Batzuetan egonezina nagusitzen da nire baitan. Egun batetik bestera nire
bizitzaren zutabeak arrakalaz bete direlakoan nago eta inguratzen nauen
guztia arrotza egiten zait. Egun horietan zapaltzen dudan lurra ere mugitzen
ari dela sentitzen dut eta zerbait bilatu behar dut, finko eta egonkorra, sentipen
jasanezin hori lehenbailehen uxatzeko. Joan den egunean horrelakoetan
nengoelarik, telebista piztu nuen eta bilaketa
urduria egin ostean hor agertu zinen berriro, nire estutasuna leunduz: Colombo tenientea. Uuuuuf.
Ni oraindik umea izanik ikusi zintudan lehenbizikoz zuri-beltzeko pantaila
hartan. Zurekin batera, oker ez banago, beste ikertzaile batzuk sortu ziren 1972an eta
ondoko urteetan, “Banacec”, “Starsky & Hutch” eta beste antzeko batzuk,
baina zurea, oso eskaintza berria zen, benetan, eskaintza iraultzailea deituko
nuke nik. Gainerako detektibeak goapo eta modernoak izaten ziren, beren bideetan
gurutzatzen ziren neska-pusken bihotzak apurtzeko ohitura zuten eta euren ataletan
ez ziren falta tiroak eta pertsekuzioak.
Aitortu behar dizut. Lehen aldiz zurekin topo egin nuenean epe laburreko
gauza izango zinelakoan nengoen. Nolatan ikertzaile begibakar eta zarpailtsu
batek lor zezakeen audientziaren konfiantza? Zeinek nahi du auto ziztrina
gidatzen duen eta pistola sekula erabiltzen ez duen poliziarik? Nork miretsiko
zuen gabardina zahar eta puru-punta nazkagarri batez agertzen zen pertsonaiarik?
Ba bai. Begiratu batean itxura
utzia eta ustez despistatua zenuela zenirudienez, ezagutzen ez zintuen jende
askok baldar eta dohakabetzat jotzen zintuen, baina ez zinen halakoa. Guztiz kontrakoa baizik. Los Angeles hiriko
poliziak zuen ikertzaile argiena zinen. Guztiz galduta zeundela zirudien arren,
kasurik nahasienak ere argitzeko gai zinen. Zure ikasgaia argi eta garbi
zegoen: Inoiz ez dugu itxuraz fidatu behar. Berrogeita hamar urte baino gehiago
pasa dira 1968. urtean zure lehenengo atala grabatu zenuenetik eta hor
jarraitzen duzu, hiltzaile aberatsak eta sasi-jakintsuak espetxeratzen behin eta
berriz.
Peter Falk eta Colombo, Colombo eta
Peter Falk, musika esparruan erabiltzen diren hitzetan, zu “one hit wonder” bat
izango zinateke. Inork ez du Peterren beste pertsonaiaren bat gogoratzen eta imajinaezina
da Colomboren papera beste aktore batekin imajinatzea. Egia da beste lan batzuetan
ere aritu zinela, batzuetan kritika onak eta sariren bat lortuz, baina bizirik
dirauena, urteak pasa ahala, Colombo da. Horrek ez du bueltarik.
Zure inguruan agertu ziren azken berriak
erabat tristeak izan ziren. Alzheimerrek jota zeundelarik errodaje batetik egin
zenuen ihes eta autobide erdian aurkitu zintuzten erabat galduta, zure burua
arrisku bizian jarriz. Bigarren emaztea eta aurretik zeneukan alaba adoptatua auzitegietan
lehiatu ziren luzaroan zure babesa lortu nahian. Beharra 2009an utzi behar izan
zenuen eta 2012an betirako utzi gintuzun.
Baina zorionez, hor geratu zaizkigu
betirako zure aurreikusteko moduko ikerketak, zure galdera sasi-inozoak, inoiz agertu
ez den emazte hori eta batez ere zure irribarrea, justiziak beti irabazten
duela adierazten ziguna: estatus sozialaren gainetik, ospearen gainetik, iruzur
eta ustelkeriaren gainetik.
Bada, eskerrik asko Peter Falk, Colombo,
zure gezur goxo hori eskaintzeagatik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina