Raxoy etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Raxoy etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko maiatzaren 13(a), ostirala

"POLITIKARI MADARIKATUAK"




Denok ados omen daude. Aho batez esaten ari dira egunotan: politikariak dira errudunak. Txat ezberdinetan. Irratietara deitzen duten entzule haserretuen ahotsetan. Sasi telesaio progreetan. Prentsa-zutaberik porrokatuenetan. Milaka txioetan...  "Ez dute lotsarik", "Hautatu ditugu gu ordezkatzeko eta elkar jo besterik ez dakite egiten". "Lapurtzeko besterik ez dute balio". Mantra berriaren arabera, guk, garen hiritar zentzudunok ez dugu inolako zerikusirik daukagun politikariekin. Urrutiko planeta batetik etorri dira gu izorratzeko helburuaz. Izan ere politikarien artean ohikoa da horrelako mesprezua: "La Casta" izendapena erabiltzen dutenak; inongo alderdian militatzen ez duen "presidente teknokrata bat" proposatzen dutenak edota "euskal bozka" horrelako ganorabakoentzat ez emateko proposatzen dutenak... hauek guztiak politikaren mundutik at hitz egingo balute bezala jarduten dira.  Gehiengo sendo bat gauzatzeko izan duten porrota ez omen da, inola ere, emaitza baten ondorioa, politikarien kudeaketa okerraren isla baizik. Egunotan egiten ari diren azterketen artean badago beste bat askotan errepikatzen ari dena: Rajoy oso ondo aritu da krisi honetan, denborak arrazoia ematen dio nonbait eta azkenean indartsu atera da, edo beste hitzetan esanda: bere proposamena "koalizio handia" osatzeko, indartua aterako da eta ezinbesteko bihurtuko da.                                                                                                          
         "Es lo que se lleva en Europa", esan zuen gure presidente "trendi" horrek. Akaso oraindik ez daki zergatik bere alderdiak horrenbeste zailtasun dituen aliantzak lortzeko. Agian uste du benetan gainontzeko alderdietan ustelkeria maila antzekoa dela. Beharbada hori guztia jakin arren, soberan badaki Pedro Sanchezek bere aurrean belaunikatzea baino aukera gehiagorik ez duela izango (hori edo Podemoseko boltxebikeekin elkartzea) . Bestalde, Europan indarrean dauden joeren zerrenda, ez da suziriak botatzekoa, hain zuzen: ultraeskuindarren gorakada,  errefuxiatuen kontrako harresiak, Europako Batasuna uzteko britainiar erreferenduma... Barack Obamak berak animatzen zituen britainiarrak Batasunaren barruan jarraitzeko, ez litzateke oso gomendagarria izango, orain, merkataritza hitzarmena ezkutuan negoziatzen ari denean.
                  Botere judiziala baliabiderik gabe utzita eta botere politikoaren ospea lurraren erdirako bidaian, hor daude egiazko botereak egunez egun nagusitzen: Panamako paperekin zer gertatu den ikusi besterik ez dugu egin behar:  Politikariak dira nonbait gaizki egina ordaindu behar izan duten bakarrak. Gainerakoak dena "legala" dela esanez lasai asko geratu  dira. Berdin omen die euren aberkide asko gorriak eta bi pasatzen egotea. Haiei bost axola dagokien zergak neurri handi batean ekiditea  (guztiona izan beharko lukeena lapurtzea, beste era batean esanda).    
Baina ez, politikariak dira umorezko programa guztiak betetzen dutenak. Horietaz gaizki hitz egitea guztiz ondo ikusita dago.  Horren erraza da! Ez dut esango ez, merezi ez dutenik. Baina ez, ez dut uste denak neurri berean errudun direnik eta ez dut uste gaitzespen hau inozoa denik. Demokraziaren ahulezia guztion ahulezia da. Barkatu: ia guztion ahulezia. Poliziaren ikerketan bezala, galdetu besterik ez dugu egin behar: Nori egiten dio mesede? Ba horixe bera.                          


     
    


2016(e)ko urtarrilaren 31(a), igandea

TXANTXEN ATZEAN DAGOENA


Raxoyri egindako telefono-txantxaren iragarkia

Sekula ez zaizkit gustatu irratian egiten diren telefono-txantxak. Ehunka entzule adi dituela ez dakien gizajo bati adarra jotzea, nire ustez, abusu mota bat besterik ez da, nahiz -egia esan­- batzuetan dibertigarria den.
Irrati-formula ezagun batean enkarguz egiten dituzte. Bere mutil-lagunaren portaerarekin mesfidati dagoen neska bat irratiko esatariekin jartzen da kontaktuan. Mutikoari hots egiten diote harekin ligatu nahi duen beste neska bat izango bailitzan. Ia kasu guztietan koitaduak amua irensten du, bide batez esanda.
Beharbada,  txantxa-modu bat barkagarria izatekotan, botere handiko pertsonei egindakoa izan liteke.  Agintari politiko batek dituen segurtasun kontrol guztiak gainditzeak eta benetako dei bat dela sinestarazteak, meritu handia dauka, dudarik ez.
Catalunya Radiotik Raxoyriegin zioten trufak, esate baterako, nahiko informazio baliagarria eman zigun:
1) Gobernu berria osatzeko elkarrizketak pil-pilean daudenean, berak “oso agenda librea” dauka.
2) Horixe bera litzateke bi presidenteen artean izandako lehenengo elkarrizketa. Eta ez zen Espainiako presidenteak kide izendatu berria zoriontzeko  deitzen zuena, guztiz kontrakoa baizik.
3) Onartu behar da bere erreakzioa -txantxa bat zela esatari beldurti baten ahotsean entzunez gero- ez zela arras bortitza. “Esto no es serio” esan zuen tonu nekosoan, bere senetik atera gabe.
Antzeko aldartea erakutsi zuen Juan Carlos I emisore beretik bere urtebetetzean zoriontzeko deitu zutenean, orain zortzi bat urte. Kazetarien jarrerak ere eragin handia izan zuen horrelako erantzun bat jasotzerakoan. Erregearen ahotsa entzutean, bazirudien umoristek ez zekitela ondo zelan jo aurrera. Izan ere inoiz ez zuten emititu.
Beste kontu bat da Miamiko Radio Lobotik Fidel Castro eta Hugo Chavezi egin zizkiotenak. Kasu hauetan esatarien intentzioa haien biktimak barregarri uztea zen. Gupidagabe jardun zuten eta erabat irabaziak ematen zutenean, bat batean, honelako harribitxiak bota zizkioten: “Fidel, ¿Está contento con la mierda que ha hecho de la isla? edo “Chavez, sal de Venezuela cabrón, terrorista, animal...”. Bion erantzuna guztiz ezberdina izan zen. Chavezek, muzin egin barik, telefonoa eskegi zuen. Fidelek bortizki erantzun zien bere ohiko hitz jario geldiezinez: “Vete para el coño de tu madre, mariconsón”...
Fideli, antza, ez zitzaion gehiegi axola zer irudi emango zuen, horrelako “hitz ederrak” bota eta gero. Irrati-esatariak “milaka entzule adi zeudela” esan zuenean Kubako presidente izanak ez zuen atzera egin, hain zuzen. Zuzentasun politikoa bere lehentasunen artean ez zegoela geratu zen agerian.
COPE kateko umoristek  ere, Evo Moralesekin lortu zuten hitz egitea, lehendabizi hauteskundeak irabazi ondoren -eta ziur aski horrexegatik hain zuzen ere- .Txantxa horretarako Jose Luis Rodriguez Zapateroren imitatzaile bat erabili zuten. Espainiako sasi-presidenteak zoriondu ez ezik, mezu garbi bat ere bazuen bere Boliviako kidearentzat: “Hemos trazado con Chavez y con Fidel un nuevo orden que queremos establecer”. Printzipioz bazirudien Morales Zapaterorekin mintzo zelakoan zegoela, baina argi geratu zen oso tipo zuhurra dela, ez zen inolako probokaziotan erraz jausten.
Gustu txarreko txantxak diren arren, kasu hauetan (eta “Inocente-Inocente” telesaioan urtero ikus daitezkeenetan ere) jendearen benetako portaera igartzeko aukera eskaintzen zaigu. Azken finean, agintarien izaera, gutxi gora behera, gainerako mortalena da nolabait.