Badira oso errentagarriak diren artistak, hil ondoren ere etekinak sortzeko gai direnak. Izan ere, badira artistak, eta ez dira gutxi, haien heriotzak bizitzan ziren baino askoz errentagarriagoak bihurtzen dituenak. Heriotza bezalako gertaera ukaezin eta demokratiko batek nolabaiteko kutsu heroiko bat ematen omen dio goizegi hil denari.
Askotan hilotzak, beraien iritzia jakin ezinik, kupida
gabe dira ustiatuak. Gainera, sarritan, euren familiek ustiatzen dituzte,
hildako ospetsuaren eskubideak baitituzte. Zinemaren heroiekin ikusi dugu hau,
baita rockaren eta punkaren hainbat 'gorpu atseginekin' ere. John Lennon eta
Bruce Lee inoiz onartu ez duten goi mailako autoen iragarkietan ikusi ditugu
eta hologramaren teknologiari esker, Michael Jackson eta James Dio, batik bat,
hil ondorengo emanaldietan agertu dira baita ere... Sharon Tate bere hilketa
izugarri hartatik libratzen zen Tarantinok 'Once Upon a Time in Hollywood'
filmean eskaini zigun berrasmatze memelo horri esker, non 'zintzoek' CharlesMasonen hippy gaiztoak txikitzen zituzten.
Beste askoren artean, Steve McQueen ordenagailu bidez
berpizturik ikusi dugu, autoak saltzeko. Orain Lola Floresen txanda heldu da.
Hainbat hedabidetan agertu denaren arabera, oso txalogarritzat hartua izan da
'faraona' ren berpizte digitala, garagardoa edo saltzeko, 98 urte beteko
lituzkeen urtean ezarri duten iragarki batean. «Badakizu zergatik ulertu
zidaten niri mundu osoan? Azentuagatik. Eta ez naiz hitz egiteko moduaz
bakarrik ari...». Niri jasangaitza egiten zaidan lehen plano batean kamerara
zuzentzen da ustezko Lola hori horrelako mezuekin. Badirudi Lolita eta Rosario
Flores alabek proiektuan parte hartu dutela, eta sare sozialetan adierazi
dutenez erabat 'pozik' daude emaitzarekin.
'Black Mirror' telesailaren atal batean 'Be RightBack' izenekoan, protagonista gazteak senarra galduko du istripu batean eta
hildakoen 'aztarna digitalean' oinarritutako robotak ekoizten dituen enpresa
batekin harremanetan jarriko da. Era honetan, digitalki berpiztu eta berarekin
harremanetan jarrai dezake, hil ez balitz bezala. Izan ere, 'senar' berria
perfekzionatuta dago zenbait arlotan -sexua barne-. Denak dira abantailak.
Erokeria? Torontoko Ryerson Unibertsitateko ikertzaileak, MIT Media Labekin
elkarlanean, hildako pertsonekin komunikatzeko aplikazio bat diseinatzen ari
dira. 'The Guardian'en arabera, teknologia berriak adimen artifiziala erabiliz
heriotza gaindituko duen 'bot' moduko bat bihurtuko du persona baten aztarna
digitala. Aplikazioak gizaki horren bizitzako datu
digital guztiak bilduko ditu, ideiak, ezagutzak eta
besteekin elkarreragiteko modua simulatuko dituen robot bat sortzeko. Makina
hauek etengabe gauza berriak ikasteko diseinatuta egongo dira, eta hil
ondorengo galderak erantzuteko ere gai izango dira. 'Aurrerapen' teknologiko
hori da, orain arte, «hilezkortasunaren kontzeptura gehien hurbiltzen dena»,
ikerketa zuzentzen duen Hossein Rahanama doktorearen hitzetan. «Gure izate
fisikoa hil ahal izango da, baina gure izate digitalak eboluzionatzen
jarraituko du, jendeari laguntzeko eta gure ondarea izaki ebolutibo gisa
mantentzeko». Ez dakit barre ala negar egiteko den. Dena den, inork ez dezala
bere burua engaina: Lola Flores ez da garagardoa iragartzen ari.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina