Zarama etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Zarama etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025(e)ko urtarrilaren 29(a), asteazkena

LONDON CALLING ELEBERRITIK HARTUTA.

 


Zaramaren kontertua ikusi zuten distantzia zentzuzko batetik, neskek hala eskatuta, ez oso urruti, ondo entzun eta ikuskizuna gozatzeko, ez oso hurbildik, pogoak eta bultzakadak ekiditzeko. Santurziarren kontzertua guapo egon zen, punk doinu zuzenak nagusi, Egunaz, gabaz, arratsalder, zeta eta jeep eta tanketagaitik, bildur naiz, reggeari tartea utziz zenbait unetan, Gau ondoren heldu zen goiza, kaleak gorriz tindatuak, lelo itsaskorrak guztion ahotan, Beti galdetzen nabil, zaramaren erdian, hemendik nola ateratu... guzti-guztiak euskaraz, kantaria gehientsuenetan zaleei gaztelaniaz zuzendu arren, akaso oholtzaren aurrealdean bildutako punkar kuadrillak ulertuko ez ziolako ustean, uste okerrean, uste ustelean.

Azken akordearen oihartzunarekin batera, txosnarantz egin zuten lagunek katxi berriak eskuratzeko asmoz, ahalegin handiz, ezen jendetzaren artean bidea zabaltzea, bidezidortxoa sikiera, ez baitzen egiteko samurra. Helmugara iritsita, ukondoak baliatu behar izan zituzten nola edo hala edaria eskatzeko, oholtza gainetik kantatu berri zutenez, goazen borrokara!

Hurrengoak ikusteko aurrerago joan beharko dugu, esan zien Josuk lagunei, katxiak eskurik esku zebiliza, ikusiko duzue, brutalak dira!


"London Calling" izeneko liburutik hartuta. 

Musika asko sartu du Goio Ramosek Zubikarai beka irabazitako bere estreinako eleberri honetan: taldea eratu, kideak topatu, abestiak sortu, kontzertuak bilatu, maketa bat grabatu... Baina rock'n'rollaz gain presente daude nobelan garaiko gertakariak, pil-pilean zegoen gizartea, droga, politika, gatazka sozialak... baita lehen amodioaren txinparta ere, uste baino gehiago kixkaliko duen sugarra.


2024(e)ko uztailaren 1(a), astelehena

"Iñaki, zer urrun dagoen Kamerun" . (Ura Bere Bidean)



Publikoz betetako Bilbao Exhibition Center bezalako pabilioi baten aurrean aritzea ez da egunero gertatzen den zerbait. Era berean, ez da oso ohikoa orkestra sinfoniko koraldun oso batek laguntzea eta Fernando Velázquez bezalako zuzendari ospetsu baten gidaritzapean egitea. Gainera, espresuki eskatu zidan Zarama banda osoa zoriontzeko konposizioagatik. Punta-puntakoa izan zen Bulegoko Tom Lizarazurekin lan egitea eta hainbat belaunalditako euskal artistekin kamerinoak partekatzea. Niretzat, bizitzan behin gertatzen den gauza horietako bat da. Eta "maitatzea partekatzea" denez, hemen utziko dizut. Iñaki orkestra-bertsioan. Ura Bere Bidean.

2023(e)ko martxoaren 18(a), larunbata

"80KOAK , HAIEK BAI MUSIKAK!"

 


Manu Etxezortuk Euskadi Irratian egindako lan eder batetan hartu dut parte. Hemen entzun dezakezu 

Lau hamarkada pasatu dira "euskal rock erradikala" deitutako mugimendua lehertu zenetik. Denbora asko pasa den arren mugimendua presente dago oraindik, horren adibide Verde Pratoren moldaketak edo Olatz Gorrotxategik ondu duen "Mierda de ciudad" antzezlana. Garai hartako eztandaren protagonista izan ziren Baldin Bada taldeko Katu Susperregi eta Zaramako Roberto Mosoren eskutik gogoratu ditugu iraganerako garaiak eta pasadizoak. 80ko rocka mito bihurtzearen arrazoiei buruz jardun gara. Gainera, biak izan dira betidanik irratizale eta horrek beraien gustuko saioak eta esatariak gogora ekartzeko aukera eman digu.

2022(e)ko urtarrilaren 31(a), astelehena

Onartu gaizki egon zela eta eskatu barkamena! (Markos Zapiainek sinatutako artikulua "Eibar.Org" webgunean)

 


Movida Madrileñaren zale izan bazinen, arrazakeriaren eta biolazioaren justifikazioari eta fribolizazioari ezikusia egin zenion. Damutu behingoz!

Eskema beti da antzekoa: nik agintzen dizudana bete behar duzu zuk; eta nik, berriz, nahi dudana egingo dut, agintzen dizudanaren kontrakoa barne. Berriki arte, izurritu hutsa zinen etakide edo HBren jarraitzaile izan bazinen; oraingoan, EAEko hedabide nagusiek sentiarazi nahi dute Euskal Rock Erradikala gustatu bazitzaizun erredimitzen ahalegindu beharko zenukeela.

Salbabideko lehenbiziko urratsa izan liteke garai hartako Espainiako musika popularraren panorama orokorra hobeto ulertzeko elementuak eskaintzea. Bada madarikatua izanik gozatzen duen jendea, baina gehienok bakean utz gaitzaten nahi izaten dugu oroz lehen.

Beraz, gizarte osoaren onura bilatuko dugu, oraingo honetan pedagogiaren bitartez.

Garai hartako Espainiako izpiritua hobeto ulertzeko:

-"Pinguino bat nire igogailuan" taldearen "Igogailuan harrapatuta".

-"Polanski eta irrika" (edo "Polanski eta bihotzerrea") taldearen "Neska beltza" edo "Ez du lakarik erabiltzen".

-Batzuen ustez, "Paradisua"ren "Zuretzat" pederastiaren apologia da, baina ez dago bat ere argi. Niri egundoko kanta iruditzen zait. Ea zuri.

Luis Antonio de Villenaren poemek eta autobiografiek bezala, El Zurdo-ren abesti horrek ere ederki kontsolatu eta adoretu zituen 1980an homosexualak zirela aurkitzen ari ziren Euskal Herriaren hegoaldeko hainbat nerabe. Artean hamabost urte falta ziren Goenkaleko bikote homosexualak agertzeko. 

Ondo pentsatuta, ez nago prest Zaramaren miresle izateaz dolutzeko; ez ditut Lezoko eta Irungo kontzertu gogoangarri haien oroitzapenak baztertuko, are gutxiago, bakarrik Zarama ikusteko bakarrik egin nuen lau ordu pasako erromesaldiarenak: Irunen topoa Donostiaraino, Donostian busa Bilboraino, eta gero oinez Olabeaga eta Zorrotzatik Santurtzin eman zuten kontzertura iritsi arte. Sestao igarota, belardi batean, asto bat ikusi nuen zuhaitz bati lotua. Auskalo zergatik gogoratzen dudan hain argi, begiratu zidan moduagatik ziur aski, arranoaren begirada baitzuen, ez astoarena. 

 

2021(e)ko otsailaren 23(a), asteartea

ZARAMAREN ERDIAN

Zibilizazioa gizakiak bere hondakinekin jartzen duen distantzia da, Brian Aldiss idazle britainiarrak 1964an utzi zuen idatzia. Basakeria, gehi genezake, gure hondakinei ematen diegun tratu iraingarria da.                    

