Roberto moso euskaraz etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Roberto moso euskaraz etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko maiatzaren 13(a), ostirala

"POLITIKARI MADARIKATUAK"




Denok ados omen daude. Aho batez esaten ari dira egunotan: politikariak dira errudunak. Txat ezberdinetan. Irratietara deitzen duten entzule haserretuen ahotsetan. Sasi telesaio progreetan. Prentsa-zutaberik porrokatuenetan. Milaka txioetan...  "Ez dute lotsarik", "Hautatu ditugu gu ordezkatzeko eta elkar jo besterik ez dakite egiten". "Lapurtzeko besterik ez dute balio". Mantra berriaren arabera, guk, garen hiritar zentzudunok ez dugu inolako zerikusirik daukagun politikariekin. Urrutiko planeta batetik etorri dira gu izorratzeko helburuaz. Izan ere politikarien artean ohikoa da horrelako mesprezua: "La Casta" izendapena erabiltzen dutenak; inongo alderdian militatzen ez duen "presidente teknokrata bat" proposatzen dutenak edota "euskal bozka" horrelako ganorabakoentzat ez emateko proposatzen dutenak... hauek guztiak politikaren mundutik at hitz egingo balute bezala jarduten dira.  Gehiengo sendo bat gauzatzeko izan duten porrota ez omen da, inola ere, emaitza baten ondorioa, politikarien kudeaketa okerraren isla baizik. Egunotan egiten ari diren azterketen artean badago beste bat askotan errepikatzen ari dena: Rajoy oso ondo aritu da krisi honetan, denborak arrazoia ematen dio nonbait eta azkenean indartsu atera da, edo beste hitzetan esanda: bere proposamena "koalizio handia" osatzeko, indartua aterako da eta ezinbesteko bihurtuko da.                                                                                                          
         "Es lo que se lleva en Europa", esan zuen gure presidente "trendi" horrek. Akaso oraindik ez daki zergatik bere alderdiak horrenbeste zailtasun dituen aliantzak lortzeko. Agian uste du benetan gainontzeko alderdietan ustelkeria maila antzekoa dela. Beharbada hori guztia jakin arren, soberan badaki Pedro Sanchezek bere aurrean belaunikatzea baino aukera gehiagorik ez duela izango (hori edo Podemoseko boltxebikeekin elkartzea) . Bestalde, Europan indarrean dauden joeren zerrenda, ez da suziriak botatzekoa, hain zuzen: ultraeskuindarren gorakada,  errefuxiatuen kontrako harresiak, Europako Batasuna uzteko britainiar erreferenduma... Barack Obamak berak animatzen zituen britainiarrak Batasunaren barruan jarraitzeko, ez litzateke oso gomendagarria izango, orain, merkataritza hitzarmena ezkutuan negoziatzen ari denean.
                  Botere judiziala baliabiderik gabe utzita eta botere politikoaren ospea lurraren erdirako bidaian, hor daude egiazko botereak egunez egun nagusitzen: Panamako paperekin zer gertatu den ikusi besterik ez dugu egin behar:  Politikariak dira nonbait gaizki egina ordaindu behar izan duten bakarrak. Gainerakoak dena "legala" dela esanez lasai asko geratu  dira. Berdin omen die euren aberkide asko gorriak eta bi pasatzen egotea. Haiei bost axola dagokien zergak neurri handi batean ekiditea  (guztiona izan beharko lukeena lapurtzea, beste era batean esanda).    
Baina ez, politikariak dira umorezko programa guztiak betetzen dutenak. Horietaz gaizki hitz egitea guztiz ondo ikusita dago.  Horren erraza da! Ez dut esango ez, merezi ez dutenik. Baina ez, ez dut uste denak neurri berean errudun direnik eta ez dut uste gaitzespen hau inozoa denik. Demokraziaren ahulezia guztion ahulezia da. Barkatu: ia guztion ahulezia. Poliziaren ikerketan bezala, galdetu besterik ez dugu egin behar: Nori egiten dio mesede? Ba horixe bera.                          


     
    


2016(e)ko otsailaren 14(a), igandea

EUSKAL HERRIKO 5000 AHOTS



Berastegin antolatutako tertulia, Euskal Herriko Ahotsak ekimenaren barruan


Juan Urreta Zubia aretxabaletarrak, 1924. urtean jaioak, “Euskal Herriko Ahotsak” ekimenarentzako elkarrizketan honela dio:
-Orduan Karnabalak zelebratzen zien?
-Karnabalak? Enee!
-Eta disfrazau eta be bai?
-Kukumarro.
-Etxeko edozer gauza jantzitta?
-Bai, bai, bai. Edozer gauza jantzi eta ala!
-Kuadrillak eta?
-Bai, bai. Orduan izeten zan, bueno, "Santa Ageda mutillak" be baeuzen, orduen urtero Santa Ageda mutillak. Eta gero zela izeten zan Karnabalak eta Santa Ageda mutillak eta horrek inguruen zela dien danok, hor eitten zien jaixak, Karnabalak.
-Mutillak disfrazatzen ziñazien, neskak be bai?
-Bai, bai, neskak be bai.
-Orduan jai polittak izango zien.
-Bai, bueno! Desietan egoten giñen Karnabalak etortzeko. Baiña denpora guxi iraun euen, gerra-denporan hori suprimido, dana.
-Eta gerra ostian berriz hasi zan?
-Beranduau.
-Urte askuan prohibiduta egon zan?
-Bai. Hemen bakarrik ez. Gipuzkuan Tolosan bakarrik eitten ziran. Karnabalak euzen suprimiduta, ezin zan jarri karnabalik. Baiña Tolosan jarri utsen izena "Fiestas de Primavera".
“Badihardugu” elkarteak berriki informatzen zuenez, “Euskal Herriko Ahotsak” izeneko ekimena, honen tankerako 5000 grabaziora heldu da. Hau da: herriz herri eta baserriz baserri jasotako lekukotzak dira. Aitona-amonen oroitzapenak, lehen eskuko informazioa eskaintzen digutenak. Alde batetik euskalkien ingurukoak eta beste alde batetik antzinako ohitura eta  egunerokotasunaren berri ematen digutenak. Haien hitzetan: “Proiektu honen helburu nagusia da, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea”.
Bitxia bezain ederra benetan, webgune honetan aurkitu dezakeguna. Betirako galtzear dauden tokiko hizkerak eta galdutako edo ahazteko zorian dauden ohituren pasarteak antzinako kantekin nahasten dira. Alan Lomax iparramerikarrak eginiko grabazioekin bezalatsu, euskaltzaleak badu hemen orduak eta orduak gozatuz igarotzeko aukera ederra.
Proiektuaren oinarriak 2002-2003 urteetan landu ziren, metodologia, baliabideak eta alde teknikoa ezarriz. Ondorengo hiru urteetan  bilketa lanarekin jardun zuten eta jasotako materiala lantzen hasi ziren. Webgunea 2008ko apirilaren 16an aurkeztu zen, baina proiektuak aurrera jarraitzen du, etengabe ari baitira materiala biltzen, lantzen eta datu-basea eguneratzen.  Proiektuaren lehenengo urratsa, Euskal Herri guztian zehar sakabanatuta dauden zintak berreskuratzea zen. Baina grabazio zaharrez gain, une honetan ere grabazioak egiten ari dira han eta hemen. Azken lau urteotan egin dituzten grabazioak bideoz ere egin dituzte.                                                                   Bitxia da, baina, ekimen honetako zenbait antolatzailek irrati-elkarrizketetan erabiltzen duten definizioa: “kutsatu gabeko euskera”, horrelakoa omen delako baserritarrek eta hiztun zaharrek erabiltzen dutena. “Euzkera garbija”ren mitoari itzuli nahian edo? Erabiliko al genuke halako kontzeptua, adibidez,  Gaztelako herri urrun batean erabiltzen den gaztelera definitzeko? Ba al da benetan “kutsatu” gabeko hizkuntzarik? Areago: ba al du edozein hizkuntzak bizirik irauterik nolabait “kutsatu” barik?  Beste baterako utziko dugu eztabaida hau.
Roberto Moso


2015(e)ko azaroaren 1(a), igandea

HAZIAK ETA LOREAK




Juanma Bajo-Ulloa, aurtengo Serantes saria
Zinemaldi handien distiraren atzean, horrenbeste zarata sortzen ez duten beste batzuek bizirik diraute. Jaialdi hauen antolatzaileek urtero ahalegindu behar dute aurrekontuak ixteko, eta desagertzeko arriskua beti dago hor, etengabeko mehatxu. Dendaz denda, zinegotziz zinegotzi, tabernaz taberna (“Iñakiak” bezala) diru eske ibiltzen dira, horrelako ekimenak eskatzen dituen gastuei aurre egiteko.
Aurten Santurtziko herrian Blue Karramarro elkartekoek Santurzine izeneko lehiaketaren hirugarren edizioa egin dute. Aurreko edizioetan bezala, film laburraren irabazleak argitzen duen gala ospatu zen, Serantes Kultur Aretoan, Oskar Terol aktore eta umoregilea -urtero legez- aurkezle izanik: “Urtez urte hemen betikoa agertzean, nire hondatzearen lekukoak zarete, kabroi horiek. ‘Aurten potoloago dago’, ‘iaz baino zaharrago ematen du’ esango duzue... ba nire burua zaintzeko asmoa daukat, izorratuko zaituztet, bai zera!”.   
Aurtengo edizioan nabaria izan da antolatzaileek ikuskizun erakargarria (eta orekatua) gauzatzeko egin duten ahalegina. Hunkigarria benetan Miguel Angel Senner eta Feli Manzano adineko aktore sarituen hitzak entzutea, horrelako ekimenak eskertuz, lau katuk ikusiko dituzten lanak goraipatuz, Santurzine eta antzeko zinemaldi umilak defendatuz.
“Inor ez da guztiz gaiztoa eta inor ez da guztiz ona, eta jakina, denok merezi dugu bigarren aukera bat” , Miguel Angel Senner aktorearen hitzak izan dira (gehien bat Samuel J. Jacksonen ahotsa bikoizteagatik ezaguna)  “nazio mailako” aktorerik hoberenaren  sardina-trofeoa jasotzerakoan.
Nik ere hartu nuen parte ospakizunean. Aurrekoetan epaile gisa izan ondoren, aurten sari-emailearen papera egokitu zait.  Nire zeregina, Juanma Bajo-Ulloari Serantes saria ematea. Gure etxe mailako “Donostia Saria”.
Aldez aurretik bertoko lagunekin geratu nintzen aretoko inguruko tabernetan. Baina... nondik sortzen da horrenbeste jende? Ezkerraldera itzultzea berriro jendetzarekin nahastea da. Agurrak, aspaldikoak, nahitaezko topaketak. Galiziar zentroaren ondoan “Blue Karramarroak” daude JuanmaBajo-Ulloarekin. Azkeneko ikusi nuenean El Capitán Trueno y el Santo Grial pelikularen prestaketan zebilen. Irratian elkarrizketatu nuen eta ilusio handia zuen egitasmoarekin. Alferrik galdutako ahaleginak: “Oso esanguratsua izan zen. Proiektu serio eta ongi jorratuari uko egin zioten eta gero lardaskeria bat egin zen, gure haurtzaroaren ikonorik kuttunenari horren omenaldi ziztrina eskainiz”.
Juanmak ere bere txanda aprobetxatu zuen ekimena bultzatzeko: “Hemen dago gure zinearen etorkizuna eta ez Tele Cincon edo Antena Tresen”.
Bat nator berarekin. Horren gustuko ditugun “loreak” lortzeko, haziak erein behar dira eta horretarako, goitik, instituzioetatik etorritako ekimenak garrantzizkoak dira, ezbairik ez, baina herriko zaletuengandik sortutakoak ezinbestekoak dira, benetako harrobia finkatzeko. Herriko antzerki eskolak eta jaialdiak, zine-klubetan antolatzen diren proiekzioak, zinegile berriak ezagutarazteko lehiaketak... horiexek dira zinemagintzaren “Lezamak” hain zuzen, gure zineman eta telebistan biharko berri onak ekarriko dizkigutenak.
    


2015(e)ko apirilaren 5(a), igandea

LEHEN ETA GAUR


Boteiloia hondartzan
-Lehen bagenekien nola dibertitu. Ez zen beharrezkoa horrenbeste sos primerako eguna igarotzeko. Oraingo gazteek ez dakite ondo pasatzen. Ez jauna. Batzuetan pena  ere ematen didate. Edateko kale gorrian egon behar, boteiloi madarikatu horietan... gu bero-bero egoten ginen tabernetan... kinito bat egiten edo...                                                                                                           -Bai zera, eta irtetekotan, zeozer egiteko zen, futbol partidu bat jokatzeko, rock kontzertu batera joateko, diskotekan dantza egiteko -edo ligatzen ahalegintzeko- , eta ez agerian edateko,  besterik gabe, egun egiten duten legez.                                                                                                      
-Eta begiratu musikarekin zer gertatu den. Orain inork ez du diskorik erosten. Internetetik deskargatzen dituzte abestiak, gero ez entzuteko. Badirudi inporta zaien bakarra besteak baino kantu gehiago edukitzea dela eta ez musika bera...                                                                                
 - Bai... gure garaian disko bakoitza  altxorra bezalakoa zen. Luzaroan aurrezten egon behar genuen eta esku artean edukitakoan, a zer emozioa!  Diskoa bere azaletik atera, lehen aldiz orratza haren gainean ipini, azala zehatz-mehatz miatu eta gero behin eta berriz entzun, lehenengo kantutik azkeneraino. Txinpartak ere ateratzen genizkien plastiko kuttun horiei, laostia...                                                                                                                    -Jakina. Eske diskoa erosten genuenerako bagenekien, irratian entzunda, gustuko izango genuen ala ez. Orain irratiaz paso egiten dute oso. Egia esan ez dakit gaurko gaztetxoak zelan konpontzen diren nobedadeez jabetzeko...                                                                                          
-Ba nik, irratian entzunda eta aldizkarietan irakurrita. Vibraciones, Disco-Express, Popular 1... nik ez nituen leitzen, nik edan egiten nituen! Behin baino gehiagotan errieta egin zidaten eskolako gelan mahaipean irakurtzeagatik...                                                                                                               
 -Eta horren gainean gabiltzala... nire seme alabek ez dute lerro bat ere irakurtzen...  ‘guatxapa’ edo horietako txat batena ez bada noski...                                                                                                -
- Nire alabak bai, irakurtzen du, baina oso liburu arraroak... “Los Juegos del hambre” eta horrelakoak. Egia esan, horietako bat leitzen saiatu nintzen eta  erabat aspergarria iruditu zitzaidan. Izan ere, lotan geratu nintzen. Den dena itxurazko munduetan gertatzen da eta lehia handia dago. Ez dakit zer grazia ikusiko dion.                                                                                         
-Gure garaikoak bai, interesgarriak ziren: Los Cinco, Guillermo, Los Siete Secretos …                                                                                  
-Ivanhoe, Viaje al centro de la tierra, La isla del tesoro...                                                               
-Egia esan, gehienetan tebeoak irakurtzen nituen nik, eh? ... Mortadelo, Capitan America, Hulk...                                                                                                                      - Badakizu zer gertatzen zaien gaur egungo gazteei... horrenbeste gauza dute eskuragai, zer aukeratu ere ez dakite.                                                            
-Bai, telebistarekin gertatzen den legez. Zenbat eta kanal gehiago eduki, hainbat eta zailago programa on bat aurkitzea. Ni behintzat galdu egiten naiz...                                                                               
-Lehen bagenekien zer ikusi eta zein ordutan ematen zuten: “The Munsters”,  “Barrio Sésamo”, “La Edad de Oro”, “La Casa de la Pradera”...                                                                                   
- Bai horixe, gaur egun  zuri eta beltzean ikusi behar balute, ez lukete telebista minutu bat ere ikusiko.                                                    
 -Benetan diotsut. Zorte ikaragarria izan genuen jaio ginenean jaiotzeagatik. Gaurko gazteon inbidia izpirik ere ez dut.                                                                                                                                  -Bai zera. Gainera gure garaian, gurasoen aldetik ez geneukan inolako elkar-ulertzerik...                                                                      
- Horixe. Ez zaie burutik pasa ere egin, horretan ere, zein zorte ona izan duten…