"La Trinchera Infinita" pelikularen irudi bat |
Kamioneta zikin baten atzealdean zaudeten guztiek elkar ezagutzen duzue. Ibilbidearen bukaeran zain duzuena ere sobera jakina da. Baina patuak beste aukera bat eman nahi dizu eta jagoleen deskuidu bat aprobetxatuz, salto egiten duzu kamionetatik behera.
Zure hurrengo ezkutalekua, putzu baten hondoa izango da. Bertan beste iheslari batzuekin egingo duzu topo eta minutu batzuetan salbu sentitzen zarete. Tamalez falangista batek topatu egingo zaituzte eta goiko aldetik tiroka hasiko da zuen kontra. Paretaren arrakala batean ezkutaturik, zu izango zara, hain zuzen, bizirik geratzen den bakarra, nahiz bala zauri bat izan izterrean. Gainerakoen odolak gorriz tindatzen du putzuko ura.
Zer egin orain? Norantz jo? Ba al dago nonbait irtenbideren bat? Etsipenak etxera bueltatzeko aholkua ematen dizu. Zure emaztearen harridurarako hor agertzen zara berriro eta hor hasiko da zure bizimodu berria: urte luzeetan zehar, nolabaiteko 'satorra' izango zara eta sator-zulo batean biziko zara.
Hau da 'La Frontera Infinita' izeneko filmaren planteamendua, Loreak eta Handia pelikula arrakastatsuen zuzendariek gaztelaniaz egin duten lehenengo jauziarena.
Egia esan, estreinaldira gonbidatu nindutenean ez nuen espero, ezta hurrik eman ere, horrenbeste gustatuko zitzaidanik. Gerra zibilean kokatutako pelikulak ikusteaz ase xamar nago. Orain arte ikusitakoei, oro har, nahiko kutsu manikeoa zerien eta beti zerbaiten faltan zeuden guztiz biribilak izatearren. Gainera, zinetokian sartu bezain laster, bi ordu eta erdiko iraupena zuela esan ziguten. Animo Roberto, atzera pausorik ez, ezta abiadura hartzeko ere.
Baina ez. Ustekabean, pelikula hasi bezain laster harrapaturik sentitu nintzen. Hasiera gogor eta itogarri hori pasa ostean, zintaren metraje gehiena etxe baten barruan gertatzen da. Hala eta guztiz ere, Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga zuzendariek tentsio-maila altu bati eustea lortzen dute eta ziztu bizian pasatu zitzaizkidan bi ordu eta erdi horiek. Zinetokitik irtetean banengoen gerra zibiletik askoz haratago doan film bat ikusi nuela. Antonio de la Torre eta Belen Cuesta protagonisten lan aparta ere ezinbestekoa da, istorioak duen sinesgarritasuna lortzeko orduan.
Pelikulan agertzen den bezalako ehunka 'sator' izan omen ziren gerra ostean. Dokumentatuak ditugu, besteak beste, Malagako Mijas herriko alkatea, Manuel Cortés, eta Valladolideko Rueda herriko alkatea, Eulogio de la Vega. Bitxia da gero Juan eta Manuel Hidalgo España anaien kasua. Hogeita zortzi urte igaro zituzten ezkutuan eta oso hurbil bata bestearengandik. Hala ere, ez zuten inoiz elkar ikusi.
Ezagutu den emakume 'sator' bakarra Cuencako Zarza de Tajo herrian egon zen: Teodomira Garcia izenekoa.
Azkenean, 1969. urtean promulgatu zen indultua zela eta, gerran gertatutako krimen guztiak preskribaturik geratu ziren eta 'sator' gehienek euren zuloetatik irtetea erabaki zuten.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina