Txile etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Txile etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014(e)ko martxoaren 12(a), asteazkena

BOZKETA SAMINAK




Pinochet diktadoreak bere erreferenduma galdu zuen
Hauteskundetan irabazteak ez dizu edozer egiteko baimena ematen. Askotan, hori azpimarratzeko Hitlerren garaipena aipatzen da, eta ez alferrik. Hautetsontzietan boto gehiago lortzeak ez dizu bidea zabaltzen denon bermeak pikutara bidaltzeko eta horrela gertatzen denean agintariak demokraziaren bestaldean kokatzen dira. Bai horixe.
Baina, bestetik, irabazi duenaren kontrako matxinadak, nahiz herriaren parte handi batenak izan, ez dira, nahitaez, bidezkoak izaten.
Gerra Hotzaren garaian, ohikoak izan ziren Estatu Batuen “esku-hartzeak” irabazle “susmagarrien” kontra. Agian kasurik lazgarriena Txilekoa izan zen. Salvador Allende sozialistak, boterea eta bizitza galdu zituen estatu kolpe baten eraginez, bere ordez Augusto Pinochet diktadore odolzalea jartzearren. Garai hartan “komunismoaren mehatxua” zen aitzakia, eta Kubako eredua zabaldu ez zedin, dena zen zilegi, antza. Azken finean Sobietar Batasunak gauza bera egiten zuen bere eraginpetik ihes egin nahi zuten herrialdeekin. Udaberri berririk ez Txekoslovakian, Hungarian edo Polonian saiatutako aldaketa prozesuentzat. Baina banaka urteen buruan askatasun haizeak nonahi zabaldu ziren eta inperioen eragina erabat gutxitu zen denon zorionerako. Winston Churchillen esaldi famatua,   “Demokrazia, gizakiak eratutako gobernu sistemarik okerrena da.  Beste guztiak salbu", munduan zehar zabaldu zen izurrite antzera.
Txilen bertan gertatu zen legez, bortizkeriaz kendutako askatasuna ez da egun batetik bestera ahazten. Herriek beren harrotasuna daukate eta historiak behin eta berriz erakusten diguna hau da: injustiziaren oroipenak belaunez belaun bizirik dirau.
Hemen 1936. urtean gertatu zena ere -hauteskundeetan irabazle izan zirenak gobernutik armen bidez kanporatuak izatea- askotan errepikatzen ari da azken bolada honetan.
Aljerian islamistak garaile ziren 1991. urtean eta Egipton 2012. urtean. Urte hartan, baita ere, Víctor Yanukóvich Ukrainian izan zen irabazle. Hiru herrialde horietan, nazioarteko ikuskatzaileen arabera, bozketak legezkoak izan ziren eta ez zen aparteko trikimailurik sumatu. Kasu hauetan guztietan matxinadaren bat  eta armaden parte-hartzea ezinbestekoak izan dira hautetsontzien emaitzak goitik behera eraldatzeko. Horietan denetan -eta aipatu ez ditudan besteetan- mendebaldeko demokrazien jarrera ofiziala erabat zalantzati izan da, eta, oro har, nabaria da nolabaiteko lasaitu ederra “gaiztoak” boteretik at ikustean. Venezuelan ere Chavezen gobernuaren aurkako kolpe saiakera bat antolatu zen, laster porrot egin bazuen ere. Ordu horietan agerian geratu zen, baita ere, ez Europak ez Estatu Batuek ez ziotela legezko presidenteari lagunduko.  
Horren urrutira joan gabe, hilabete batzuen buruan, gugan sano eraginkorrak izan daitezkeen kontsultak iragartzen dira: Eskozia eta Kataluniarena.
Lehenengoan Londoneko onespena daukate beren etorkizuna erabakitzeko, bigarrenean jadanik ez dago batere argi zer-nolako bozketa izango den, baina bai ez duela inondik ere onartuko Madrilgo gobernuak.
Ez da igarlea izan beharrik zer gerta daitekeen sumatzeko: Britainia Handian oinarriak finkatuko dira epe luzeko elkar-ulertzerako, eta Katalunian samintasunez gogoratzeko irainaren data bihurtuko da egun hori. Alderatzeak saihestezinak izango dira.
   

2013(e)ko otsailaren 27(a), asteazkena

NEU TXILETAR


Munduan herrialde gutxik begiratu ahal diote beren iraganari Txilek egiten duen harrotasunaz. Bere azken hamarkadetako kondaira, umeek ere ulertzen dute bestelako azalpenik gabe. Hauteskunde demokratiko batzuetan Salvador Allende izeneko gizon ezkertiarra aukeratu zuten 1973. urtean. Militar kolpistek, Estatu Batuetako Inteligentzia zerbitzuen laguntzaz, gobernu demokratikoa indarrez suntsitu egin zuten, “komunismoaren deabrua” saihesteko eta haren ordez Augusto Pinochet diktadorea jarri zuten, bidean milaka hildakoen eta desagertuen ilara lotsagarria utziz.
Hamabost urte geroago, diktadoreak indartsu ikusten du bere burua. Ekonomiaren zenbakiak bere alde ditu eta nazioarteko legitimitatearen ordua heldu zaiolakoan dago. 1988an Txilek ezagutu zuen Gobernu batek galtzen duen erreferendum bakarra, demokraziaren bidea ezinbestean zabalduz.
Herrialde honen ibilerak hain garbia eta ulergarria ematen du non txikiak ere ulertzeko gai diren. Nire alaba, zazpi urterekin interesatu zen istorio honetaz, Garzon epaileak haren estradizioa eskatu zuenean. Bere marrazkien bildumari burdinsarez estalitako Pinochet bat gehitu zion. Protagonisten izenak ere, gaizkile eta ongileen ipuin batetik ateratakoak ematen dute: Salvador-salbatzailea “Allende” (urrutira) begira eta Pinotxo-Pinochet gezurtia... gainera erromatar enperadore baten izen harroputz horrekin: “Augusto”. Apropos eginda ere ez lukete lortuko hain zehatzak eta deskriptiboak izatea.  
Mundu osoak ulertzen du argi eta garbi hor gertatu dena eta Costa Gavras-en “Missing” tankerako pelikulak lagungarri izan dira honetarako.
Pablo Larrain-en “No” pelikulan, urtarrila honetan aurtengo oscarretara izendatua izan den horretan, plebiszitu horren inguruko pasadizoak kontatzen zaizkigu. Ezinezko helburu bezala agertzen zena (“Inork ez du egiten erreferendumik galtzeko”) pixkanaka badoa eskura dagoen zerbait bilakatuz. Egunero aukera bakoitzak hamabost minutu ditu telebistan hiritarren iritzia bereganatzeko. Hasieran dena da nahiko aurreikusteko modukoa, baina laster, sormena, malezia, umorea eta harritzeko gaitasuna bilakatzen dute kanpaina erronka bizi. Garai hartako benetako iragarkiak, artxiboetatik berreskuraturik, filma honen gatza eta piperra dira, barrea eta hunkidura gehien sorrarazten dutenak.
Herrialdeak, gizakiak bezala, askoz lasaiago bizi dira atzera begiratzeko gai direnean.
Herrialdeen artean, gizakien artean bezala, iraganarekin dugun harremanak, oraingoa baldintzatzen du. Horregatik, behar izanez gero, historia eraldatu, makillatu, moldatu egin daiteke, gure oraingo irudia haren ispiluan islatzeko modukoa bihurtzeraino. Eta hori historiarekin egiten bada, zer esan fikzioaz: hor agertzen zaizkigu inoiz existitu ez diren erresistentziak, asmatutako justiziaren aldeko heroiak.
Herrialdeak, gizakiak bezala, batzuetan gardenak agertzen zaizkigu, bestetan ulertezinak. Zaila egiten zaigu Sirian edo Somalian gertatzen ari dena epaitzea, erraza eta logikoa aldiz Txileren prozesua.
Herrialdeetan, gizakietan bezala, gure buruarekin bakean egotea aurpegian ere igartzen zaigu. Horregatik zinetik irtetean, neu Txile bezain ederra izatea desiratzen nuen.