Gurpil zoro batean gaudela ematen du. Basoen suntsipenari buruzko liburu zentzudunak behin eta berriz berrargitaratzen dira basoak suntsituz. Adituek etengabe ohartarazten digute plastikoaren hondamendiei buruz, baina plastikoak eta zelulosak nonahi daude ikusgai: letxugak biltzen, ura botilaratzen, bitxi-dendak  betetzen…

NBE-Ingurumenaren estatistiken arabera, munduak gutxi gorabehera 400 milioi tona (40 kilo pertsonako) hondakin plastiko sortzen ditu urtero, eta gaur egun soilik % 14 biltzen da birziklatzeko. Horrez gain, eta Greenpeacek argitaratu duen arabera, marka ezagun batzuek bilgarriak birziklatu ezin diren produktuak erabiltzen jarraitzen dute.                                                  

70 kilo inguru pisatzen baduzu, Europako batez bestekotik oso gertu, jakin ezazu urtean sei aldiz baino gehiago sortzen duzula zure pisua zaborretan. Sei aldiz zartatutako latetan, ontzi hautsietan, alferrik galdutako janarian eta hondatutako aparatu elektronikoetan, besteak beste. Bai, badakit, ohiko diskurtso deserosoa da, hasperen txiki bat eragiten diguna eta orrialdetik pasatzera bultzatzen gaituena. Zaramak gainezka egiten digu, baina ez dugu ikusi nahi. Gugandik urrun nahi dugu, norbaitek kudea diezagun, ez gaudela huskeria horietan denbora galtzeko prest eta horretarako ordaintzen ditugu zergak. Nahikoa dugu birziklatzea eta poltsa bakoitza bere zuloan sartzea, eta fardel handiak garbigunera eraman, non tipo irrifartsu batek, furgonetan baten alboan, atean esango digun ez dela beharrezkoa barrura sartzea, haiek enkargatuko direla eta. Bere eskaintza atseginari uko egiten badiozu, eskerrak emango dizkizu, bihotzeko hatza mehatxatzaile bat erakutziz.                                                                                             

Hondakin nuklearrak, zaborra espaziala, itsasoko zabor-zopa kilometrikoak (Ozeano Barean eta indikoan)  erraustutako zarama, gaixotu, eta hil egiten gaituena, alarma klimatikoa areagotzen duen bitartean. Gainezka egiten duten zabortegiak arrisku bizia bihurtuz, berriki ikusi dugun bezala . Geure kakatan murgildurik hilko gara bai, baina ez nazazu orain horrekin gogaitu, askoz ere arazo larriagoak baititut.

"Zaborretan zerbait hobea bilatzen dut", kantatzen zuten Eskorbutokoek. "Beti galdetzen nabil, zaramaren erdian, hemendik nola ateratu" kantatzen zuten Zarama izeneko batzuek. "Basura" Errenteriako beste punk talde mitiko baten izena ere bazen, drogek jota. "Basura" zen, halaber, Panchos taldearen bolerazo garratzenetako bat, eta “Trash”, New York Dolls-tarren abestitzar bat. Laurogeita hamarreko hamarkadatik hona "Garbage" izeneko talde aparta ahaztu gabe.


Zibilizazioa, diotenez, zaborretatik urrundu ginenean hasi zen. Baina errealitate egoskorrak egunez-egun esaten digu: zaborra materia da, eta gizakiok tematu arren, ez da desagertzen, eraldatu baino ez da egiten. Dagoeneko ez da mehatxu abstraktu bat. Bere mendekua gure egunerokotasunean gauzatzen ari da. Ez badugu serio hartzen, guk sortutako kakatan itota amaituko dugu.


2016(e)ko maiatzaren 31(a), asteartea

AMAIERAK


Zarama Santurtzin 2010.urtean
Zarama taldearen “bigarren bizitzako” kideak entseguan geunden jo eta ke. Nafarroa aldean ekitaldi bat geneukan asteburuan eta errepertorioari errepasoa egiten geniharduen.
Bosgarren kantuan edo ari ginela, hara non zabaltzen den atea. Entsegu-lekuen arduradunak ospakizun batera gonbidatu nahi gintuen. Egoitzaren urteurrena bete omen zen eta musikarien zain pintxo eta edari franko zeuden guztion urdailak lanean jartzeko prest. “Bost minutu besterik ez dira izango” agindu zigun eta bost minutu horiek oraindik amaitzeke daude.
Taldeen arteko giroa eta dastagai zegoen guztia horren goxoak ziren, inor ez zela bere txokora itzuli. Handik gutxira, ekitaldia suspenditu zen zenbait kideren laneko gorabeherak tarteko, eta taldea “stand-by”n uztea erabaki genuen. Hitz monarkikoetan: “fin temporal de la convivencia” deituko luketena.
Seguruenik bost abesti horiek taldeak jotako azkenak izan ziren. 1995. urtean, gure “lehenengo bizitza”rena,  oso bukaera ezberdina izan zen: Santurtzin ospatzen zen Ibilaldian, parkea jendez gainezka, ETBko kamerak hegaz nonahi eta gu oso ikuskizun landua eskainiz... Gure lehenengo agurra “loriatsua” izan zen nolabait, bigarrena aldiz... ez tristea ez alaia: “ganorabakoa” deituko nuke nik.
Horrelakoak dira maiz gure bizitzan izaten diren bukaerak: Mezu tentel bat telefonoan; “gero arte” hots bat; topaketa azkar bat: “ea noiz egiten dugun afari hori eh?” – “Bai, nire kontu”...
Mota askotako bukaerak daude. Fikzioan nahiago ditut ezustekoak, Los Soprano eta Mad men telesaioenak, esate baterako, borobilak dira niretzat. Casablanca eta Blade Runner filmeenak oso poetikoak eta El Sexto Sentido; Los Otros edo Citizen Caine tankerako pelikulek bukaeran dute beren zentzu osoa;  aldez aurretik jakinez gero: akabo!
 Antzerkian El Metodo Gronhol antzezlanaren azken eszenari txapela kentzekoa deritzot eta literaturan ezin ahaztu Vazquez Montalbanen Los Mares del Sur eleberriarena edo Tomas Mannen La Montaña Magica-rena.
Musika sailean nahiago ditut bat-bateko bukaerak, astiro-astiro desagertzen direnak baino.  
Bada, egunen batean dena amaituko da. Munduak berak dauka bere bukatze data. Ziur aski gu guztiona askoz lehenago gertatuko da. Norberaren azken egunean, existitzen den guztia desagertzen da bat-batean. Bitartean bukaera hori nola izango den nahiago dugu ez jakin.
Baina gure bukaera ez da bukaera. Ez du ematen denborak inoiz desagertzeko asmorik daukanik. Agian denak amildegi horren aurrean gaudelako, bukaera zehatzak, borobilak asmatu nahi ditugu.
Willy Wilderrek , oso “The End” bikainak sinatu zituen zuzendariak -ahaztezina benetan El Crepúsculo de los Dioses pelikularena- idatzita utzi zuen bere bizitzarako zein izango zen bukaera perfektua: “Laurogeitaka urte ditut; emakume eder batekin txortan nago, eta orgasmora biak batera heltzen garenean, haren senarrak, ni konturatu gabe, hil egiten nau, garondoan tiro eginda”.
Hau paradoxa!, hitz potoloko legeen bidez droga debekatzen duen gizarte honek, morfina ematen digu askotan gure bukaera leunago, goxoago bihur dadin. Fededunentzat geroko bizitza baten itxaropena  lagungarria da. Ni aldiz, betikotasuna asmatze hutsak, dar-dar batean jartzen nau. 
Baina kontuz: alde egiteko inolako presarik ez! 





