Swamp Dogg, 77 urteko estatubatuar “soulman” mitikoa, eta Joe Bataan, hirurogeita
hamarreko hamarkadan New Yorkeko Harlem auzoan sortutako “latin soul” estiloaren
figura aparta, gaueko izarrak izan ziren.
Deskribapena ez da herrialde urrun batean gertatutako zerbaitena. “Soul 4Real” izeneko jaialdiaren inguruan gertatu zen, Bilboko Kafe Antzokian, eta hogeita
seigarren edizioa izan da hura. Jaialdiaz aparte, antolatzaileek “weekender”
izeneko ekimenarekin lotzen dute kontzertua. Hori dela eta urtero, Britainia
Handitik dozenaka zaletu datoz, ekitaldia eta hotela batzen dituen eskaintza
bati esker.
Jendetzaren artean, urduri samar, baina poz-pozik, ekimen honen buruetako batekin
egin nuen topo: Alex Subinas-ekin alegia. Alex irratian ezagutu nuen, orain
dela sei bat urte, jaialdiak hogeigarren edizioa betetzen zuenean. Orduan,
zeozer berezia egin nahian, Prince Phillip Mitchel ekarri zuten Louisvilletik
Bilbora. Garai hartan Phillip, soul munduan izen handia zuena, hogeita hiru
urte ezer grabatu barik zegoen, bere herrialdeko diskoetxeek harekin izandako
portaera txarrarengatik, oso haserre omen zegoelako. Bilboko fan hauek soul
kantaria konbentzitu zuten Urdulizko Tio Pete estudioetan single bat grabatzeko,
hemengo teknikari eta musikariekin, eta emaitza denon gustukoa suertatu zen.
Ordutik hona lau disko grabatu dituzte eta Alexek komentatu zidanez ez dute
inolako problemarik izaten munduan zehar, interneten bidez, biniloak banatzeko.
Ez dakit jainkorik dagoen,
baina batzuetan, mirariak bai, bai horixe. Joan den eguneko kontzertu horrek ez
du beste izendapenik merezi. Lehen mailako bi soul-izar etxe ondoan ikusteko
aukera, hemezortzi kideko banda ikaragarri batek lagundurik, ez da egunero
gertatzen den zerbait, hain zuzen ere. Hori bai, ekimen honek badu arrisku
ukaezin bat; batzuetan, zenbait gonbidaturi, adina nabaritzen zaie.
Swamp Dogg sasoian zegoen
ahotsari dagokionez, baina nekea nabaritzen zitzaion azken abestietan. Bere
adin bereko Joe Bataan, aldiz, bazirudien deabruarekin paktu bat egin ondoren agertzen
zitzaigula. Harexek esan zuenez, bi bihotzeko eta minbizi bat gainditu ditu, urteetan
espetxeraturik egon zen, “gangster” talde batean ibili ondoren. Hala ere,
aspaldian ikusi dudan ikuskizunik erakargarriena, bitaminikoena eta atseginena izan
zen joan den larunbatekoa. “We don’t need the music, we need the rhythm” oihukatzen
zuten, eta bai, gure gorputz herdoilduak infernuko erritmo horrekin batera joan ziren askatzen, gure bizitzako azkenengo
jaia izango bailitzan lehertu arte. “My father was afro-american, my mother from
Philippines, but my heart is latino!” aldarrikatu
zuen, baita ere. Ateratzean denak ziren alaitasun aurpegiak. Oso ondo ordainduta
zeuden 30 euro horiek.
Nazioarteko mailan ezaguna
den ekimen aparta hau Bilbon antolatzen da, eta, hala ere, ez da merezi duen
neurrian ezaguna gure artean. Batzuentzat ezinbestekoa izango da Tourra edo
Espainiako Vuelta hemendik pasatzea. Niri dagokidanez, mesedez, faborez, arren,
“Soul 4 Real” ekimenak bizirik jarrai dezala. Besterik ez dut eskatzen.
Momentuz behintzat.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina