2021(e)ko otsailaren 8(a), astelehena

MARMOTA DAYS

 


Bitxia bada ere, "Groundhog Day" -gure artean "Atrapado en el tiempo"- filmak ez zuen txarteldegiko errekorrik izan, ezta sari handirik ere, baina hala ere, denbora igaro ahala, film aipatuenetako bat bihurtu da. Zenbait kazetarik zerbait egunero errepikatzen dela adierazi nahi duen bakoitzean, esamoldea berriro entzuten da: "badirudi marmotaren egunean gaudela".

Baina Harold Ramis-en filmak ez du egunero errepikatzen den errutinaz hitz egiten, erremediorik gabe errepikatzen den egun batez baizik, madarikazio bat balitz bezala. Beraz, Bill Murrayk bikain antzezten duen protagonistak bere jokabidea zuzentzeko aukera izango du, bizi dituen egoerak behin eta berriz errepikatzen baitira,  baina berak bakarrik gogoratzen ditu. Tramaren une batean, adibidez, bere institutuko tipo gogaikarri batekin topo egiten du, lehen egunean pazientziaz jasaten duena, baina eszena bera enegarren aldiz errepikatzen denean, bere bidetik ukabilkada batez aldentzen duena.  Protagonistak bere trebetasun sozialak eta besteekin duen portaera finduko ditu, harik eta patuak (edo auskalo zerk) orrialdea pasa eta beste egun bat has daitekeela erabakitzen duen arte.

Lehen aldiz ikusi nuenean, denbora pasatzeko modu egokia iruditu zitzaidan, besterik gabe. Baina aitortu behar dut behin baino gehiagotan ikusi dudala, eta haren eszena asko aldiro itzultzen zaizkidala gogora. Tira, uste baino arrasto handiagoa utzi dit. Zinta, anglosaxoiek "What If" deitzen duten esparruan koka daiteke. Istorio horiek egoera fantastiko eta sinesgaitzetan kokatzen gaituzte, baina gure izaerari buruz hausnartzeko balio dute. Burura datorkidan beste izenburu bat Peter Howitten “Slidin Doors” da, Gwyned Paltrowizen nagusia izanik; protagonista metroa hartzera iristen den ala ez, bi garapen ezberdin ditu. Ildo beretik datorkigu Danny Boyleren "Yesterday" izenekoa, The Beatles taldea inoiz existitu ez den mundu bat agertzen diguna edo Peter Weir-en “The Truman Show”, non gazte baten bizitza osoa “reality” baten barruan dagoen. Orain HBOn ikusgai dagoen “Palm Springs” komedia ere, denbora-begizta batean oinarritzen da.                                 

Bide batez esanda, "Marmota Eguna" mende bat baino gehiago duen tradizioa da, Estatu Batuetako eta Kanadako herri askotan begiratzen dena. Herri sinesmenaren arabera, marmota bere gordelekutik irteten bada eta bere itzala ikusten ez badu (egun lainotsua delako), gordelekua utziko du, eta horrek esan nahi du negua laster amaituko eta udaberria berehala hasiko dela. Aitzitik, egun eguzkitsua dela eta, marmota, bere itzala ikusita, berriro bere gordelekuan sartzen bada, neguak sei aste gehiago iraungo duela esan nahi du. Animalia baten portaerari erreparatzeko ohitura, negua luzatuko den ala ez jakiteko, oso zabalduta omen dago Europan zehar ere. “Ikasbil” webgunean irakurri daitekenez, Pirinioetan, Kandelario-egunaren inguruan, hartza esnatu eta haitzulotik irteten zen. Ilargi betea bazegoen, bere babeslekura itzultzen zen eta bere lozorroa berrogei egun gehiagoz luzatzen zuen. Ilargi berria bazegoen, bere gordelekutik irteten zen, negua amaitu zelakoan baitzegoen.                                              

 Bada, “Phil” marmotaren iritziz neguko sei aste gehiago izango ditugu. "Tenporek" bezala, halako sistemek askotan huts egiten dute, baina… zer izango litzateke gutaz fantasiarik gabe? 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina