Gogoan dut erregela batekin jotzen gintuen moja hura. Gogoan dut nire oraingo adina oso urruna zela iruditzen zitzaidan garaia. Gogoan dut Athletic hura, Iribar izan ezik, bizkaitarrez osatua zegoena. Gogoan dut 'heriotzaren kalezuloa', non gizon bat erre zuten gasolinaz busti ondoren. Gogoan dut iturri publikotik edaterik ez genuenean, 'tifusa' zegoelako. Gogoan dut 'Lou Reed Live' diskoa erosi nuela Franco hil zen egunean. Gogoan dut lehen musu hura, nire herriko portuan: gozamena. Gogoan dut lehen sexu-harreman hura: hondamendi txiki bat. Gogoan dut gure aita 'Sasibil, mi caserío' komunean kantatzen ari zela. Gogoan dut Jose Mari Portellen gorpua, haren etxeko atarian, maindire batez estalia.
Gogoan dut Jon Idigoras, esanez: «Poliziak ETA deuseztatuko balu, hurrengo egunean beste hamar sortuko lirateke». Gogoan dut Ella Baila Solaren kontzertu bat Deustuko Garden diskotekan. Gogoan dut Josu Exposito, Moris rocker argentinarra nirekin elkarrizketatzen Delphos' diskotekako kamerinoetan. Gogoan dut Josu, Who taldeko kide guztiak imitatzen nire etxeko atarian. Gogoan dut, Zaramaren kontzertu batean, polizia eszenatokira igo zela bonba abisu baten berri emateko -inork ez zien kasurik egin-. Gogoan ditut institutuko lehen egunak, lagunik gabe eta ikaratuta.
Gogoan dut don Julio, irakurzaletasuna piztu zidana. Gogoan dut Menendez irakaslea, Roke 'Poeta' Mendez hil zuten egunean negarrez gelan. Gogoan dut Rolling Stonesen kontzertua Bartzelonan 1976. urtean; poliziak ke poto bat bota zuen eta segundo batzuez han bertan hilko nintzela uste izan nuen. Gogoan dut Rontegi zubian izandako auto-istripu hura, une batez han bertan hilko nintzela iruditu zitzaidan. Gogoan dut ikurriña lehen aldiz ikusi nuenean, poltsiko-egutegi 'subertsibo' hartan. Gogoan dut nire alaba zaharrena jaiotzeko unea, baldintzarik gabeko maitasun sentipen hura. Gogoan dut El Toyi boxealaria La Casillako aldageletan, bakarrik eta burumakur, borroka bat galdu eta kartzelara itzuli behar izan ondoren. Gogoan dut Basauriko kartzela, erreportaje bat egitera joan eta lagun batekin topo egin nuenekoa.
Gogoan dut Juan Carlos Eguileorrekin izandako egun ahaztezin bat. Gogoan ditut ziega militarreko hormak, odol lehorraren arrastoak zeuzkana. Gogoan dut etxe ezezagun batean esnatzea eta kale ezezagun batera irtetea ibilbide ezagunen baten bila. Gogoan dut ebakuntza amaitu eta gero esnatzea eta, hodei artean, alaba gazteenaren aurpegia ikustea. Gogoan dut punk bikote bat Londresen paseatzen 1977. urtean, mutilak lepotik lotuta zeraman neska, zakur kate batekin. Gogoan dut gabarra, jendetzaren aldarri artean itsasadarrean gora eta langile ilara luze bat, Bizkaiko Labe Garaietatik agurtzen; Patxi Alonso, Kike Martín eta hirurok txalupa batean ginen irratirako esatari.
Gogoan dut nire konpainiako sarjentua birao egiten PSOEk lehen aldiz irabazi zuen egunean. Gogoan dut Ched Khaled-ek Tunisian emandako kontzertua, operetako polizia hura, barrura pasa zitezkeenak hautatzen jendetza artean. Gogoan dut Josu ikusi nuen azken eguna, samindura irribarrean. «Egunen batean zure etxetik pasatuko naiz», esan nion. Gogoan dut, bai, Aritz Galarragaren 'Gogoan dut' liburua, baita Joseba Sarrionaindiaren 'Akordatzen' izenekoa ere, eta, nola ez, Georges Perec-en 'Je me Souviens: les Choses Communes' ere -Joe Brainarden 'I Remember' izenekoa ahaztu gabe-. Eskerrik asko lauoi zutabea inspiratzeagatik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina