Movida Madrileñaren zale izan bazinen, arrazakeriaren
eta biolazioaren justifikazioari eta fribolizazioari ezikusia egin zenion.
Damutu behingoz!
Eskema beti da antzekoa: nik agintzen dizudana bete
behar duzu zuk; eta nik, berriz, nahi dudana egingo dut, agintzen dizudanaren
kontrakoa barne. Berriki arte, izurritu hutsa zinen etakide edo HBren
jarraitzaile izan bazinen; oraingoan, EAEko hedabide nagusiek sentiarazi nahi
dute Euskal Rock Erradikala gustatu bazitzaizun erredimitzen ahalegindu beharko
zenukeela.
Salbabideko lehenbiziko urratsa izan liteke garai
hartako Espainiako musika popularraren panorama orokorra hobeto ulertzeko
elementuak eskaintzea. Bada madarikatua izanik gozatzen duen jendea, baina
gehienok bakean utz gaitzaten nahi izaten dugu oroz lehen.
Beraz, gizarte osoaren onura bilatuko dugu, oraingo
honetan pedagogiaren bitartez.
Garai hartako Espainiako izpiritua hobeto ulertzeko:
-"Pinguino bat nire igogailuan" taldearen
"Igogailuan
harrapatuta".
-"Polanski eta irrika" (edo "Polanski
eta bihotzerrea") taldearen "Neska beltza"
edo "Ez du lakarik erabiltzen".
-Batzuen ustez, "Paradisua"ren "Zuretzat"
pederastiaren apologia da, baina ez dago bat ere argi. Niri egundoko kanta
iruditzen zait. Ea zuri.
Luis Antonio de Villenaren poemek eta autobiografiek
bezala, El Zurdo-ren abesti horrek ere ederki kontsolatu eta adoretu zituen
1980an homosexualak zirela aurkitzen ari ziren Euskal Herriaren hegoaldeko
hainbat nerabe. Artean hamabost urte falta ziren Goenkaleko bikote homosexualak
agertzeko.
Ondo pentsatuta, ez nago prest Zaramaren miresle
izateaz dolutzeko; ez ditut Lezoko eta Irungo kontzertu gogoangarri haien
oroitzapenak baztertuko, are gutxiago, bakarrik Zarama ikusteko bakarrik egin
nuen lau ordu pasako erromesaldiarenak: Irunen topoa Donostiaraino, Donostian
busa Bilboraino, eta gero oinez Olabeaga eta Zorrotzatik Santurtzin eman zuten
kontzertura iritsi arte. Sestao igarota, belardi batean, asto bat ikusi nuen
zuhaitz bati lotua. Auskalo zergatik gogoratzen dudan hain argi, begiratu zidan
moduagatik ziur aski, arranoaren begirada baitzuen, ez astoarena.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina