2015(e)ko maiatzaren 15(a), ostirala

TXORIAREN BIHOTZEAN



Maria Berasarte abeslari donostiarra

Egunotan Maria Berasarte fado kantari donostiarra izan da azkena. Txoria Txori, Mikel Laboaren abestirik ezagunenak beste bertsio bat ezagutu du, bere legenda urtez urte handitzen delarik.  San Mamesen ere entzuten da berriki, nahiz testuinguru horretan batek ez dakien zehazki zer esanahi izan dezakeen.
Radio Euskadin galdetuta Mikelek berak horrela azaldu zuen abestiaren mamia: “1969. urtean konposatu nuen, Joxean Artzeren poema batean oinarrituta gehienbat. Asko hedatu den kanta da, batez ere bertako abesbatza askok erabili dutelako. Joan Baez eta Alasdair Fraseren grabazioak ere izan dira. Neuk egindako beste hainbat kantu bezala askatasunaren aldeko alegatua da, bai gizabanakoari dagokionez, bai zentzu kolektibo bati dagokionez”. Euren erara moldatu duten artisten artean honako hauek ere badaude: Etsaiak, Kelly Family, Kepa Junkera Pablo Milanesekin, Michael Ducau eta Caroline Phillips, Erramun Martikorena... Benito Lertxundik ere bere azken ekitaldietan kanta-zerrendan sartu du omenaldi gisa.
Grabatutako lehenengo edizioa “Bat Hiru” elepean agertu zen, 1974. urtean,  ordurako zuzenean askotan eskaini zuten arren.
Kantaren mezua ezin garbiagoa da: zerbait edo norbait benetan maite badugu ezin diogu askatasuna kendu, bestela ez litzateke izango gehiago maite genuena, hegalik gabeko txoria baizik.    
Zein ez da noizbait honelakoetan egon? Eguneroko ereduak ditugu. Bere garaian ELA sindikatuaren idazkari nagusi zenak, Jose Elorrietak, parekotasun hori erabili zuen EAJrekin izandako harreman-haustura  azaltzeko: “Xabier Arzalluzi ELA bere alderdiaren menpeko sindikatua izatea gustatuko litzaioke, baina nik, Laboarekin batera hau esango diot: hegoak ebaki banizkion, neria izango zen, ez zuen alde egingo, baina honela, ez zen gehiago txoria izango, eta nik txoria nuen maite…”
“Bestelako maitasuna diolako” mutil horrek neskalagunaren pauso guztiak kontrolatzen ditu haren bizitza ito arte. “Harentzat onena desiratzen duelako” ama horrek kate motzean lotzen du bere seme edo alaba, etxetik kanpoko harremanak zapuzteraino. Eta bai, bihotz-bihotzez maite gaituztelako Espainiako Gobernuak ez du inolako referendumik onartuko bere mugen barruan, horrelako “dibortzioak”ez omen daudelako onarturik. Kasu hauetan eta beste hainbatetan ez dut uste maitasun kontua denik. Txoriak maite dituzte hauek, bai, baina lapikoan patatekin egosteko edo.
Hala ere, badago poema honetan betidanik bitxia egin zaidan zerbait: bukaeran ez du “txoria maite dut” esaten “txoria nuen maite” baizik. Txoria askatu ostean maitasuna desagertu delako? Azkenik hegalak moztu dizkiolako? Libre uztea erabaki duelako? Agian errima kontua besterik ez da. Nolanahi ere, kutsu enigmatiko (eta malenkoniatsu) batekin geratzen naiz ni beti azken estrofa hori entzutean.
Txoria eta maitasuna, benetan harreman nekeza. Maiatzarekin batera txori-ehiztari alaitsuen jaiak ospatzen dira (ezkontza ere deitzen zaie) , eta aldez aurretik, hiltzaileen agurrak edo beste era batera esanda, ezkongaien agurrak datoz. Askatasunaren ikurra  den txoriari, maitasunaren izenean hegalak kentzen dizkiogu pozez, agian gero, denbora pasa ahala, horren falta sumatzeko. Bizitzea aukeratzea da eta txoriburua…txoriburu.  



2 iruzkin:

  1. Azken bertsioa, Berasartena, oraindik ez dut entzun. Interesgarria. Bai, nik ere milaka aldiz maitasun posesiboaz solasten duela pentsatu dut. Jakin behar da maitasunean barru maitea aske uztea. Ta ez da zaila, maitasuna egoista delako.

    ErantzunEzabatu
  2. Pentsatu nahi dut "ez da erreza" esan nahi duzula...

    ErantzunEzabatu