2013(e)ko azaroaren 26(a), asteartea

BI IBARREN HISTORIA



160 metro izeneko filmaren aurkezpen jaiaren unea
 
160 metro. Horixe bera da Nerbioi ibaiaren bi ibarren arteko aldea Bizkaia Zubiaren parean. Aspalditik bi mundu ezberdinen arteko lotura edo tartea.
Txikitan zubiaren bestaldera pasatzera atzerrira joatea bezalako bidaia egiten zitzaidan. Hor “mugaren” bestaldean: hondartzak, jauregiak, pasealeku ederrak eta ongi pentsatutako etorbideak.
Gaztaroan unibertsitatera joateko ezinbesteko pasabidea bihurtu zen. Goizeko ordu txikietan estu-estu joaten ginen Tokioko metroa izango bailitzan, bertoko “txapel-urdinek” pixka bat estuago joateko eskatzen zigutela. Lotsagarrien paradisua. Eskuinaldeko etxeetan lan egitera joaten ziren nesken eskuetan orratzak ugaritu ziren, esku ausarten kontra.
Horietako neska baten zain bertaratu nintzen ilunabar askotan, gero bere etxeraino laguntzeko. Garai hartan Errontegiko zubia ez zegoen zabalik eta ibaia zeharkatzeko aukera bakarrak Bizkaia Zubiko “transbordadorea” eta zenbait “gasolino” ziren.
Oraindik ere Sopela eta Santurtzi arteko bidaietan gustuko dut noizean behin UNESCOk “gizon-emakume guztien ondarea”  izendatutakoa erabiltzea, nahiz garraio bezala guztiz zaharkiturik geratu.
Joan den astean Guggenheim museoan 160 metro. Bizkaiko Rockaren Historia izeneko dokumentala aurkeztu zen. Joseba Gorordok eta Alvaro Fierrok ekoiztutako lan horretan azken hamarkadetan bi ibarretan izandako korronte musikalak aztertzen dira.
Punk eta Heavy musika oinarri zuten ezkerraldeko taldeak, 80ko hamarkadakoak, batetik,  eta “Getxo Sound” izendapenarekin 1990. urtetik aurrera nahikotxo ezagutuak izan ziren taldeak, bestetik.
Gordinak eta zuzenak, lehenengoak, “cool”ak eta landuak, bigarrengoak.   
Gustura ikusi nuen, tarteka-marteka parte hartu dudan dokumental hau, eta ez bakarrik –hori sinetsi nahi dut behintzat– nire taldea eta nire iritziak aski agertzen direlako. Behingoz, Bilbo ardatza duen erreportaje batean, horren funtsezkoak diren ibaiko ibarrek protagonismoa hartzen dute. Lan honetan ezberdintasunak ez dira ezkutatzen -zentzugabea izango zen-  eta nabariak dira bai aukeratzen diren estiloetan, bai ukitzen diren gaietan. Bitxia da gero, horren metro gutxira bizi izan diren gazteek horren hizkera ezberdina erabiltzea eta orain dela gutxi arte, horren gutxitan elkarrekin lanean ikustea. Baina oso eskergarria da, benetan, topikoetatik urruntzeko egiten den ahalegina.
Triste baino tristeagoak azken urteetako Iosu Expósitoren  hitzak, bukaera aurpegian marraztuta, baina ausartak ere bai, heroina eta inguratzen duen benetako giroa salatuz, mitifikaziorako inolako izpirik utzi barik. Ezuste galanta -niretzat behintzat- Getxo Sound taldeetako partaide askoren damua, haien hitzak osatzeko ingelesa aukeratu izanagatik. Oro har, dokumentalak uzten duen kutsua erabat osasungarria da. “Atzera begira amorrurik gabe” izan zitekeen izenburua.
Ondorengo ekitaldian bi ibarretako musikariak igo ginen BBK aretoko oholtzara, nahiz ibarren arteko nahasketak oraindik ere hor iraun. Aurpegi alaiak ikusten ziren, ondorengo “goatekean”  ere, AZKENA aretoan, eta hor bai solasaldiak guztiz nahastuak eta animosoak sumatu nituela. Dokumentalaren unerik barregarriena hauxe izan zen. Eskorbutoko Jualma beti bezala zuzentasun politikotik at: “lo que pasa es que las tías de la margen derecha están más buenas...”.

2013(e)ko apirilaren 24(a), asteazkena

GARAJE SOINUAK

"Bilbao,Mierda, Rock & Roll" diskoaren aurkezpenean bildutakoak
“Bilbao, Mierda,Rock & Roll” izeneko diskoaren aurkezpena. Binilo bat alajaina! Diskoan dagoena ere zaharra da. Laurogeiko hamarkadan grabatua, San Inazio auzoko “El Garage” aretoan. Cassete zinta batetik binilora zuzenean. Talde gehienak desagertuak dira:  Zer-Bizio, Viciosa, Baldin Bada, Vulpess, Kortatu, M.C.D., Gazte Hilak, R.I.P., Decibelios, Primitivos... Valentziako diskoetxe txiki batek argitaratua: “Vómito Records” diskoetxeak hain zuzen.  
Bilbo Zaharreko denda txiki batean da hitzordua, “Street Warriors” mitikoan, bere hamargarren urteurrenean. Ostiral batean arratsaldeko seietan. Kolinas, denda-burua, eta diskoetxeko bikotea prest daude ongi-etorria egiteko. Izotz artean zerbeza potez betetako bi balde. Diskoan agertzen garen guztiok gaude gonbidatuta. Ronda kalea “Inserso”ko punk-rockerrez betetzen doa. Baldin-Badako Katu Susperregi eta bere semea (bera baino altuagoa), Vomito taldeko Claus Groten, beti bezain gogotsu, proiektu berriz gainezka. Zer-Bizioko Tomas irribarretsua eta Txabi serio demonio, Bartzelonatik etorritako Decibelios taldeko Miguel, betaurreko beltz batzuen atzean ezkutatuta... aurreko paretatik Begoñako amaren irudiak, kristal batez babesturik eta Txabi Etxebarrietarenak, paretan marrazturik hau, ez dute fitsik galtzen.
Prentsaurrekoan “La Jaula”, “El Garage” eta nola ez, hor bertan hainbeste urtetan zehar zabalik egondako “Gaueko” aretoa mintzagai bizi bihurtzen dira. Denboraren poderioz oroitzapenak nahastu dira erabat, ez da garbi geratzen nori bota zioten botila hori, zein talde jotzen ari zen, polizia egurra banatzen sartu zenean, edota nori bururatu zitzaion su-itzalgailua erabiltzea ekitaldi erdian. Hori bai, garbi geratzen da nolabaiteko aingeru begirale bat izango zela guzti horren atzean, sekula ez baitzen gauza larririk gertatu. Oholtzetatik at bai gertatu zen. Diskoan agertzen direnen artean batzuk ez daude jada gure artean, haiei ere agur eta ohore.Argazkien tartea. Konturatzen garenerako familia ikaragarri handitu zaigu. Abesti zaharrak jarrerak hartzeko lagungarri: “Botas y tirantes”, “Bailaré sobre tu tumba”, “Ratas en Bizkaia”. Ez dakit ni nola ikusiko nauten haiek, baina nik, oro har, lasaiago eta jatorrago sumatzen ditut denak. Atzean geratu da “tipo gogorraren” plantak egin beharra eta jakina, ez da inongo lehia arrastorik igartzen. Gure kalaketan badago lekua gure familiez hitz egiteko eta iraganeko pasadizoak gogoratzeko. Biniloa eskuetan, norbaitek berria bota du: “Ba al dakizue? Orain, nahi izanez gero, hil ostean zure hautsarekin binilozko diskoa egin ahal dizute; zuk kantak aukeratu eta gero 4.700 dolarren truke zure gorpua elepe bihurtzen dute...”. Hor bai, erantzunak bata bestea baino atomikoago... “Benga, goazen aitonaren diskoa entzutera”. “La Espuela” Iturribideko tabernan, Kolinasek gure garaiko harribitxiak pintxatuko ditu Miguel-Decibeliosek eta biok mahai-futboleko “dream-team”a osatzen dugun bitartean. Uf, zuzen zebilen esan hau asmatu zuena: “Siete Calles, sabes cuando entras, no cuando sales”.