2015(e)ko maiatzaren 24(a), igandea

ZARAITZU



Otsagi, Zaraitzuko Ibarrean
Zaraitzu ibarra betidanik izan da nire familian mitoa. Casto Moso izeneko gazte bat, nire aitaren aitaita, joan den mendeko hasieran abiatu zen handik Bizkaiko Labe Garaietako distirak erakarrita. Otsagi ondoan dagoen Itzaltzu herrixkatik Nerbioi ezkerraldeko Sestao herrira. Aitaren ahotik hamaika aldiz entzundako pasadizoaren arabera La Casillako dantzaldian egonda ezagutuko zuen nire birramama izango zena, Urdulizko Generosa Torrontegi izenekoa. “Hau bai neska polit-ederra” esan omen zion Casto Generosari, sagar bat zuritzen zuen bitartean... biak euskaldunak ziren, baina euskalki ezberdinez mintzo zirenez ez omen zuten ondo elkar ulertzen. Castok zaraitzueraz egiten zuen, gaur egun, hiztunei dagokienez, ia desagertutzat eman daitekeen euskalkia, nahiz agureren bat zer edo zertaz gogoratzeko gai geratu eta zenbait bertoko euskaltzale izan bere kabuz ikasi duena.                                                                                                                                                       “Ni fanen niz mundutik, Juangoikoak nai duelarik, baya xuk eskribitzen zuena munduan batren da eta norbaitek leitren du eta ikusiren die denbrazko gauza onetarik bat". Hitz hauek, zaraitzueraz idatzita, Castoren lehengusuarenak dira, Zoilo Moso Bezunartearenak alegia, bertoko artzaina baitzen, 1969.urtean hil zena, hizkera honi buruz lekukotza aparta utzirik, besteak beste Jose Estornes Lasarekin trukatutako eskutitzei esker.                                                                                                                                                    Pare bat aldiz egon naiz Zaraitzu ibarrean.  Soldaduska egiten nengoela hara bidali ninduten, maniobrak egitera. Urte batzuk geroago familiarekin joateko aukera izan nuen eta orduan bai, benetako haran ederraz eta ongi zainduaz gozatzeko aukera izan nuen. Ordurako banuen entzuna Etxamendi eta Larralderen Otsagabia abestia. Jota kutsuko kantu triste honetan Behe Nafarroako bikote hau 1963. urtean bertan aurkitu zutenaz ari da. Euren aitari aditu ziotenez  “mugaz bestaldean gure hizkuntzaz egiten zen herri bat zegoen”, baina hara lehendabizi joatean “inork ez zuen gurekin mintzatzerik” . Agian ni bezalako santurtziar batentzat ez litzateke horren arraroa izan beharko horrelakorik ikustea -bertoko euskara aspaldian desagertu baitzen-, baina Otsagin eta inguruko herrietan benetan bitxia egiten da, euskararen arrastoa nonahi suma daitekeelako, kaleetako izenetan zein edozein mendi, ibai edo ertzetan. Orain dela gutxi arte izandako zerbaiten  aurrean sentitzen zara etengabe. Bittor Aiapek kantatzen zuen moduan: “Zer arraroa, euskararik gabe Nafarroa”.                                                                                                                                   Facebook sare sozialaren bitartez Rita Labiano-rekin, bertako Mendixut aldizkariaren erredaktorearekin, harremanetan jarri naiz. Bertan argitaratu zen argazki bilduma ederra bidali zidan, bai  eta aldizkariaren zenbait ale ere. Ikusi dudanaren arabera argi dago Casto ez zela bakarra izango eta gaurko arazorik larriena bazter zoragarri horietan despopulazioa dela.                                                                                                                                                                              Oraintsu Asisko Urmeneta marrazkilariak Itzaltzun kokatzen den Gartxoten kondairan oinarritutako komikia eta pelikula egin ditu. Horretarako zaraitzuera erabili nahi zuen eta, besteak beste, Itzaltzuko Iñigo Auzmendiren laguntzaz baliatu da. Iñigo, 1978.urtean jaioa, egun Australian bizi da eta bere herriko hizkera badaki, bere kabuz ikasi duelako.   “ Zaraitzueraz -esan du- testu asko daude… berreskuratzea nahi kontua da. Ezagutzaren ehunekoa handia da, beste gauza bat da erabilera. Gainera, gure herrian, Itzaltzun, euskaldunak badaude, baina bi ume daude soilik”.                                     


2 iruzkin:

  1. Hara! Istori ederra zure berraitite-amamena. Labe Garaietara lan egiteko Nafarroatik (Ta bertze leku ugarietatik) jende pilo bat heldu zen Bizkaira. Leioan ikasketak hasi nintzenean banuen Santurtziko ikaskide bat napar abizenakin, geldetu nionean nondik zetorrela bere abizena istori parekoa kontatu zidan, Baztango herri batetik bere aitite heldu zela ibaiko ezkerraldera LLGG lan egitera. Ogia bilatzera, hori inportanteena.

    Gora nabarra!!

    ErantzunEzabatu
  2. Gora! (Eta orain inoiz baino gehiago) ;-)

    ErantzunEzabatu