Hamahiru urte nituen eta, besteak beste, hura bezalako
astelehenak gorrotatzen ikasten ari nintzen. Instituturako bidean, Carlosek,
nere klaseko sasijakintsuak, gertaera bitxi horren berri eman zidan: tximino talde
batek, gure herriko kaian atrakatua zegoen itsasontzi batetik hanka egin omen
zuela. Hori aurreko igandean gertatu berria izanik, zehaztasun larregi ez
zegoen hurrengo goiz hartan. Irudimenaren burbuila handitzeko, gure “Ciencias
Naturales”eko irakasleak, Mendibil jaunak, tximinoen portaerari buruzko
premiazko ikastaro bat eman zigun. “Ez dut uste horren larria izango denik,
baina badaezpada ere…”
Oraindino inork ez zekien gauza handirik, baina Makuto
Irratia laster hasi zen ahoz aho. Itxuraz, Serantes mendian ere ikusi zituzten.
Baserritar bati eraso egin ei zioten eta horrek esandakoaren arabera, oso pizti
arriskutsua zen, goseak amorratzen zegoelako hain zuzen. Legendarik ausartenak
Bilboraino heldu zirela ziurtatzen zuen.
Astearterako, gure herriko kaian izandako gertaera bitxi
hori egunkari guztietan zetorren.
Dendetan, trenetan, patioetan… Luis Olmoren eguneroko
txiste grafikoan lantegi baten sarrerako ilara ikusten zen, fitxatzeko
makinaren gainean, kartel batean hau irakur zitekeen: “Santurtziko tximinoez
hitz-egitea debekatuta”. Ordurako berriak argiagoak ziren. Deskarga lanetan ari
zirela, guztira hogei tximinok lortu omen zuen kaiolatik irtetea. Holandatik
zetozen eta Madrilgo “Safari-park” berria zen euren helmuga. Makakoak
garabietatik eta portuko instalazioetan sakabanatuta zeuden eta oraindik, arduradunek zer egin erabaki behar zuten.
Piperra ezinbestekoa bihurtu zen. Gure klaseko ohiko koadrila olatu-hormaraino
hurbildu ginen. Susmatzen genuenez guztiz debekatuta zegoen kaiaraino hurreratzea
eta gure desengainurako, gure talaiatik, egun lainotsu hartan, ez zen fitsik
ere ikusten. Itzulbidea hartuta ostera, zenbait eztanda entzun ziren.
Asteazkenean hauen berri izan genuen: Britainia Handitik ekarritako bi
frankotiratzaileek tximino harrapaezinak akabatu zituzten: zortzi guztira.
Beste hamaika harrapatu zituzten bizirik goizaldean eta batek bakarrik zirauen
libre. Ez ziren ausartzen horren aurka tiro egiten, erregai-tanga baten gainean
zegoen-eta. Ziur aski horrek salbatu zion bizia. Azken honetarako bakarrik erabili
baitzuten bala anestesikoa.
Duela gutxi horretaz gogoratu naiz, “El origen del
Planeta de los Simios” filma ikusten nengoela,
tximino talde bat mundu osoa menperatzera zihoala.
Ramiro Pinillaren “Verdes Valles, Colinas Rojas”
liburuaren atal batean, Perutik ekarritako llama batzuek ihes egiten dute beren
kaiolatik, itsasontzitik deskargatzen ari direla eta behin mendira ezkero,
bertako astoekin lortzen dute binakatzea espezie berri bat sorraraziz.
Ia berrogei urte pasatu dira maiatzaren astelehen hartatik,
askatasuna zein oinarrizkoa, arriskutsua, ezinbestekoa den ikasi genuen egun
hartatik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina