2019(e)ko urriaren 8(a), asteartea

GORRAK ADI



Pertsona gorren nazioarteko eguna zela eta, “Euskal Gorrak” pertsona gorren elkarteen euskal federazioarekin jarri nintzen harremanetan. Lehenengo telefono deia erabat ezustekoa izan zen niretzat. Erakundeko presidentearekin, Aitor Bedialaunetarekin hitz egiten ari nintzen, baina, haren ahotsa neska gazte batena iruditzen zitzaidan. Ahots berezia izango ote zuen? Itzultzaile teknologikoren bat edo? Burutik pasatu zitzaidan interprete bat izan zitekeela, baina, kasu horretan, zelan egingo ote zuen?, gure berriketan ez baitzegoen inolako etenaldirik... Idazkariak azaldu zidanez, horrelako deientzat interprete bat erabiltzen dute, bai,  eta batzuetan, deitzen duenak eskegi egiten du neska baten ahotsa entzutean, okertu egin delakoan edo...                                                             Euskal Gorren ordezkariak irratian izangenituen. Eurena egiazko oihu isila izan zen. Esan zigutenez, beren egoera zeharo hobetu da azken urteotan. Internet, telefonia mugikor eta sare sozialei esker, komunikatzeko aukerak biderkatu dira erabat. Orain hogei urte, telefonoa hizketarako erabiltzen zen eta gorrek arazo larriak zituzten komunikatzeko - “beti norbait gogaitzen ari ginelakoan geunden” -  telefono linea bidez  ez zirelako  entzuteko gai. Baina aldarrikapenak ez dira guztiz isildu.                                                                        Gorrek  berariazko “curriculum” bat behar dute heziketan.  Euren hizkuntzaren historia ikasi nahi dute eta irakasle gorrak izatearen premia azpimarratzen dute, ume gorrek erreferentziazko helduak behar baitituzte heziketan ere, bestela askotan, munduan bakarrak direla uste dute.  Hain justu, 432 pertsona bildu ziren Gasteizko manifestazioan. Horietako batzuek baliabide teknologikoak erabiltzen dituzte zerbait entzuteko asmoz, beste batzuek euren lengoaia besterik ez dute erabili nahi, baina ez dute gustuko gor-motak sailkatuak izatea. Hasieratik, ume gorrei eta gurasoei informazio osoa eman behar zaie eta ez bakarrik inplanteei dagokiena.                                                                         Munduko Osasun Erakundeak dio munduan 360 milioi pertsonak baino gehiagok entzumen galera dutela, munduko biztanleriaren % 5ek alegia. Entzumen galera dutenak, belarri “onarekin”, nagusietan, 40 dezibelio baino gutxiago entzuten dutenak dira; eta haurretan, 30 dezibeliotik beherakoak.                                                                

Azken urteetan, dena den, teknologiari esker gauzak asko aldatu dira, audiofono eta belarri  barruko inplanteei esker, hauek gero eta modernoagoak dira eta. Aparailu hauek seinale akustikoak seinale elektriko bihurtzen dituzte eta entzumenaren nerbioa estimulatzen dute. Ebakuntza bidez, batzuek, burmuin barruan dituzte itsatsirik aparailu hauek eta beste batzuek kanpo aldean.                                                                                                                                               Bestalde, sare sozialek ere ikaragarrizko iraultza ekarri  dute, komunikazioan izugarri lagundu dutelako. Internetek esaterako, pertsona gorren arteko komunikazioa eraldatu du. Sutsuki erabiltzen dituzte sareak. Askok gainera, taldeak eragin dituzte eta ekintzak antolatu ere bai, gorren eskubideak hobetu eta defendatzeko. Zeinu hizkuntzan hobeto moldatzen direnentzat, gainera, bideo zerbitzuak ere badituzte interneten. Gai formaletarako eta zerbitzuak eskatzeko erabiltzen da modu hau gehiago. Gorren Munduko Federazioaren esanetan, 70 milioi inguruk erabiltzen dute zeinu hizkuntza, ama hizkuntza moduan. Gorrak, oro har, ez dira baliogabeak sentitzen, eta amorrua sentitu ohi dute, inguruan erruki aurpegiak ikusten dituztenean. Adi ditzagun gorrak. Asko dute kontatzeko eta.         

     

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina