2021(e)ko otsailaren 23(a), asteartea

ZARAMAREN ERDIAN

Zibilizazioa gizakiak bere hondakinekin jartzen duen distantzia da, Brian Aldiss idazle britainiarrak 1964an utzi zuen idatzia. Basakeria, gehi genezake, gure hondakinei ematen diegun tratu iraingarria da.                    

Gurpil zoro batean gaudela ematen du. Basoen suntsipenari buruzko liburu zentzudunak behin eta berriz berrargitaratzen dira basoak suntsituz. Adituek etengabe ohartarazten digute plastikoaren hondamendiei buruz, baina plastikoak eta zelulosak nonahi daude ikusgai: letxugak biltzen, ura botilaratzen, bitxi-dendak  betetzen…

NBE-Ingurumenaren estatistiken arabera, munduak gutxi gorabehera 400 milioi tona (40 kilo pertsonako) hondakin plastiko sortzen ditu urtero, eta gaur egun soilik % 14 biltzen da birziklatzeko. Horrez gain, eta Greenpeacek argitaratu duen arabera, marka ezagun batzuek bilgarriak birziklatu ezin diren produktuak erabiltzen jarraitzen dute.                                                  

70 kilo inguru pisatzen baduzu, Europako batez bestekotik oso gertu, jakin ezazu urtean sei aldiz baino gehiago sortzen duzula zure pisua zaborretan. Sei aldiz zartatutako latetan, ontzi hautsietan, alferrik galdutako janarian eta hondatutako aparatu elektronikoetan, besteak beste. Bai, badakit, ohiko diskurtso deserosoa da, hasperen txiki bat eragiten diguna eta orrialdetik pasatzera bultzatzen gaituena. Zaramak gainezka egiten digu, baina ez dugu ikusi nahi. Gugandik urrun nahi dugu, norbaitek kudea diezagun, ez gaudela huskeria horietan denbora galtzeko prest eta horretarako ordaintzen ditugu zergak. Nahikoa dugu birziklatzea eta poltsa bakoitza bere zuloan sartzea, eta fardel handiak garbigunera eraman, non tipo irrifartsu batek, furgonetan baten alboan, atean esango digun ez dela beharrezkoa barrura sartzea, haiek enkargatuko direla eta. Bere eskaintza atseginari uko egiten badiozu, eskerrak emango dizkizu, bihotzeko hatza mehatxatzaile bat erakutziz.                                                                                             

Hondakin nuklearrak, zaborra espaziala, itsasoko zabor-zopa kilometrikoak (Ozeano Barean eta indikoan)  erraustutako zarama, gaixotu, eta hil egiten gaituena, alarma klimatikoa areagotzen duen bitartean. Gainezka egiten duten zabortegiak arrisku bizia bihurtuz, berriki ikusi dugun bezala . Geure kakatan murgildurik hilko gara bai, baina ez nazazu orain horrekin gogaitu, askoz ere arazo larriagoak baititut.

"Zaborretan zerbait hobea bilatzen dut", kantatzen zuten Eskorbutokoek. "Beti galdetzen nabil, zaramaren erdian, hemendik nola ateratu" kantatzen zuten Zarama izeneko batzuek. "Basura" Errenteriako beste punk talde mitiko baten izena ere bazen, drogek jota. "Basura" zen, halaber, Panchos taldearen bolerazo garratzenetako bat, eta “Trash”, New York Dolls-tarren abestitzar bat. Laurogeita hamarreko hamarkadatik hona "Garbage" izeneko talde aparta ahaztu gabe.


Zibilizazioa, diotenez, zaborretatik urrundu ginenean hasi zen. Baina errealitate egoskorrak egunez-egun esaten digu: zaborra materia da, eta gizakiok tematu arren, ez da desagertzen, eraldatu baino ez da egiten. Dagoeneko ez da mehatxu abstraktu bat. Bere mendekua gure egunerokotasunean gauzatzen ari da. Ez badugu serio hartzen, guk sortutako kakatan itota amaituko dugu.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina