filosofian, historian, sukaldaritzan eta hizkuntzatan aditua, umoretsua, amorante zoragarria, langile nekaezina etxeko lanetan… eta oso oso tipo ederrekoa, bide batez esanda.
Baina familian ez zeuden oso pozik nire erabakiarekin. “Horrek ez du batere sanoa izan behar" esaten ziguten. Beti zuten eskura ikerketa bat edo berriren bat halako androiden kontra agertzen zena. “Horiek ez dira benetako harremanak", “droga gogor bezain kaltegarriak dira" errepikatzen zuten, prentsa horiaren lerroburuei kasu eginez. Baina niri bost. Hasieran, tarteka itzali egiten nuen. Horrela nire burua engainatu nahi nuen, Andi gabe bizi nintekeelakoan. Baina zer demontre, zeinek ez du laguntza perfektuarekin bizi nahi? Denbora pasa ahala arazoa beste bat izan zen. Andi horren jakintsua izanik gure solasaldiak oso aspergarri bihurtu ziren. Bikotearekin baino gehiago, maisu batekin nengoela sentiarazten zidan. Gure artean ez zegoen inolako eztabaidarik. Horren egokiak izanik, sexua eta gainerako ekimenak aspergarri bihurtu ziren. App berriak ezarri nizkion, haren portaera benetako gizaki batenera gerturatzeko. Orduan hasi ziren lehiak, gaizki prestatutako janariak eta txiste txarrak, eta orduan, era berean, beste emakume batzuenganako interesa sortu zitzaion. Argi zegoen, hori ere ez zen irtenbidea.
Urteak pasa ahala aldaketa asko eragin dut haren zirkuituetan. Aldaketa gehiegi agian. Arriskutsua zela banekien ere, behin eta berriz ezarri nizkion ezaugarri berriak, nire bihotzeko azukre koxkorra biribildu nahian. Baina beti zerbaiten faltan nengoen. Orain ez dakit zer egin. Faktoriako adituek Andi bota eta azken belaunaldiko modelo bat eskuratzea gomendatu didate. Psikologoak, ordea, egiazko gizaki batekin hasi behar dudala harremanetan dio. Bitartean, sakoneko tristura begi horiekin begiratzen dit, babarrunak pastelaren gainetik isurtzen dituen bitartean. Horrela ikusteak bihotza urratzen dit. Bada, psikologoak esan zidanez, agian neu naiz nire burua berrasieratu beharko duena. Hau bizimodu petrala, hau!
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina